Chillida Lekuk, lehenengo aldiz, 'The Big Draw' nazioarteko marrazki-jaialdian partehartuko du

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 4a, 00:00

Chillidak 'Zuhaitz' izeneko eskulturak egin zituen

Urriko hilabete osoa iraungo du eta proposamena zuhaitza da. «Beste modu batera irudikatzea da erronka». Edozeinek partehartu dezake Instagram-en edo 'hezkuntza@museochillidaleku.com' helbidean.

Lehenengo aldiz, The Big Draw jaialdian parte hartuko du Chillida Lekuk. Nazioarteko jaialdi honek marrazkia du ardatz, eta urriko hilabete osoa iraungo du. The Big Drawk marrazkiaren eta marrazteko egintzaren garrantzia aldarrikatzen du; «gehienek haurtzaroan egiten duten jarduera da, baina adinean aurrera egin ahala alde batera uzten da. Marrazkia hizkuntza unibertsala da, inguruko mundua komunikatzeko, ikasteko eta interpretatzeko balio duena» diote museotik.


The Big Drawen parte hartu du lehenengo aldiz Chillida Lekuk, Erresuma Batuko Hauser & Wirth Somersetetik jasotako gonbidapenari erantzunez. Hauen proposamenak zuhaitza, ekosistemaren funtsezko osagaia eta bizitzaren metafora, du ardatz. Hainbat kulturatan, zuhaitza elementu sakratutzat hartu da eta inspirazio-iturri izan da artista askorentzat.


The Big Draw ekitaldian parte hartzera gonbidatu du Chillida Lekuk bere inguruko komunitatea. Nahi duenak parte har dezake jardueran, adin guztietako pertsonek, hezkuntzako profesionalek, bertako jendeak edo bisitan datozenek eta arteaz eta marrazkiaz gozatu nahi dutenek. Proposatutako erronka zuhaitza beste modu batera irudikatzea da, begirada berri bat sustatuz. Zuhaitz bat behatu eta formatu alternatiboan marraztu, normalean marraztu edo ikusten ez den moduan.

Marrazkiak #ChillidaLekubigDraw traolarekin partekatu daitezke Instagramen
Marrazkiak Instagramen partekatu ahal izango dira #ChillidaLekubigDraw traolarekin, edo hezkuntza@museochillidaleku.com helbidera marrazkiaren argazkia edo kopia eskaneatuta bidalita.

Eskolek eta familiek jaso dezakete gonbidapena Chillida Lekun bertan marrazteko
Chillida Lekuk The Big Draw-en parte hartu nahi duten familiak gonbidatu ditu, urrian zehar, museoa bisitatu eta bertako zuhaitzak marraztera. Familiek doan parte har dezakete jardueran, eta gonbidapenak museoaren web orrian daude eskuragai (www.museochillidaleku.com). Jarduera hau ikastetxeei ere zuzenduta dago. Ikastetxeek helbide elektroniko honetan eska dezakete parte hartzeko aukera: education@museochillidaleku.com.

'The Big Draw', munduko jaialdirik haundiena da eta 400 mila pertsonek partehartzen dute urtero
The Big Draw marrazkiaren munduko jaialdirik haundiena da. Urtero, hainbat adin eta jatorri desberdinetako pertsonak museo, galeria, artista, diseinatzaile edo ilustratzaileekin lotzen dituzten milaka jarduera biltzen ditu. Zazpi kontinenteetan banatutako 1.000 erakunde baino gehiago biltzen ditu urtero The Big Drawk, eta 400.000 pertsona inguruk parte hartzen dute.


2020ko lema The Big Green Draw: A Climate of Change-Marrazki berde haundia: klima-aldaketa da. Aurten, jaialdiak ingurumenarekin eta bizi garen ekosistemekin eta naturarekin dugun harremanean jarriko du arreta. Naturarekin harmonian bizi garen edo ez pentsatzera gonbidatzen gaitu, eta gaur egungo klima-larrialdiaz kontzientziatzera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!