«Guztiok gozatzeko lekua da Urumea ingurua» dio Podemosek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 29a, 00:00

«Errietarik egingo ez digun instituzioak behar ditugu, elkarlanean lagunduko digutenak behar ditugu» azpimarratzen du alderdia moreak.

Hernaniko Podemos Ahal Dugu alderdiak prentsa oharra kaleratu du Urumea ertzean udaran zehar gertaturiko egoeren aurrean eta Udal Gobernuaren kudeaketaren inguruan. Hasteko Udalarekin kontaktuan jarri zirela dio: «konfinamenduarekin bizi izan dugun udaberri gogorraren ondoren eta jakinda jende asko ezingo zela oporretara atera, bai arrazoi ekonomikoengatik, bai pandemiaren egoerarengatik, uda aurretik udalari galdetu genion aurreikusi zuten hobekuntzaren bat Urumea inguruetan aisialdi-eremu bezala».

«Pentsatuz, alde batetik, hondartzak gainezka egongo zirela, eta bestetik, igerilekuetan jende kopurua mugatuko zela, ibaia aukera ona izan zitekeen jende askoren gozamenerako» gogoratzen du oharrean.

 

«Ziur badagoela arduratsua izan ez den jendea, baina administrazioek ez dute ezer egin ingurua egokitzeko»

Hasieran, udalaren erantzuna izan zen «ez zuela denborik eman Urumea ibaiaren inguruak egokitzeko. Irailean izan da sorpresa, prentsan eta sare sozialetan irakurri dugunean administrazioek ezer egin ez eta berriz ere herritarrei errua egotzi dietela gure gizalege falta azpimarratuz».

Podemosen ustez «ziur badela gure ingurumenarekin arduratsua izan ez den jende portzentai bat eta noski ibaia zaintzea guztion ardura dela».

Halere, gogorarazi dute,  «ibaia zaintzea ere badela eremu urpegarrietan eraikitzen ez uztea, bertako faunari igarotzen uzten ez dion hormigoi-pareta haundidun kanal batean ez bihurtzea, ezta ere industria pabilioiekin ibai ertzak betetzea».

Alderdiaren esanetan, «badirudi ingurumenari kalte haundiagoa egiten diola zakur batek uretan sartzean, harri batzuk mugitzea gure Urumearen ertzetan pontentzialki kutsagarriak izan daitezken enpresak edukitzea baino».

Beste kalteei buruz, «adibidez, zarata, masifikazioa, ibilgailu gehiegia eta zaborra bertan uztea, badakigu ondo nazkatzeko modukoak direla, hamarkadak daramatzagu hori jasaten txotx denboraldian», gogorazi nahi izan dute.

Ahal Duguren ustez, «behar ditugu errieta egingo ez diguten instituzioak, lagunduko digutenak elkarlanean gure bizitza kalitatea hobetzen».

 

«Neurri desberdinak aurkitu daitezke»

Hartu daitezkeen neurri batzuk gomendatzen ditu: «informazio-kartelen berritzea, eremuen erabileraren gomendioak, garraio publikoa, aparkalekuak txukuntzea, ur eta airearen kalitatearen informazio eskuragarria edo bizikleta-aparkalekuak jartzea izan daitezke gure natur ingurumenarekiko errespetua sustatzen lagunduko diguten neurrietako batzuk».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!