Kromiki lehiaketa

Epaimahaikideak «gogotsu» daude, Kromiki lehiaketako lanak ezagutzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Ainara Azpiazuren ilustrazioa izango da, helduen kategoriako saria.

Ainara Azpiazu, Alai Zubimendi eta Ana Almandoz izango dira Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Kromiki Lehiaketako epaimahaikideak.

Zein da lehiaketaren helburua?

A.A.: Edozein herritar animatzea, lehiaketan parte hartzera.

A.Z.: Komikien afizioa bultzatzea.

A.Al.: Komikigintza sustatzea.

Zer izan behar du kromiki batek, deigarria izateko?

A.A.: Uste dut kasu honetan garrantzitsua dela kromikiak Hernanirekin lotura izatea. Eta gero, kolpea ematea; gatza eta piperra izatea, alegia.

A.Z.: Nire ustez bi atal ditu kromiki batek: marrazkia, eta kontatzen den istorioa. Azken honek umorea behar du; edo umorea ez bada, gogoeta egitera bultzatu behar du. Nik askotan komikiak bertsoekin konparatzen ditut, esaten dudanean azken puntuak puntx-a izan behar duela komikian. Bukaera ona izatea ezinbestekoa iruditzen zait.

A.Al.: Adierazgarritasuna da gehien baloratzen dudana. Hitz gutxitan eta hiru marrarekin azkar ulertzea, kromikilariak kontatu nahi duen hori.

 

Haurren kategoriako irabazleari egingo dio ilustrazioa Ana Almandozek
 

Zerk ematen dizu atentzioa, kromiki batean?

A.A.: Garbia izatea, erraz ulertzen dena. Gertatzen ari den hori erraz ulertzea da gakoa. Hitz gutxitan, emandako informazioa argi ikustea. Gertatu liteke ere, kromiki bat bere istorioagatik gustatzea, baina estetikoki gustuko ez izatea, edo aldrebes.

A.Z.: Lehenengo ikustaldian marrazkia erakargarria izatea. Berdin du koloretan edo txuri beltzean izan, baina marrazkia erreparatzen dut lehenik.

A.Al.: Esan dudan gisan, modu sinplean ulertzea autoreak kontatu nahi duen hori.

 

Komikilari bezala, zertan oinarritzen zara inspirazioa lortzeko?

A.A.: Niretzat interesa duten gaiak erabiltzen ditut egunerokotasunean, eta orokorrean gizartean gertatzen direnak. Gero konturatzen naiz ari bat jarraitzen dutela nire komikiek, baina gustuko dut hori. Hunkitzen nauten gauzetan ere oinarritzen naiz, eta niretzat agerian ez dagoena agerian jartzean... Anekdotak, edo ederrak iruditzen zaizkidan gauzak ere inspirazioa dira niretzat.

A.Z.: Kromikiak egiterakoan herriko gauzetan oinarritzen naiz,  erosketak egiten ari naizenean inguruari erreparatzen diot, paseatzen ari naizenean... izan ere, guk aldez aurretiko joera dugu, inguruari erreparatu eta gustuko dugun hori komikietan lantzeko.

A.Al.: Askotan jendeari galdetzen diot; lagunei, familiakoei... ideia bat botatzen diet eta beraien iritzia galdetzen diet, gaiaren inguruan.

 

Nondik hasten zara kromikia egiten?

A.A.: Ideiatik hasten naiz; herriarekin lotura duten gauzak edo gertaerak topatzen ditut... eta lanean hasten naiz. Gero, txistea edo kolpea sartzen du, eta batzuetan gogoeta ere izan daiteke.

A.Z.: Oinarrizko ideia edo gaia aukeratzen dudanean, umorea edo grazia hori nola eman pentsatzen dut. Nolabait, formulak daude istorioa aurkeztu eta bukaeran kolpe edo erremate hori emateko. Azken pausua da behin-betiko testua sartzea.

A.Al.: Txistea prestatzen dut lehenengo, eta gero sekuentzia zein izan daitekeen pentsatzen dut.

Elkarrizketa batek kromikiari laguntzen dio, ala traba da?

A.A.: Elkarrizketak ondo egina izan behar du; bokadiloak laguntzen du... Kromikian ondo kokatua egon behar du elkarrizketak eta bokadiloak. Izan ere, leku txikia dagoenez, ondo antolatu behar da guztia. Letra tipoak ere haundia izan behar du, denek ulertzeko modukoa.

A.Z.: Lagundu egiten du. Ni normalean elkarrizketan oinarritzen naiz, sortu dudan istorioa nahi dudan bukaera horretara bideratzeko. Kromiki batean pertsonaien arteko elkarrizketak oso lagungarriak direla iruditzen zait.

A.Al.: Grafikoki iruditzen zait laguntzen duela; elementu interesgarria da. Testuaren aldekoa naiz, baina neurtua izan behar du. Oso ariketa zaila iruditzen zait testurik gabe istorio bat kontatzea; miresgarria, baina oso konplikatua.

Zein da gai on bat, kromikian lantzeko?

A.A.: Parte-hartzaileei gertatutako zerbait, anekdota pertsonalen bat. Koronabirusa orain pil-pilean dagoen gaia da, eta ziur eskolan maskarillarekin gertaeraren bat edo beste izan dutela. Aitonarekin erosketak egitera joan eta berarekin gertatutako zerbait ere kontatu daiteke... edozer! Perretxiko biltzea, herrian egindako ekitaldiak, udazkena... asko dago kontatzeko.

A.Z.: Kasu honetan, hernaniarren artean ezaguna den gai bat, orokorra. Izan ere, niretzat ezaguna den gai baten inguruan sor dezaket kromikia, baina besteren bat agian ez du ulertuko zertaz ari naizen. Sagardotegi garaia, esaterako, gai on bat da kromikietan lantzeko.

A.Al.: Kasu honetan, lehiaketa honetarako herriarekin zerikusia duten kontuak adieraziko nituzke, egunerokotasuneko gaiak eta anekdota pertsonalak.

 

Kolorea ala txuri-beltza?

A.A.: Kolorea.

A.Z.: Nahiago izaten dut txuri-beltza. Egia da koloreak askotan lagundu egiten duela, akatsen bat edo ezkutatzeko edo... baina lana egiteko orduan txuri-beltzaren aldeko apustua egiten dut, normalean.

A.Al.: Txuri-beltza, errazagoa egiten zaidalako. Hala ere, koloreak ondo erabiltzen dituen  komikilarien lanak ikustea gozada bat da.

 

Kronikako kolaboratzaile zaren edo izan zaren heinean, kromikiak estilo librean lantzea gustuko duzu?

A.A.: Urte askotan izan nintzen Kronikako kolaboratzaile, eta egia da askotan gaiak errepikatu egiten zirela: sagardotegi garaia, txistulari banda, azokak... baina hori da momentu horretan herrian gertatzen ari dena eta beraz, kromikirako egokiena. 

A.Z.: Orokorrean ideia batzuk baditugu, noski. Baina Kronikako lagunei laguntza eskatzen diet, hilabete horretan herrian egingo diren ekintzen berri izateko. Izan ere, kromiki bat egiteko, nik aurkeztu ditzakedan gaiak herritarrek agian ez dituzte ulertuko.

A.Al.: Kronikakoek emandako gaiak lantzea gustatzen zait, baina atentzioa ematen didan hori kontatzea ere gustuko dut. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!