Marta Igarriz espetxetik irten eta Hernanin dago

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 00:00

Preso hernaniarra Logroñoko kartzelatik atzo goizean atera zen eta senide eta lagunek ongietorria egin zioten.

Marta Igarriz Izeta euskal preso hernaniarra atzo goizean gelditu zen libre. Logroñoko espetxetik irten zen goizean, eta harrera egin zioten senide eta lagunek espetxe atarian. Hamabost urte egin ditu kartzelan, kondena osorik agortu ostean.

Errioxan baino lehen Castellón egon zen preso, hamaika urtez. Eta Mediterraneoko kartzela horretara egindako bisitetako batean izan zen, 2017ko Gabonetan, bere ahizpa, ama eta izeba batek istripu larria izan zutenean.

Igarrizen amak saihets-hezurrak hautsi zituen, zerbikaletako orno bat eta beste bi zapalduta. Izebari bularrezurra hautsi zion istripuak. Eta Ana Igarrizek, Martaren ahizpak, hainbat kolpe.

Marta Igarriz bigarren graduan zegoen eta Logroñora eraman zuten. Kartzela-baimen batzuk izan ditu, baina ez diote baldintzapeko askatasunik inoiz eman, nahiz eta hiru laurdenak gainditu zituen. 

Espainiako Poliziak 2005ean atxilotu zuen Hernanin, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak agindutako operazio batean. Bi urte geroago, epaitu eta kondenatu egin zuten, ahozko saioan, Donostia konplexua delakoaren aurkako epaiketan. Aulki berean eseri zen Igor Gonzalez Sola, Martuteneko kartzelan hil berria zena, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!