OZTOPO LASTERKETA

Asier Landart izan zen azkarrena, 195 pertsonek amaitutako lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Abilezia eta oreka probak egin zituzten, eta sekulako erresistentzia erakutsi zuten parte-hartzaileek, igandeko 'Denontzat Race' lasterketan.

Guztira 195 pertsonek amaitu zuten Denontzat Gimnasioak antolatutako lasterketa. Egoerak eskatzen dituen segurtasun neuri guztiak beteta egin zen lehiaketa, eta ikusle asko gerturatu ziren oztopoen zirkuitua korrikalariek nola gainditzen zuten gozatzera. Parte-hartzaile guztien artean, 149 gizonezkoek lortu zuten lasterketa amaitzea, eta 46 emakume iritsi ziren helmugara.

Lasterketan bi kategoria bereizi ziren: elitekoak eta herrikoiak. Azken hauek ez zituzten derrigorrez gainditu behar izan, lasterketan zehar zituzten oztopo guztiak; eta alderantziz, elite kategoriakoek nahitaez gainditu behar izan zituzten postu guztiak. Juniorretan, Marko Usabiaga izan zen garaile, Heren Goya bigarren eta Asier Gurrea hirugarren. Eta master taldean, Tiburon Malton izan zen azkarrena, Harkaitz Laveaga iritsi zen ondoren, eta Haritz Iguiñitz izan zen hirugarrena.

Asier Landartek irabazi zuen lasterketa. 1 zenbakia zeraman dortsalean, eta lehenengo postuan amaitu zuen Denontzat Race. 37 minutu eta 5 segundotan lortu zuen oztopo guztiak gainditzea. Landartek amaitu eta minutu batera Daniel Ares iritsi zen helmugara, eta 38 eta 25 minutuko marka lortu zuen. Podiuma Ekain Noguerak itxi zuen, Ares iritsi eta 11 segundotara.

 

Irati Beorlegi izan zen emakume azkarrena

47 minutu eta 3 segundotan egin zuen lasterketa Beorlegik, eta sa­ilkapen orokorrean 27garren postua lortu zuen. Andrea Azkune izan zen bigarrena emakumeetan,  50 minutu eta 13 segundoko markarekin. Eta hirugarren  neska Eneka Gorrotxategi, 58 minutu eta 12 segundorekin. Azkune 42garrena izan zen klasifikazio orokorrean, eta Gorrotxategi, berriz, 72garren postuan gelditu zen, Denontzat Race-n.

 

 

 

Erlazionatuak

Denontzat Race

Kronika - Erredakzioa 2020 urr 04 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!