Mirentxin Gidariak

«Mirentxin ez balego, bisita asko galduko genituzke espetxeetara, gure senideengana»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Errepidean ordu asko egiten dituzte Elias Minerrek, Izaskun Santa Kruzek eta Pablo Arruartek, senideak bisitatzeko.

Uztailean hasi zituen Mirentxinek berriro, espetxeetara bidaiak, lau hilabetez bisitarik gabe egon ondoren. «Mirentxinen beharra izaten jarraitzen dugu, tamalez», nabarmendu dute Izaskun Santa Kruzek, Pablo Arruartek eta Elias Minerrek, Hernaniko bi presoren senideek.

Espetxeetara bisitak ere jarri zituen airean, Koronabirusaren pandemiak, aurreneko hilabeteetan bereziki. Horren ondorioz, etenda egon zen Mirentxin Gidariak zerbitzua, euskal presoen senide eta lagunak espetxeetara eramaten dituena, lau hilabetez. Uztailean ekin zioten berriro, eta espetxe batzuetan eta besteetan hartutako neurriak gorabehera, ari dira bisitak berreskuratzen.

Zerbitzu hori ezinbestekoa dutela nabarmendu dute, Hernaniko bi presoren senideek: azken hilabetean, Almeriatik Soriara mugitu duten Gari Arruarteren gurasoak dira Izaskun Santa Kruz eta Pablo Arruarte; eta Granadan 18 urte daramazkien Imanol Minerren anaia da Elias Miner. Mirentxinek zein neurritan laguntzen dien azaldu, eta egungo egoera espetxeetan eragiten dituen zailtasun eta berezitasunak azaldu dituzte. 

Badira ia bi hamarkada, Mirentxin martxan jarri zela. Nola izan zen hasiera?

Ikusita behar hori bazegoela, hasi ziren espetxe batera edo bitara bidaiak antolatzen, eta joan da zabaltzen, dauden preso kopuruaren eta kartzelen arabera. Garai hartan, 700 euskal preso ziren; gaur egunean 250 inguru daude. Egoera aldatu da, espetxe bakoitzean jende gutxiago dagoelako, baina errealitatea da, gehienak oraindik Madriletik behera daudela kartzeletan. Beraz, Mirentxinen beharra izaten jarraitzen dugu oraindik ere, tamalez.

«Bi bider eman behar dizkiegu eskerrak gidariei: gu borondatez eramaten gaituztelako, eta bidaia horien kostua gutxitzeko dirua biltzeaz ere beraiek arduratzen direlako»

Hasieratik erabili zenuten zerbitzua zuek?

Bai, betidanik. Bestela, ostirala jai hartu behar duzu, bidaia sekulako jipoia da, gaua han pasa, bisita egin, eta bueltako bidaia berdin. Mirentxinekin, lasai goaz. Gauez egiten dugu bidaia, furgonetaren atzeko aldean lo; eguna han pasatzen dugu, bisita egiteko; eta hurrengo gauean bueltatzen gara, berdin. Gainera, segurtasuna ere ematen du. Bi gidari joaten dira, eta bat nekatzen denean, txandatu egiten dira. Beste preso batzuen familiekin harremana egiteko aukera ere ematen digu, bidaiak konpartitu egiten baititugu espetxeetara. Terapia modura ere balio du...

Mirentxin ez balego, ezingo genituzke hainbeste bisita egin, seguruenik. Senideak eta lagunak beti joango dira espetxera bisitan, edozein tokitan dagoela ere. Baina ez balitz horrelako zerbitzu bat egongo, zailtasunak izango genituzke, eta bisita asko galduko genituzke. Mirentxinek ematen digu erraztasuna, segurtasuna eta gure senideak bisitatzeko garantia bat. 

Gariri Almeriara larunbatero bisita egitea, adibidez, urtean 100.000 kilometrotik gora ziren. Eta presoak ere, lasaiago daude gu Mirentxinen goazenean.

Eta noski, gastu ekonomikoaren kontua ere hor dago. Jende askok ezingo lioke horri aurre egin. Zure kabuz joanda, 200 euro dira astebururo. Alde horretatik, Mirentxinen laguntza oso haundia da.

«Mirentxinek ematen digu erraztasuna, segurtasun, eta gure senideak bisitatzeko garantia bat. Bestela, ezingo genituzke hainbeste bisita egin espetxeetara, seguruenik»


Nola finantzatzen da Mirentxin?

Herriaren borondateak ematen duenaren arabera. Batetik, finantzatzen da herritarrek ematen dutenarekin; eta bestetik, gidariek ematen diguten borondatezko laguntzarekin, ordaindu ezin daitekeena. Borondate guztia jartzen dute, ez dute kobratzen; eta gainera, beraiek egiten dute diru bilketa, senideok bidaia horiek egin ahal izateko. Beraz, bi bider eman behar dizkiegu eskerrak: beti eta borondate guztiarekin eramaten gaituztelako, eta bidaia horien kostua gutxitzeko dirua biltzeaz arduratzen direlako.

Eta ez dira bakarrik bidaiak. Furgoneta berriak erosi behar dira lau urtetik behin edo, eta mantenua ere ordaindu behar da. Eta hori guztia ez du inork diruz laguntzen, herriaren borondatearekin ordaintzen da.

Zenbat erabiltzaile ditu?

750 senide eta lagun inguru gara, zerbitzua erabiltzen dugunak. Eta hilean, 300 bat pertsonak egiten ditugu bisitak; astebururo 50 pertsona inguruk. Hernanin bertan, bagara batzuk, asteburu bakoitzean 5-10 herritar bitartean.
Garrantzitsua da gure artean ere animatzea Mirentxin erabiltzera, horrela elkar laguntzen dugulako. Gertatu daiteke bi bikote adibidez beraien kotxean joatea espetxe berera bisitan, eta hirugarren batek Mirentxinekin joan nahi izatea eta furgoneta ez osatzea. Bisita gabe geratzen zara, eta kotxean joan behar duzu. Hobea da Mirentxinen galdetzea hara joateko furgonetaren bat baden, eta elkarrekin joatea. Elkarri egiten diogu mesede. Horregatik, saiatzen gara gainerako senide eta lagunei ere helarazten, horren garrantzia. Azkarrago iristeko hartzen duzu kotxea, baina gertatu daiteke beste batzuk etxean geratu behar izatea, horregatik.

Baina norberari ere mesede egiten dio Mirentxinekin joateak. Deskantsatuta iristen zara, senidea edo laguna ikustera. Gidatzen baldin bazoaz, bisita ez da berdina. Ez daukazu umore bera, nekatuta zaudelako. Eta horri bi bidaiak gehituta, txikituta bukatzen duzu.

Zein da gidarien perfila?

Denetik dago. Badaude gidari profesionalak direnak edo izandakoak, taxistak, autobus gidariak, garraiolariak, banatzaileak... Baina baita bestelakoak ere. Emakumezkoak zein gizonezkoak daude. Batzuk bikoteak dira, edo aita-alabak, anai-arrebak... Eta elkarrekin egiten dituzte bidaia horiek. Gainera, ez dago adin jakin bat. 25 urtetik hasi, hori delako minimoa, gidari bezala esperientzia pixka bat izateko, eta 60 urtera arte. Gure segurtasunagatik, Mirentxinek baldintza batzuk jartzen ditu: abiadura mugak, adinaren kontua, deskantsatuta egotea bidaia horietarako...

«Gidariek badakite noiz ateratzen diren, baina ez noiz bueltatu. Asteburu osoa konprometitzen dute, guri laguntzeagatik. Asko baloratzen dugu hori, eta beti egongo gara eskertuta»

Nola antolatzen dira bidaia horiek?

Etxerat arduratzen da lan horretaz. Senideek eta lagunek deitzen dugu, esateko zein espetxetara joan nahi dugun, zein egunetan eta zenbat pertsona. Eskaera egiten dugu, nolabait esateko. Lau pertsona behar dira gutxienez, furgoneta bat ateratzeko. Eta jasotako eskaeren arabera, antolatzen dituzte furgonetak, denbora tarte batekin, eta gidariei abixatzen diete. Hilabete bakoitzean, antolatuta daude gidarien txandak, bidaia bakoitzeko bi; eta baita beste bi ordezko ere, batenbatek ezin badu.

Eta bidaia bera, nolakoa izaten da?

Espetxearen araberakoa da, noiz abiatu; bakoitzak bere ordutegiak eta arauak dauzkalako. Almeriara joateko, adibidez, ostiral arratsaldean abiatzen da furgoneta. Lehen, vis a visak (presoekin bakarkako bisitak) ziren goizeko 09:30etan, eta bisitak eguerdiko 12:00etan. Eta 13:00etan bueltan abiatzen zen furgoneta. Baina koronabirusaren kontuarekin, hasi ziren moduloka egiten: hasten dira 09:00etan, eta bukatu 19:00etan. Zain egon behar duzu, zure txanda tokatu arte. Gidariak hotelera joaten dira deskantsatzera, eta gu ibiltzen gara furgonetarekin, espetxera joaten eta bueltatzen, bisitari bakoitzak txanda noiz daukan arabera. Espetxeak jartzen du ordutegia, ez guk. Beraz, izaten dira 12 ordu joanekoan bidean, 12 ordu han, eta beste 12 ordu bueltan. Ostiralean atera, eta igande goizean bueltatu, eta gidariek bi gauak ematen dituzte gidatzen.

Granadan, berriz, goizetan egiten zituzten mutilen bisitak, eta arratsaldetan neskenak. Horrek suposatzen zuen, aurreneko bisita izatea goizeko 09:00etan eta azkenekoa arratsaldeko 18:00etan. Beraz, ostiral arratsaldean ateratzen zara hemendik, eta larunbatean iluntzera arte ezin duzu bueltan abiatu.

Espetxeetan, ahal duten heinean, saiatzen dira furgonetan goazenen bisitak goizean jartzen. Baina espetxe bakoitzak bere sistema propioa dauka, bere araudia jartzen dute. Eta batzuek ez dituzte gradu ezberdinetan daudenak nahastu nahi, edo beste arrazoiren bat ematen dute. Uste dugu aitzakiak direla, guri bisitak ez errazteko. Erraztu beharrean, zaildu egiten dizkigute askotan.

Eta noski, gidariek ezin dute planik egin asteburu horretarako. Badakite noiz abiatzen diren hemendik, baina ez noiz bueltatuko diren. Gainera, beraiek gu baino lehenago hasten dira ostiralean, furgoneta hartu behar dutelako eta gure bila etorri; eta igandean bueltatzean berdin, gu uzten gaituztenean ez dute bukatu lana. Borondatezko lan hori, oso borondate haundikoa da. Asteburu osoa konprometitu eta galtzen dute, guri laguntzeagatik eta elkartasuna erakusteagatik. Guk asko baloratzen dugu hori, eta beti egongo gara eskertuta.

«Espetxe bakoitzak arbitrarioki hartu ditu neurriak, pandemiaren aurrean. Batzuetan, positiborik gabe, 'vis a vis'ak ezabatu dituzte, eta bisitariak mugatu»

Zer gehiago aldatu da pandemiaren eraginez?

Vis a vis asko galdu ditugu, eta bisitak kristalaren bestaldekoak dira. Eta horrek Mirentxinen ere eragin du. Furgonetak ez dira jaitsi hilabete batzuetan, bisita gutxiago zeudelako, eta jende gutxiago. Uztaila aldera jarri zen martxan berriro, baina martxotik uztailera ez zen bidairik egon. Ordutik joan dira pixkanaka bidaiak gehitzen, baina oraindik ez daude espetxe guztietara bisitak berreskuratuta. Mirentxin beti dago prest bidaiak egiteko, baina bisitarik ez badago...

Gainera, espetxeek arbitrarioki hartu dituzte neurriak. Granadan, adibidez, ez da Koronabirus kasurik izan, baina erabaki zuten vis a visak ez zirela egingo. Baina era berean, kanpotik sartzen dira irakasleak klaseak ematera. Bisitari kopurua ere, espetxe bakoitzak erabakitzen du. Espetxe batzuetan, ari dira egiten bisitak eta vis a visak, eta lau pertsona onartuta; eta beste batzuetan, aldiz, bisitak bakarrik eta bi pertsona gehienez. Vis a visak eginda, gainera, presoek 10 egunez egon behar dute konfinatuta. Ordubete daukate patiora ateratzeko, dutxatzeko eta abar. Isolamendu erregimenean jartzen dituzte, zigor bat bezala, eta ez luke horrela izan behar. Funtzionario batekin borrokatzearen pare jartzen dute vis a visa egitea.

Espetxeen barruan, nolakoa da oraingo egoera?

Uste dugu, euskal preso politikoak izan direla kontzienteenak, Koronabirusaren aurrean. Denek janzten dute maskarilla, eta neurri higieniko guztiak betetzen saiatzen dira. Baina beste presoek, ez diote garrantzirik ematen eta ez dituzte neurriak errespetatzen. Gainera, espetxeak ez dizkie maskarillak ematen, ezta gelak ere. Preso batzuk kanpotarrak dira, eta ez daukate bisitarik, ez paketerik eta ez dirurik maskarillak eskuratzeko.

Gure senideek daukaten beldurra, kutsatzea baino, horren ondorioak dira: espetxea itxiko dutela. Horrek ekarriko luke, bisitarik ez izatea. Beraientzako bitamina da asteburuetako bisita hori, eta ez dute galdu nahi.

Espetxeetako funtzionarioak ari dira eskatzen segurtasun neurriak, bere burua babesteko. Eta maskarillarik edo gel hidroalkoholikorik ez badaukate, egiten dutena da moduloa itxi; baldintza horietan ez dutela lanik egingo. Horrekin ados, baina horren ondorio zuzena da preso guztiak isolatuta geratzea, eta bisitarik ez izatea. Ondo dago beraien segurtasuna defendatzea, baina horretarako ez dituzte gure bisitak izorratu behar. 

 

Mirentxin izeneko emakume baten gogoetatik sortua, gidari boluntarioen sarea: «zenbat egongo ote dira nire egoera berean?»

Duela 17 urte sortu zen Mirentxin Gidariak, hausnarketa batetik. Lagun talde bat antolatu zen, Mirentxin izeneko emakumeak senide presoa bisitatu ahal izateko. Eta laguntza hori, beste askok ere eskertuko zutela pentsatu zuen berak.

Espetxera bidean egindako gogoeta bat izan zen, orain dela 17 urte, gaur egun Mirentxin Gidariak denaren iturburua. Garai hartan, lagun talde bat antolatu zen, modu boluntarioan, asteburuetan Mirentxin izeneko emakume hura espetxera eramateko, preso zegoen senidea bisitatzera. Bidai haietako batean egin zuen gogoeta, Mirentxinek: «zenbat pertsona egongo ote dira nire egoera berean? Zenbatek eskertuko lukete nik jasotzen dudan laguntza?».
Furgonetan berarekin zijoazen haiekin konpartitu zuen gogoeta hura, eta horixe izan zen, gaur egun oraindik ere martxan den Mirentxin Gidariak ekimenaren hazia.

«Lan haundia eginez, pixkanaka, hainbat herritara zabaldu zen ideia hura, eta gaur egun 12 furgoneta daude, herri desberdinetan», azaldu dute Mirentxinen arduradunek.

«Astero abiatzen dira 12 furgoneta, milaka kilometro egitera. Pandemiaren aurretik egoera zaila bazen, are zailagoa da orain. Senide gutxiagorekin bidaiatu beharra, bidaiak prestatzerakoan zailtasunak, ziurgabetasuna...», diote.

Diru ekarpenen beharra, aurrera egiteko

Gidari boluntarioen «talde erraldoi» horren parte da Hernaniko Mirentxin, eta herriko eta inguruko gidariek osatzen dute: «Mirentxinek ez dauka etorkizunik gidari gabe; baina haiez gain, urteko diru kopuru minimo bat ere beharrezkoa du. Furgonetek, hiru-lau urteren buruan, 400.000 kilometro inguru egiten dituzte, eta epe hori pasata, furgoneta berriak erosi behar izaten dira. 28.000 euro dira hori, eta konponketa, errebisio eta abarren gastuak gehitu behar zaizkie», nabarmendu dute.

Horiei aurre egiteko, bide ezberdinak baliatu ditu Hernaniko Mirentxinek, urte guzti hauetan; «baina azken hilabeteotan bizi dugun pandemiak asko zaildu dizkigu gauzak, eta diru beharrean gaude gaur egun», ohartarazi dute.

Horregatik diote, herritarren diru ekarpenak behar dituztela, eta bi bide jarri dituzte aukeran, laguntza hori eman ahal izateko: ES82 3008 0170 1137 2069 6917 kontu korrontean ingresoa egin; edo Bizum bidez egin transferentzia, 722 148 753 telefono zenbakira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!