UDALA

Plenoko bost puntu eta mozio guztiak aho batez onartu ziren

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 1a, 00:00

Jesús María Lópezek zinegotzi kargua hartu zuen.

Bide publikoan terrazak eta mahaitxoak jartzeko tasen hobariak onartu ziren eta ostalariei %100a hobarituko zaie.

Hernaniko astearteko Plenoa lasaia izan zen eta bertan bozkatu ziren bost puntu eta lau mozio aho batez onartu ziren. Hasieran Jesús María López, PSE-EEko zinegotzi berriaren izendapena onartu zen eta ondoren puntuz puntu gai-zerrendako gaiak jorratzen hasi ziren
Puntu gehienak COVID-19ak eragindako egoerak sortutako kalteen eraginekin zuten lotura. Honela, seigarren puntuan Udal jabetza Publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasen Ordenantzen aldaketa aho batez onartu zen. Herriko ostalarieri urte osoko tasak %100an hobaritzea onartu zen terrazak eta mahaitxoak jartzearekin lotutako tasetan. Alderdi guztiak ados agertu ziren.

Ez da zerga eta tasen igoerarik egongo, eta obariak eta diru-laguntzak egongo dira
Aurretik 2021ko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena ere onartu zen aho batez. Osasun krisia dela medio, eta nahiz eta diru iturriak murriztu, zerga eta tasen igoerarik ez da egongo aurten. Gainera, diru-laguntza eta hobariak daude zerga eta tasa desberdinen inguruan. 
Hernaniko bidaiaren herri barruko garraio  zerbitzu publikoaren kontratua ekainaren 30era arte luzatu da. Kontratua atzo amaitzen zen, baina martxoan zerbitzua eten zen. Kaltea modu onetan ordaintzen da. Udal eraikinen garbiketa zerbitzuarekin ere antzeko zerbait gertatu zen eta kalte-ordaina eskaera aho batez onartu zen. Podemosek eskerrak eman zizkion udalari eta enpresari baldintzak eta soldatak mantendu direlako krisi honetan. 
Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskumena eskuordetzen duen akordioaren indarraldia ere luzatu da. Azkenik lau mozio onartu ziren.  Urriak 17an, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Bilduk aurkeztu zuen mozioa. Denak ados agertu ziren, baina laguntzen inguruan baldintza ezaren terminoa kendu egin zen idatzitik PSE-EE eta PNVk eskatuta. Eraso sexistak eta errefuxiatuen inguruko mozioak bere horretan onartu ziren. Eta azkenik Koronabirusak sortutako osasun krisiari aurre egiteko gobernu-neurrien esparruan, Kolonbiako, Guatemalako, Honduraseko eta El Salvadorreko herrialdeetan giza eskubideak urratzen direla salatu zen. Hemen PNV-k eskatu zuen Venezuela eta Nikaragua sartzea. Ez ziren testuan sartu, baina aho batez onartu zen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!