SAGASTIALDE 19

«Ez gara etxebizitza duin batean bizi, hala ere, hemen gelditu nahi dugu, kale gorrian geratzea baino hobea baita»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Egoera ezberdinak bizi dituzten hainbat hernaniar daude Sagastialde 19 eraikinean bizitzen, eta haietako hainbat, borrokan ari dira, «ez geratzeko kale gorrian».

Sagastialde 19 zenbakiko hainbat bizilagunei zuzkidura-bizitokiak egokitu zitzaizkien, eta behin bost urte igarota, utzi egin  beharko dituzte. Hala ere, oraindik esperantza daukate bertako lagunek, eta honakoa gaineratu dute, «estantzia luzatzeko eskaera egiten dugu, besterik ez». Bihar, elkarretaratzea antolatu dute Donostian, goizeko 11:00etan hasita, Andia kalean eta bertaratzeko deia luzatu dute.

Duela bost urte, Sagastialde 19 zenbakiko zuzkidura-bizitokiak egokitu zitzaizkien hainbat eta hainbat herritarrei. Hasieratik jakin zuten, bost urterako zela etxebizitza dotazionaletako estantzia, «baina egoera hobetzea espero genuen, legeak aldatu egingo zirela. Azkenean estantzia luzatzeko eskaera egiten dugu, besterik ez». Covid-19aren eraginez, eta honek sortutako osasun alarma dela eta, sei hilabeteko luzapena izan dute. Aipatu moduan, jakinaren gainean zeuden bizilagunak bost urteko kontratua zutela, baina azaldu dute «beharrarengatik sartu ginen eta kontratua berrituko zigutelakoan geunden. Baina  hasierako egoerak berdin jarraitzen du, batzuk oso egoera tamalgarrian jarraitzen dugu, eta beste batzuk okerrera egin dute. Bakoitzak bere istorioa du».

Hainbat etxeetako «egoera larria» denez, konponbideak eskatu nahian dabiltza, borrokan, eta ez dira gutxi, hala nola,  «2 jubilatu heldu daude, 70 eta 80 urtetik gorakoak, pentsio baxuekin, 7 familia monomarental daude, desgaitasuna duen jendea, soldata baxuak dituzten beste hainbat, genero biolentzia pairatu duten kasuak ere badaude, eta horiek guztiak borrokan gabiltza».   

Ildo beretik, bertako bizilagunek euren egoerak azaldu nahi izan dituzte, Gizarteari eta Etxebideri bizi duten errealitateaz jabetzeko. «Nik berdin jarraitzen dut, alokairu batera joateko, nire nominak mugatu egiten nau, izan ere, 950 euroko nomina bat daukat, eta alokairu batek 700 bat euro balio ditu, eta 14 urteko alaba bat daukat, beraz ez dago diru sarrera gehiagorik etxean. Bost urte igaro dira, eta etxetik botatzen banaute, kalean geratuko gara, alaba eta biok. Beraz eskatu nahi dugu, egoera bakoitza ikuskatzea, laguntzea eta kontratua berritzea».

Sagastialde 19ko beste bizilagun batek dio, «nire etxetik dena entzuten da, ondokoak zer dioen, bosgarren pisuko musika ere... ezinezkoa da lo egitea. Oso kalitate eskaseko eraikin batean bizi gara, eta 56 familia gaude. Arratoiak ere etxeetatik igarotzen dira. Nik ez daukat garbigailua, eta hemengo askok ere ez daukate, arropa garbitzera joaten gara eta beti lapurtzen digute zerbait. Eta egia esan hau da gure egunerokotasuna».

«Gu, gela bakar bateko etxean bizi gara, eta hiru pertsona gara familian. Nire semeak 12 urte ditu, intimitatea behar du eta ezin diogu behar duena eman. Gizarte-laguntzaileak, pisu aldaketa baten eskaera luzatu zion Etxebideri, nire semearengatik, eta atzera bota zuten eskaera hau».

«Komunera joateko, gelatik igaro behar da, nire kasuan alaba lo egonda, askotan esnatu dut, komunera joan naizelako, eta ez daukadalako beste modurik. Etxea, kalitate eskasekoa izanda ere, kanpoaldea ederra da, ondoan dauzka: parkea, atletismo pista, eta bizitza asko dago, alde positibo hori badauka eraikin honek, kokalekua, hain zuzen».

 

«Lorezaina ordaindu behar dut, jatekorik ez daukadanean»

Sagastialdeko eraikin honek, ondoan lorategia dauka, «lorategi komunitarioa» eta hau mantentzeko kuota bat ordaindu behar dute bertako bizilagunek. Jakinarazi dute, ez daukala ez hanka eta ez bururik, «lorezaina ordaindu behar dugu, jatekorik ez daukagunean. Hilabetero 60 euro ordaindu behar ditugu.  Hemen bizi garen familia guztiak, elikagai bankura goaz, ez daukagulako jateko haina. Lorategiaz gain, garajea ere badaukagu...».

«Ni beheko solairuan bizi naiz, 3 hilabeteko haur bat daukat. Nire etxera sartuta janari usaina dago, ez delako haizerik sartzen etxean, ezin ditut balkoiak ireki.  Arratoiak nonahi aurkitu daitezke, eta ez dira txikiak. Kexatzeko hainbat eta hainbat arrazoi daude, eta ez dut beste etxebizitza bat eskatzen, hemengo estantzia luzatzea baizik. Eraikina modu desegokian egonda ere, nik hemen iraun dezaket. Berdin dit arratoiak egotea, bizi kalitatea txarra izatea... kontratua luzatzea nahi dut. Kalean baino hobeto bizi baikara hemen».

 

Gutun beltza, iritsi da

Sagastialdeko bizilagun ia guztiei heldu zaie Etxebideko gutuna, bertan azaltzen da, bakoitzak noiz utzi behar duen etxea, eta «giltzak postontzian uzteko agindua ere aipatzen da. Gainera aipatu nahi dugu, etxebizitza hauek, egoera ahulean dauden taldeentzat direla, behar duten haientzat, eta ez duguna logikoa ikusten da bost urteko epea izatea». Beraz, konponbideak eskatu nahi dituzte, «etxebizitza duina, eta haien posibilitateen baitan sartzen dena».

 

Elkarretaratzea bihar, Donostian

Bihar, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Andia kalean, goizeko 11:00etan hasita, aipatu moduan, «etxebizitza duinak aldarrikatzeko eta bizilagunen posibilitateen baitan sartzen den etxebizitza baten alde egiteko». Elkarretaratzearen ondoren, prentsaurreko bat egingo da, eta kontratuen luzapena eskatzen duen gutuna entregatuko da Andia kaleko Euskal Gobernuaren eraikinean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!