SOS ostalaritza

Berriak merkataritza elkarteak bat egingo du, gaurko ostalarien protestara

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00

Hernaniko ostalariak kazerolada egin zuten, Eusko Jaurlaritzari irtenbideak eskatzeko.

Ostalariak Konstituzio plazatik abiatuko dira gaur 19:30etan, eta Kursaalean amaituko dute agerraldia, «irtenbidea eskatzeko».

Koronabirusak eragindako pandemiak ondorio latzak utzi ditu ostalaritzako sektorean. Segurtasun eta higiene neurriak betetzeko asmotan eta egoerak hala behartuta, ostalariak «neurri murriztaileak betetzera behartu dituzte». Horregatik, azken honetan kalera atera dira, Eusko Jaurlaritzari «irtenbidea» eskatzeko.

Gaur protesta egingo dute Donostian, eta Berriak merkataritza elkarteak bat egingo du, «ostalaritza borrokan dagoela azpimarratzeko, eta irtenbideak behar dituztela jakinarazteko». Izan ere, pandemia hasi zenetik ostalaritza sektoreak zenbait erakundek ezarritako neurri murriztaileak jasaten ari dela diote, eta «ez dirudi epe motzera edo ertainera neurri horiek ezabatuko dituztenik». 

Pasa den abuztuaren 17an ostalaritzaren sektoreari eragiten zioten neurri murriztaileak jarri ziren indarrean, eta aurretik ere beste hainbat zeuden ezarrita, tabernari eta ostalari guztiek hala betetzeko. «Neurri horien guztien aurrean, sektoreak gero eta askatasun gutxiago du lan egiteko, eta itolarria haundia izaten hasi da», adierazi dute Berriak elkartekoek.
Horregatik, gaur Donostian egingo dute protesta, lurraldeko ostalariek. Konstituzio Plazatik abiatuko da 19:30etan, eta Kursaalean amaituko da, «Zinemal­diarekin kointzidituz».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!