HILERRIA

Hildakoen errautsak gordetzeko kolunbarioak bukatu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Errautsak gordetzeko kolunbarioak, Hernaniko udal hilerrian

108 kolunbario daude, eta emakida-epea 10 urtekoa da. «Eskaera egiten baldin bada eta tasa ordaintzen bada», 5 urtez luzatzeko aukera dago.

Udala antolatu da errautsak gordetzeko kolunbarioak egiteaz, eta aste honetan bukatu dituzte lanak. Arrazoi zehatz batengatik erabaki zuten kolunbarioak egitea; izan ere, Udalaren esanetan, «hildako senitartekoak errausteko ohitura gero eta zabalagoa da gure artean. Orain arte nitxoetan, etxeetan edota elizetan gorde ohi dira errautsak». Eta horregatik egin dituzte udal hilerran kolunbarioak, hain zuzen. «Behar horri erantzun bat eman nahian egin dira kolunbarioak». 

108 kolunbario daude
Lanak amaitu berri dira eta, guztira, 108 kolunbario daude orain udal hilerrian. «Obra horren kostua 47.035,12 eurokoa izan da, BEZ barne», helarazi du Udalak. Kolunbario bakoitzean bi pertsonen errautsak sar daitezke; eta era berean, kolunbario bakoitzean hildakoaren izena eta argazkia jartzeko aukera dago. 
Asmoa da kolunbario guztiek formatu bera izatea. Horregatik Udaletik kudeatzen da prozesu hau. Udalak jakitera eman duenez, egun hainbat familiak Hernaniko udal hLerriko nitxoetan dituzte gordeta errautsak. Hori horrela, aukera dute, nahi izanez gero, aldaketa egiteko. «Eskatuz gero, kolunbario batera pasa daitezke», azaldu dute.

10 urteko emakida-epea
Egin berri dituzten 180 kolunbarioen gaineko emakida 10 urtekoa da. Hala ere, aukera egongo da epe hori beste 5 urtez luzatzeko. «Eskaera egiten baldin bada eta ordaindu beharreko tasa ordaintzen bada, epea luzatu ahal izango da». Ondoren, emakida bukatzen denean, hezurtegi orokorrera eramango dira eta «haiekin eskatzen dena egingo da». 
Azkenik, Udalak jakitera eman du kolunbarioetako emakida- epeak, luzapenak barne, hilerrian libre dagoen lekua kontuan hartuta emango direla.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!