'Berrituz, elkarrekin garatu' laguntza eta ikasketa saioetarako izena eman daiteke ostegunera arte

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 5a, 00:00

Hernaniko Udalak, elkar laguntza eta elkar ikasketa saioak antolatu ditu, Hernaniko merkatari eta ostalari guztientzat. 

Berrituz, elkarrekin garatu izenburupean, Hernaniko merkatari eta ostalarientzat, elkar laguntza eta elkar ikasketa saioak antolatu ditu Hernaniko Udalak urrian zehar. Bertan partehartzeko izena eman behar da eta ostegunean, urriaren 8an, amaituko da epea. Apuntatzeko bi modu daude,

merkataritza@hernani.eus helbide elektronikora idatzi, edo 943 33 70 28 telefonora deituta, goizez.


Saio hauek Aran Erasun coach eta trebatzaileak zuzenduko ditu, eta doakoak izango direla azaldu du Udalak.


Ikastaroak Iturola Elkarlan sorgunean emango dira «aforo mugatuarekin», euskeraz edo gazteleraz eta elebietan.  

Hiru saio antolatu dira;  urriaren 13an, 14an eta 20an
Lehenengo saioa urriaren 13an izango da, euskeraz, 14:15etatik 16:00etara eta merkatarientzat dago zuzendua.  Hurrengo egunean, urriaren 14an eta ordu berean, 14:15etatik-16:00etara, bigarren saioa eskainiko da merkatarientzat, baina hau gazteleraz izango da. 


Azkenik, ostalarientzat, elebietan antolatu da hirugarren ikastaroa, urriaren 20an, 16:00etatik 18:00etara.
 
«Garapenerako elkar bideak sortu»
Saio bakoitzean zer egingo den aurreratu du Udalak. Hernaniko merkataritzaren AMIA (aukerak, mehatxuak, indargune eta ahulguneak) azterketatik «hobekuntza eta garapenerako bideak elkarlanean sortuko dira». 


Berrikuntza ikuspegitik, ahalmen mapa hedatuko da. Irekiera faseko mugimenduari (barnekoa zein kanpokoa, emozionala zein jarduerari lotutakoa) «arreta jarri, elkar eutsi, eta  arintzeko bidea eskainiko da». Azkenik, erronka propioak besteen ekarpen eta begiradarekin kolektiboki, «aberastuko da». 


Saio hauek nola egingo diren ere azaldu du Udalak, «konfiantzazko testuinguru batean, denontzako espazioak sortuz. Pertsonaren ikuspegi integralean: burua, emozioa eta gorputza gara. Elkar zainduz nola gaude? galderari lekua egingo zaio eta eginez ikasiz: eduki teorikoak bai, baina praktikoki ezagutza hedatuz». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!