Gotzon Huegun

«Nire barruko gogoak piztutako lanak dira hauek, oso oso aske egiten ditudanak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Gotzon Huegun artista hernaniarra, erakusketako lanetako baten ondoan. Egurrean egindako muralak dira lan guztiak.

'Zura' erakusketa dauka jarrita Gotzon Huegun artistak, urriaren 16ra arte. Naturan aurkitutako «irudi ederrak» eraman ditu egurrera, hamaika mural osatzeko. Astean zehar bisitatu daiteke erakusketa arratsaldez, eta baita gaur goizean ere, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Erakusketa aretoetatik aldenduta ibili da Gotzon Huegun artista hernaniarra, azkenaldian. Eta «kasualitatez» suertatu zaio aukera, Biterin Zura izeneko erakusketa jartzeko. Bertan dago ikusgai, urriaren 16ra arte, egurrean egindako hamaika mural. Astean zehar, arratsaldero bisitatu daiteke, 18:00ak eta 21:00ak bitartean. Eta gaur eta datorren larunbatean, goizez ere egongo da zabalik aretoa, 10:00etatik 13:00etara.

Naturan aurkitutako «irudi ederrak» hartu ditu eredu, mural horiek egiteko, «dena irudi batetik hasten baita». Hurrengo lanen tematika ere aurreratu du: mikroskopio elektronikoekin egindako irudiak, neuronen konexioak erakusten dituztenak, besteak beste. «Horiekin txoratuta nago», onartu du.

Nolako erakusketa da, Biterin ikusgai daukazuna?

Hamaika piezaz osatutako erakusketa da, denak egurrean egindakoak. Horregatik jarri diot Zura izenburua erakusketari. Azkeneko urteko lanak dira, enkargu eta enkargu artean egindakoak. Denbora daukadanean, nire barruko gogoak piztuta egindako lanak dira, barrutik ateratzen zaizkidanak. Horrelako piezak hasten ditudanean, ez dakit zenbat ordu pasako ditudan; nahi dudan bezala ikusi arte, ez dut uzten. Ez daukat epemugarik eta aurrekonturik, eta beraz, oso oso aske egiten ditudan lanak dira. Niretzako egiten ditudanak, nolabait esateko. Egia da besteengan ere pentsatzen dudala, erakusgai eta salgai egongo direlako lan horiek ere. Baina niretzako ederra ikusi behar dut, lantegitik ateratzeko.

«Horrelako lanak sortzeko prozesua oso xinplea da, ez pentsa. Gehienetan, izaten da irudi bat ikusi dudala. Irudi bat ederra denean, begietan ematen dit zuzenen. Izan daitezke bi paper zimurtuta, adibidez; baina mural batean imajinatzen dut nik, egurrean»

Zer erakusten dute, hamaika lan hauek?

Basoan ikusten ditudan irudietan oinarritu naiz lan hauek egiteko: likenak, enbor zartatuak... Naturako irudiak dira, baita itsasoa ere. Tematika berekoak dira lanak, dena egurrean eginda dago, tailatuta, marraztuta... Ez daude egur berdinean eginda. Batzuk haritzak dira, besteak gaztainondoak, intxaurrondoak, platanondoren bat ere badago...

Baditu xehetasun berezi batzuk erakusketak. Zein dira?

Batetik, ez diet izenburua ikusgai jarri nahi izan lanei, nahiz eta bakoitzak baduen berea. Ez nuen jendea bideratu nahi. Izenburua jartzen badiot, jendea hori antzematera bideratzen dut, izenburuak dioen hori ikusi nahi izatera. Eta ez badute ikusten, pentsatzen dute ez dakitela lanak ulertzen. Horregatik, nahiago dut norberak ikustea, eta burura etortzen zaion hori da egokiena, eta ez nik esaten diodana ikusi behar duela.

Eta bestetik, argiteria aipatu nahi nuke. Iluminatzaile bat izan dut hemen, Raul Mihai; eta ordu asko eman zituen, giro egokia sortzeko eta lan bakoitzari behar zuen argitasun puntua emateko. Eta alde horretatik, zoriondu gaituzte Biteriko langileek eta kulturako arduradunek. Gauza ederra egin du Raulek, argiekin.

Badago lanen bat, nabarmenduko zenukeena?

Niretzako, guztiek dute balio bera, nire barruko gogoetatik atera direlako, nahiz eta batzuekin besteekin baino gusturago geratu. Egia da, ikusleei pieza bat ari zaiela gustatzen gehien, erakusketa aretoan sartuta aurrez aurre dagoena. Baina nik ez daukat bat bereziki kuttuna. Bakoitzak bere historia dauka atzetik. Bada bat, esaterako, itxuraz xinplea dirudiena, baina izugarrizko estimua diot, testura horrekin egin nuen aurrenekoa izan zelako.

Erakusketara datorrena, pozik ateratzen da?

Egia esan, bai. Askok zoriondu egiten naute, gustura geratzen dira ikusitakoarekin. Jende asko ez da etorri, baina datorrenak erakutsi dit gustatu zaiola. Nik badakit lan hauek bere prezioa dutela, eta ez dagoela herritar gehienen eskura horiek erostea. Baina erakusketan ez dut hori bilatzen. Nahi dudana da jendea etortzea eta ikustea, hori doakoa da. Ea gehiago animatzen diren etortzera, datozen bi asteotan.

Bi bisitari, erakusketako lanetako bat ikusten. Hori da ikusleei gehien gustatzen ari zaien murala, Gotzon Huegunek dioenez.


Nolakoa da horrelako lanak sortzeko prozesua?

Oso xinplea da, ez pentsa. Gehienetan izaten da, irudi bat ikusi dudala. Irudi bat ederra denean, begietan ematen dit zuzenean. Ez du zertan izan basoko irudi bat, izan daitezke bi paper zimurtuta. Baina mural batean imajinatzen dut nik, egurrean. Eta hasten naiz pentsatzen eta lantzen, diseinu bat edo konfigurazio bat. Orduan bai, sormen edo pentsamendu prozesu bat abiatzen da. Baina irudi batetik hasten da beti, mural hauen kasuan. Eskulturetan, bai gertatu izan zaidala, testuren bat irakurtzen aritu, gai baten inguruan, eta liburua garatzen ari den ideiaren inguruan bururatzea zer egin dezakedan.

Ezustean etorri zaizu erakusketa hau jartzeko aukera...

Hala izan da, bai. Hutsune bat geratu zen Biteriko aretoan, garai honetarako, eta proposatu zidaten erakusketa hau jartzea. Egia da, pendiente daukagula Kale Arte Sorkuntzaren bekarekin egin dudan murala jartzea, eta horren bueltan planteatu nuela erakusketa bat jartzea ere. Muralarena atzeratu egin da azkenean, pandemia dela eta, baina erakusketa jartzeko aukera suertatu da.

Kale Arte Sorkuntzarako bekaren murala prest daukazu, beraz. Nolakoa da?

Bai, aspaldi bukatu nuen, eta jartzea bakarrik falta da. Harrizko zortzi losa haundi dira, marmol beltzekoa; eta tailatuta dago enbor zartatu bat, erakusketan dagoen baten antzekoa. Haritz hostoak ateratzen ari zaizkio enborretik. Oinarrituta dago Xabier Leteren Izarren hautsa abestiko estribilloan: Gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak. Dotore geratu da murala, eta berez, asmoa da jartzea Urbietatik kiroldegirako igogailuaren inguru horretan, eskaileren ondoko horma horretan.

«Ez diet izenburua jarri nahi izan lanei, ez dudalako jendea bideratu nahi, lanean izenburuak dioen hori ikustera. Nahiago dut norberak ikustea, eta burura etortzen zaion hori da egokiena, ez nik esaten diodana»

Pandemiaren eraginez, nolako garaiak dira hauek, artistentzat?

Ni ohituta nago egunean bizitzen. Modu batera, pandemiak ez dit gehiegi aldatu bizitza, lan enkarguen aldetik. Baina bai ikusten dudala, jendeak beldurra duela horrelako toki itxietara etortzeko, erakusketetara. Normalean baino bisita gutxiago ari naiz izaten erakusketa honetan. Erakusketak ere gutxiago jartzen ari dira. Baina uste dut urteak daramazkigula suntsituta, nolabait esateko. Margolari, eskultore eta abarren artean, beti daukagu kexa hori, jendeari gero eta gutxiago interesatzen zaiola artea. Eta uste dut, autokritika bat ere egin behar dugula. Hainbeste zikinkeria erakutsi da, maila oneko artea izango balitz bezala, jendea nazkatu egin dela, ulertezinak diren gauzak ikusten erakusketetan. Interesa galdu dute. Telebistak bideratzen gaituenean, halako edo besteko erakusketa edo artelana dagoela, orduan bai, denak joaten gara; bestela, badirudi tuntuna zarela.

Baina hori jakinda ere, ni saiatzen naiz egiten produktu bat, nik sinesten dudana, bere lana, ofizioa eta mimoa daukana atzetik. Niretzako, edozerk ez du balio. Baina diziplina hau, orain ez dago delimitatuta...

Erakusketetan gutxi ikusi zaitugu, azkenaldian. Zertan aritu zara?

Azkeneko urteotan, erakusketetatik aldenduta nabil, neketsua zelako niretzat. Egia da aurreko urtean, Donostiako Euskal Itsas Museoan jarri nuela erakusketa bat, beste zenbait artistarekin batera, itsasoarekin lotutako piezekin.

Baina bestela ez, azkenaldian aritu naiz enkarguei aurre egiten, bereziki lehiaketetako sariak edota eskultura txikiak. Bestela, lan pertsonalak egiten aritu naiz, erakusketan daudenak bezalakoak. Eta burua lasaitzen. Ikusi dut beste esparru batzuk ere landu behar direla, sare sozialak adibidez. Aholkulari ona daukat, nire alaba. Eta badirudi hortik dijoala kontua, eta lanak erakusketetan erakusteko modu tradizional hau, aldatzen ari dela.

«Ikusi ditut mikroskopio elektronikoz egiten diren irudi batzuk, neuronen konexioak eta horrelakoak irudikatzen dituztenak, eta txoratuta nago. Ez dakit noiz hasiko naizen, baina nire muraletako hurrengo irudiak horiek izango dira»

Proiektu berezirik badaukazu buruan, aurrera begira?

Aurten baneukan oso proiektu polita, Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200garren urteurrenaren bueltan. Berari buruzko pieza bat egin behar nuen kalean, eta musikari talde bat ere arituko zen, Iparragirreren abestiak eguneratuz. Donostian eta Urretxun eskaini behar genuen emanaldia, besteak beste. Oso itxura ona zeukan, baina bertan behera geratu zen pandemiagatik.

Eta bestela, proiektu pila bat dauzkat buruan, batzuk oso potenteak; baina horientzako finantziazioa lortzea ezinezkoa egiten ari zait.

Eta zure lan pertsonal horietarako, tematika berririk daukazu?

Ikusi ditut mikroskopio elektronikoz egiten diren irudi batzuk, neuronen konexioak eta horrelakoak irudikatzen dituztenak; eta txoratuta nago. Ez dakit noiz hasiko naizen, baina nire muraletako hurrengo irudiak horiek izango dira.

Nahiko desberdina izango da, oraingoaren aldean...

Bai. Eta hiru dimentsioekin ere jolastea gustatuko litzaidake. Oso irudi ederrak daude, benetan ederrak. Baina ez dakit, akaso geldialdi bat egin beharko dut, ez badira gauzak asko aldatzen, datozen asteotan. Ez dakit zenbat denboran iraun ahal izango dudan honekin, ez baitaukat diru sarrerarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!