Versallesen dago ikusgai Victor Goikoetxearen erretratu bat, Maria Arrozpide irudikatzen duena

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Victor Goikoetxea, Xabier Barrutietarekin, MiramArt obra atzean dutela.

Ondarearen Jardunaldietara gonbidatu dute artista hernaniarra, eta Richaud Aretoan dago ikusgai bere lana, 'Maria Jabea'. Maria Arrozpide herrikidea irudikatu du Goikoetxeak, erretratu horretan.

Munduko makina bat txokotara iritsi dira artista hernaniarren lanak, eta une honetan, Versallesen ere badute horien berri. Izan ere, bertan da Victor Goikoetxea, Ondarearen Jardunaldietara gonbidatu baitzuten, Urban Art nazioarteko konbentzioaren baitan. Mundu mailako artista onenen artean, Maria Jabea izeneko erretratua jarri du ikusgai artista hernaniarrak, Richaud Aretoan.

Hain justu, Maria Arrozpide hernaniarra irudikatu du Goikoetxeak, erretratu horretan.

MiramArt obraren egoerarekin kezkatuta, Goikoetxea

Bere beste artelan baten inguruan adierazi du kezka, egun hauetan, Victor Goikoetxeak berak. Izan ere, MiramArt izeneko lana, Donostiako Ondarretaren ondoko tunelean dagoena, kalte haundiak jasotzen ari dela nabarmendu du hernaniarrak.

Goikoetxeak dio, kresalak eta bandaloek eragin dituztela kalte horiek, eta Donostiako Udalari eskatu dio, lehenbailehen garbitu eta konpondu dezala: «ez badute zerbait egiten berehala, kalteek ez dute konponbiderik izango», adierazi du.

Goikoetxeak adierazi du, besteak beste, artelana osatzen duten panelak hautsez eta zikinkeriaz beteta daudela, eta hormetatik askatzen hasita daudela; eta gogorarazi du, Donostiako Udalak konpromisoa hartu zuela, obra garbi eta egoera onean mantentzeko.

Hernaniarraren ustez, nahikoa izango litzateke garbiketa arrunta egitea, produktu neutroren batekin; eta kresala kentzea, pintura jaten duelako. Lan hori egiteko, bere burua eskaini dio Goikoetxeak, Udalari.

Donostiari 2016ko Kultura Hiriburutza aitortu ziotenean egin zuen MiramArt, Victor Goikoetxeak. Ondarretako hondartzaren ondoan, Miramar tunel peatonalean, tunel osoa hartu zuen artelana egin zuen, itsas azpiko tunel baten itxura emanez. Uztailaren 14an inauguratu zuten obra, baina bi edo hiru urte lehenago hasi zen ideia horrekin lanean. Aurrena, Donostiako lau sarreretan gauzatzeko proiektu bat aurkeztu zuen berak, baina ez zioten onartu. Eta ondoren, Xabier Barrutieta arkitektoarekin elkarlanean, Miramarreko tunelari zegokion proiektua prestatu zuen.

Tunelak esperientzia sentsoriala eskaintzen zuen, diziplina asko nahastuta. Horrela, tunelaren sarreran informazio totem bat zegoen, bisitariei aukera ematen ziena informazioa jaso eta iritzia emateko; eta era berean, sentsore batzuek, kontatzen zuten zenbat jende ari zen tuneletik pasatzen, eta totemaren pareko baldosek, zapaltzean, energia sortzen zuten. Hortaz, pasatzen zen jendearen araberakoa zen argitasuna, esperientzia berezi hori sortzeko.

Baina totem hori ere desagertu zen, zenbait bandaloren erasoak tarteko; eta sentsoreek ere ez dute funtzionatzen, dagoeneko. «Herriari oparitutako ondare» horrekin pozik geratu zen Goikoetxea, baina zainketa eta garbitasun faltak kezkatzen du orain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!