650 TONTOR

Milaka herritarrekin, Euskal Herriko hainbat tontor ezagun igoko dira, datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 27a, 00:00

Oraingoan, bizikletak alde batera utzi, eta tontorrak igoko dituzte bailarako hainbat herritarrek.

Urriaren 3an, 'Izan Bidea' dinamikaren baitan, milaka herritarrekin bat eginik, Euskal Herriko tontor ezagunenak igoko dira, «650 tontor inguru preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde», Sarek antolatuta.

Datorren asteburuan, 650 tontor ekimena egingo da, hau Izan Bidea dinamikaren baitan sartzen da eta Sarek antolatu du. Milaka herritar bildu nahi dituzte, Euskal Herriko tontor ezagunenak igotzeko, «650 tontor igoko ditugu, preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde». 
Beterri-buruntzaldea eskualdean 11 izango dira, herri guztien artean igoko dituzten tontorrak, hala nola, Igoin, Onddi, Adarra, Onddo, Azketa, Santa Barbara, Buruntza, Zaburu, Santiagomendi, Andatza eta Belkoain. 
Hernaniren kasuan, bi tontorretara igotzeko erronkari eutsi dio Hernaniko Sarek, Adarra eta Igoinera, hain zuzen. Hori horrela, bi deialdi jarri dituzte; Adarra igotzeko, goizeko 10:00etan jarri dute zita, Besabin. Igoinera igotzeko aldiz, 10:30etan, Akolako aparkalekuan. Bi tontorretan, goizeko 11:30ak aldera, argazki herrikoia aterako da. «Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko».

«Bi tontorretan, 11:30ak aldera egingo da argazki herrikoia»

«Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz»
Maiatzean, Izan Bidea aurkeztu zenetik, 230.000 kilometro egin dira, ekimenean izena eman dutenen 3000 pertsonen artean.  «Egunero egunero, gero eta gehiago gara Ibiltarien Sare honen parte egin garen herritarrak, eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak». 
Dinamika honek, «euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batzeko asmoa du, urratsak emanez, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi, behin betiko irtenbidea eman nahi diogulako». Hori horrela, Sarek une aproposa ikusi du, izan ere, «euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta  etxerako prozesua martxan jartzeko». Hori horrela, Sarek jakinarazi du, egoera honek ezin duela gehiagoan luzatu, «presoak Euskal Herrian egon behar dute, eta senideek ezin dute euren bizita errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei, Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Horregatik, nahikoa da, konponbide garaia da». 


Sarek dio, bidea egiten jarraituko dutela, «Ibiltarien Sare hau gero eta haundiago eta zabalago egin behar dugu, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egi bilaka dezagun». Beraz, Hernaniko Sarek, hernaniarrak animatu nahi ditu, ekimen haundi honetan parte hartzera.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!