Hernaniko ondarea ezagutzeko, San Joan Batailatzaile parroki elizara bisita gidatua, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Parrokiko abesbatzaren emanaldia San Joan egunean, 1999. urtean. Argazkia: Ondarea.Hernani.eus

Ondarea Hernanik antolatutako bigarren ekintza egingo da gaur, San Joan Batailatzaile elizara bisita gidatua, hain zuzen. Eguerdiko 12:00etan plazan ekingo zaio bisitari, eta gaztelaniaz izango da.

Hasi dira jadanik Ondarearen inguruko Europako Jardunaldiak, gure herrialdean gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak koordinatzen du. Edizio honetan, 70 antolatzailek baino gehiagok hartu dute parte, eta haien artean Hernani izango da parte hartzaileetako bat «lehen aldia izanik».

Hori horrela, irailaren 24an, Ondarea Hernani webguneari buruzko aurkezpen hitzaldia antolatu zen, lehen ekimen gisa, eta gaur bigarrena eskainiko da.

San Joan Batailatzailea parroki elizan bisita gidatua antolatu da, eguerdiko 12:00etan hasita Hernaniko plazan. Gaurko ekimenean parte hartzeko aurrez izena eman behar zen.

Ondar Hernani ekimenean, ehun bat jarduera eta 150 ekitaldi inguru programatu dira, lurraldean zehar, hain zuzen 38 udalerrietan. Hernaniren kasuan, jardunaldi hauen berri emateko egin diren liburuxkak, Biterin daude eskuragai, turismo bulegoan ere aurkitu daitezke, eta udal artxiboan ere, noski. Baita gipuzkoa.eus webgunean ere.

 

Urriaren 17an, alde zaharrera, bisita

Hilaren 17an, alde zaharrera egingo da «bisita komentatua». Biteri kultur etxera gerturatu behar da egunean bertan. Goizeko 10:00etan euskarazko bisita nahi bada, eta 12:00etan berriz, gaztelaniazkoa.

Ekimen honen bidez lortu nahi diren helburuekin bat eginez, programa honek, Hernaniko Ondarea ikustarazteko aukera ematen du, izan ere, «duela urte batzuk antolatzen ari garen egitasmoei zabalkunde haundiagoa emateko aukera ematen digu: Hernaniko Ondarea, materiala edota materiagabea, berreskuratu, kontserbatu eta ezagutzera ematea, herritarrei eta bisitariei».

Gogoratu, urriaren 17ko ekintzan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar dela,  Turismo sailera bertaratuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!