«Aurrekoa sagar urtea izateak eta negu ezak, aurten sagar oso gutxi egotea suposatu du»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00

Zabaloenea baserrian, pasa den urtearekin alderatuta, sagar produkzioa ez da %30era iritsi eta «bataz bestekoa %85-90 gutxiago izatea posible da», Manuel Iradiren esanetan. «Sagarrondoak indarrik gabe geratu dira»

Hernaniko Zabaloenea baserrian orain astebete amaitu zituzten, aurten azkar egin dute, sagar biltzeko lana. Normalean hiru asteetan zehar biltzen dira, baina aurten lauzpabost egunekin nahikoa izan da. Datuak ez dute engainatzen eta sagar ekoizleek sagarraren urritasuna nabaritu dute ikaragarri. 

«2020an sagar askoz gutxiago dago» dio Manuel Iradik. Zabaloenean ia %70ean jaitsi da produkzioa 2020an, 2019arekin alderatuz. «Pasa den urtean sagar asko izan zen, eta gurean, aurten, iazkoarekin alderatuta ez da %30era iristen». Eta hori kopuru gehienetakoa duen ekoizlea izanik. «Inguruko beste ekoizle askorekin hitz egin dut eta gutxiago omen dute. Asko eta asko %10era ez dira iristen eta batzuk
ia sagarrik gabe ere daude. Bataz besteko %10-15a izan daiteke, hau da %85-90a gutxiago 2020rekin alderatuta. Nire produkzioa orekatuagoa dago». Mahairako sagarra ere badu eta hori nabari da. Murrizketa horrek lana gutxitzea eta irabaziak jaistea suposatzen du. «Pentsa, nire sagar denak dagoeneko bildu ditut».

«Loraldia desorekatua izatea eragin du negu ezak»

Urritasun horren arrazoiak bi direla azpimarratzen du Iradik. «Aurrekoa sagar urtea izan zen eta sagarrondoak indarrik gabe geratu dira, ahulduta geratzen dira. Hau da arrazoi nagusia. Sagarrak zuhaitzetik jaten du eta hurrengo urterako erreserbarik gabe geratzen da sagarrondoa, indar guztia sagarrean erabili eta gero. Lorea izateko ahulduta daude eta lorea baldin badu ere ez du hartzen. Bestetik negu eza ere izan da arrazoia».

Bigarren faktore hau ere garrantzitsua da Iradiren hitzetan. «Edozein frutondok geldialdia behar du, geldialdi begetatiboa. Geldialdi horrekin gero batera eta indartsu-osasuntsu etortzen da lorea, horren faltan loraldia oso desberdina da; agian hilabete eta erdin lorea ematen du hasieran behean, erdian batere ez eta goran zeozer.

Horri loraldi desorekatua esaten zaio. Hotza faltagatik gertatzen da desoreka. Lorea dena batera etortzea da egokia». Sagastiak urte batean asko eta hurrengoan oso gutxi ez emateko oreka edo ekilibrioa bilatu behar da. Horretarako «kimatu egin behar da zuhaitza eta
bakanketa egin».

«Alea txikiagoa da denboraldia lehorra izan delako»

Iradiren esanetan «urte lehorra izateak ere eragina du sagarrean. Alea txikiagoa izaten da eta noski horrek eragina du kilo faltan. Urtea lehorra izan da, ez litrotan baina hilabete konkretu batean egin du eta sakabanatuago egin behar zuen. Hostorik ez duenean ez du xurgatzen eta orduan ez da beharrezkoa. Gero hilabete luzeak egon dira apenas euririk gabe eta lurrarentzako eta sagarrondoarentzako behar den hezetasuna ez da mantentzen. Lurrundu egiten da ura».

Mahairako sagarra ere gutxi dago aurten. «Garai honetarako azoketan hilabete daramagu saltzen eta aurten berriz gaur jarriko dugu lehenengo aldiz postua». Mahai sagarra badu Iradik negu hotzaren beharrik ez duena. «Ez dute horrenbesteko geldialdirik behar. Sagar barietate bakoitzak zenbateko hotza behar duen jakitea oso interesgarria da. Topaz sagar mota jatekoa da eta nahiz eta negurik
ez egin asko ematen du. Ez dio afektatzen»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!