Berlinale erakusketa

«Berlingo Bienalean egotea nire lanaren errekonozimendua da, nazioarte mailan»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00

Azucena Vieites artista hernaniarra Berlingo Bienalean ari da bere lanak erakusten.

Azucena Vieites artista hernaniarraren lanak, irailaren 5ean ireki eta azaroaren 1era arte zabalik egongo den erakusketan daude ikusgai. Bertan dagoen lehenengo artista euskalduna da.

Berlingo Bienalaren hamaikagarren edizioa irailaren 5ean  ireki zen eta azaroaren 1era arte iraungo du. 50 artista baino gehiagoren panelean, Azucena Vieites hernaniarra (Hernani, 1967) ere izango da. Gainera, euskal artista batek Berlingo Bienalean parte hartzen duen lehenengo aldia da. «Hasiera batean ekainaren 13an zen inaugurazio ekitaldia, baina pandemiaren ondorioz atzeratu egin zen eta irailean ez zen inauguraziorik egin, irekiera baizik».
Jendeak online, internet bidez, txanda hartu behar izan zuen irekiera ekitaldian egoteko. «Edukiera mugatua zen» dio Azucena Vieitesek. Irekiera ekitaldia hasi aurretik muntai lana egiteko astebete lehenagotik bertan zegoen hernaniarra eta bertan egoteko protokoloak jarraitu behar izan zituen. «Alemanian PCR-a eskatzen dute sartzeko. Hemendik eman dezakezu gehienez 48 ordu aurretik eginda edo aireportuan bertan egin dezakezu. Bertan eginez gero konfinatu egin behar zara emaitza izan arte, hurrengo egunean. Bienalekoek biak egitea eskatu zidaten. Horrela ez nuen konfinatu beharrik eta muntaia egiteko arazorik ez nuen izan». Behin protokolo horiek beteta hunkitu egin zen irekiera egunean. «Nahiz eta arraroa suertatu». 

«Garrantzitsua da bertan egotea, jende desberdinak lana ikusiko du eta horrek ateak ireki ditzazke»


«Berlingo Bienalean egotea nazioarte mailan nire lanaren errekonozimendua edukitzea da» azpimarratzen du artista hernaniarrak. Gero horrek zer suposatu dezakeen ikusteko dagoela dio Vieteisek. «Momentuz niretzako oso garrantzitsua da. Jende desberdinak nire lana ikusteko aukera izango du, galeristek, eta horrek ateak ireki ditzazke, aukera gehiago zabaldu daitezke. Ikuslehio garrantzitsua izan daiteke».
Azucena Vieitesentzat opari hantzeko bat izan da bertan egotea. «Jendeak ez du maskarillarik erabiltzen leku irekietan, bai ordea leku itxietan edo garraio publikoan». Madrilera edo Donostiara itzuli denean biztanlegoaren dentsitate kopurua hemen askoz ere haundiagoa dela dio. «Ez bakarrik Madrilen, hemen ere bata bestearengandik askoz ere gertuago, pilatuago bizi gara».

«Bienaleko antolakuntza nirekin jarri zen kontaktuan»
Etxepare Euskal Institutuaren produkzio laguntzarekin, euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzeaz eta euskal eszenaren eta nazioarteko testuinguruaren arteko loturak sendotzeaz arduratzen den erakundearekin, hartzen du parte bertan. Vieitesen lana Bienaleko talde kuratorialak aukeratu zuen eta Etxepareren babesa jaso zuen. Institutuko ordezkaritza bat Alemaniako hiriburuan izan zen irekiera ekitaldian eta Bienalaren lehen egunetan, artistarekin batera.
Bertan dagoen lehenengo artista euskalduna da. «Itziar Okariz eta Sergio Prego Veneziako Bienalean egon ziren pasa den urtean. Ibon Aranberri, seguru asko Chillidarekin batera, Kassel-go Dokumentan egon den bakarra da. Berlingo Bienalean egon den artista euskaldun bakarra naizela entzutea askotxo iruditzen zait».  
Vieitesek, besteak beste, Coloring Book, Fundido Encadenado eta Break Out of your Shell proiektuen berrirakurketa edo remake prozesu batetik abiatzen den instalazio bat eraman  du Berlinera eta azarora arte egongo da bertan. «Bienaleko antolakuntza nirekin jarri zen kontaktuan nire lanarekin interesatu zirelako. Madrilgo nire estudiora etorri ziren lana ikustera eta ni Berlinen egotea interesatzen zitzaiela adierazi zidaten. Lantzen ditudan gaiak bienalekoekin bat zetozen: politika feministak, generoarekin lotutakoak, zaintzen ingurukoak, amatasuna, hezierak eta guzti honekin lotuta gai ekologikoak». 

«Lantzen ditudan gaiak bienalekoekin bat egiten dute: feminismoa, generoa, ekologia, zaintzak...»


Coloring Book-en haurrek adierazteko eta munduari begiratzeko duten moduarekiko interesa aipatzen du; Fundido Encadenado-k antzezpenaren gaia jorratzen du, egunerokotasunaren alderdi ludiko eta fantastikotik; eta Break Out of your Shell-ek estetika subkultural bati lotutako hizkuntzan eta fanzine feministak egiteko erabilitako Do It Yourself ekoizpen-moduetan sakontzen du, praktika artistikoaren eta edizioaren artean lan eginez. 

Berlingo kW Arte Garaikideko institutuan dago ikusgai
Bere obra Berlingo kW Arte Garaikideko Institutuan dago ikusgai. Serigrafia, inprimaketa digitala eta collage formako emaitzek artistaren lanarekiko begirada berritzailea erakusten dute.
Marrazkiaren, collagearen eta jabetzearen etengabeko berregite bisuala erabiliz, Azucena Vieitesen lanak ezagutzako narrazio eta ekoizpen ez-linealen adierazpen-gaitasuna aztertzen du. Bere lanak hausnarketa kritikoa egiten du gai hauei buruz: sorkuntza estetikoa beti testuinguru sozial eta ekonomiko jakin bati lotutako prozesu gisa hartzea, edo gaur egungo kultur irudikapen askotan irauten duen logika bitarra apurtzen lagunduko duten estrategia diskurtsiboak sortzeko beharra. Bere praktika artistikoan, Vieitesek beti izan du harreman estua aktibismo feministarekin eta queerrekin.

'Coloring Book', 'Fundido Encadenado' eta 'Break Out of your Shell 'proiektuen berrirakurketa edo remake prozesu batetik abiatzen den instalazio bat eraman du eta azarora arte egongo da.


Azucena Vieitesen lanak harrera ona izan du kritikan. «Erakusketaren komisarioa kontaktuan dago nirekin eta kritika desberdinen estekak bidaltzen dizkit. El Paiseko sekzio kulturalean Sonia Fernández Pan-ek eginikoa aipatuko nuke. Jatorri galiziarra du eta Berlinen bizi da. Oso ongi idazten du eta bertan bienalean plazaratzen diren gai batzuk itzuliezinak direla dio. Esaterako gai koloniala, gai feministak, generoari lotutako politikak artean, ekologia..  geratzeko etorri direla azpimarratzen du eta hori ezin dela aldatu»,.
Elkarrekin lanean ari diren bikote turkiar-alemaniar baten kritikak ilusio berezia egin zion Azuzena Vieitesi. «Arte kritika bat idatzi zuten bi artista latinoamerikarrenak eta baita nire lanarena ere. Horrelako berriak ilusio haundia egiten dit». 

Sari asko jasotakoak eta ibilbide luze eta arrakastatsua
Artista hernaniarrak Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea Saria jaso zuen 2004an, Ibon Aranberri eta Iñaki Garmendia artistekin batera. Gaur egun, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateetan irakasle elkartua da. 2019an Low-fi Praktika izeneko doktoretza tesia irakurri zuen. Una aproximación al contexto vasco (1985-2005).
Eskarmentua ez zaio falta hernaniarrari. Duela urte batzuk, 2013an, Reina Sofia museoan ere erakusketa bat eskaini baitzuen.
Berlingo 11. Bienala, Berlingo Arte Garaikideko Bienala, 1996an sortua, bi urtean behin antolatzen da Alemaniako hiriburuko hainbat gunetan, eta egutegiko hitzordu artistiko garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Bere helburu nagusia formatu esperimentalak sustatzea eta kuradoreei eta artistei espazioa eta askatasuna ematea da, artearen merkatutik eta bildumagileen interesetatik independenteak di­ren ideia eta proposamen garrantzitsuak aurkezteko. 
Azken urteotan hainbat izen izan dira bertan. Besteak beste, Olafur Eliasson artista daniarra (gaur egun Guggenheim Museoan erakusketa bat du, En la vida real izenekoa), Fiona Tan artista indonesiarra (Koldo Mitxelenan erakutsi zuena) eta Rosa Barba italiarra (2018an Tabakaleran erakutsi zena).

«Sonia Fernández Pan arte adituak El Paisen egin duen kritikan dioen bezala gai kolonialak, feministak, ekologikoak, generoari lotutakoak... artean geratzeko etorri dira eta dagoeneko hori ezin da aldatu».


Berlingo Arte Garaikidearen Bienala (BB gisa laburtua) Alemaniako Kultur Fundazio Federalak (Kulturstiftung des Bundes) antolatzen du bere laugarren ediziotik. 11. ediziorako, Hego Amerikako lau komisarioz osatutako lan taldea bildu du antolakuntzak. Eurek sortutako egitarauak urtebete iraun behar zuen, 2019ko irailetik hasita eta hainbat fase edo garaitan banatuta; baina COVID-19aren eraginez hainbat hilabetez geldirik egon da bienala. Egoera baretu dela dirudien honetan, irailaren 5etik azaroaren 1erakoa izango da edizio honen azken fasea, Epilogo izendatu dutena.
Etxepare Euskal Insitutuaren esfortzua ere eskertzen du marrazkigile hernaniarrak. «Bienaleko irekieran nirekin egon ziren eta baita prentsarentzako egunean. Imanol Otaegi, Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, eta Irene Larraza, Etxepareko Zuzendaria, joan ziren Berlinera eta beraien babesa nabaritu nuen, oso ongi egon ginen elkarrekin. Benetan eskertzen dut».

 

 

«Zuzenean ez, baina zeharka herrian egiten diren lanak jarraitzen ditut»

Gogoa du Hernanira etortzeko, «aspaldi hontan ez naiz joan nahiz eta Donostia askotan bisitatu, ama orain bertan bizi baita».
Aspaldi honetan Azucena Vieites Madrilen bizi da nahiz eta Euskal Herrira askotan etorri. «Ama orain Donostian bizi da, anaia Astigarragan, Hernanin lagunak ditut... hala ere denbora da Hernanira hurbildu ez naizela. Gogoa daukat herrira joateko». 
Hernaniko artistekin lotura baino gehiago, Hernanin egin diren lan batzuen egileekin dago kontaktuan, «ez horrenbeste artista hernaniarrekin. Sra Polaroiska osatzen duten Alaitz Arenaza eta Maria Ibarretxek Hernaniri buruz egin zuten Andrekale filma ezagutzen dut eta Tabakaleran egon zen ikusgai. Kardaberaz kalean (Andre kalen) herriko emakumeak bildu zituzten».
Vieitesek kontaktua izan du Arenaza eta Ibarretexerekin. «Kulturako eta artearen munduko jendearekin izaten da erlazioa, baina egia esan gero eta gutxiago. Herritik kanpora bizitzeak ekartzen du hori. Hala ere, badago artistaren bat, aktiboki lanean ari dena artearen inguruan, eta berarekin badut erlazioa. Gero ere gertatzen da artista asko esparrutik kanpo beste lanetan dabiltzanak tamalez. Eta Hernanin horietakoak ere badaude».
Andre kalea inauguratzeaz gain, emakumeen irudia eta pre­sentzia sinbolikoa aldarrikatzeko proiektua bultzatu zuen duela lau urte Hernaniko Kalandria taldeak, Komanditario Berriak egitasmoaren barruan. Vieitesek gertutik jarraitu zuen lantegi guzti hori. «Kalean ekitaldia egin zuten eta izenaren jatorrira bueltatu ziren. Emakumeari bere lekua eskainiz eta beraien papera aldarrikatuz. Lan oso interesgarria». 
Hura zer izan zen gogoratzea ez dago gaizki. Ekhiñe, Kandela eta Pantxaren kondaira ezagutzera eman, hiru pertsonaien eta emakumeen omenezko plaka jarri, eta emakume hernaniarrekin egin­­dako ikus-entzunezkoa aurkeztu zen. 

Andre kaleko egitasmoak ere genero ikuspegia lantzen du, Vieites eta hainbat artistak egin duten bezala
«Gizartetik sortutako artea bul­tzatzeko plataforma da Ko­manditario Berriak» Herna­niko Kalandria taldeak azaldu bezala. Duela 25 urte sortu zen kontzeptua Frantzian, eta Eus­kal Herrian, Artehazia E­lkar­teak sustatzen du programak.
Hernaniren kasuan, Ta­ba­kalerak hartu zuen parte egitasmoan; 2014an, Kalandria taldea sortu zen Hernanin, eta Haizea Barcenilla arte bitartekariarekin hasi zen lanean, An­dre kalea izena abiapuntu har­tuta. «Kale izen zehatz ho­rren aldarrikapena egiteaz gain, hiri edo herrietako leku izenak hauta­tzerakoan erabil­tzen diren irizpideak aztertu nahi ziren, generoaren ikuspegitik, eta era berean, emakumeen ikusgarritasun eza salatu».
Hausnarketa hori guztia kontuan hartuta, Kalandria taldeak eskatu zuen artelan bat, Hernanin eta beste testuinguruetan erabili daitekeena, eta «espazioan aztarna, marka bat uzten duena». Kalandriak, horretarako, Alaitz Arenaza eta maria Ibarretxe proposatu zituen. Bertan, Hernaniko 200dik gora emakumek hartu zuten parte grabazioan, eta ahozkotasunean oinarrituta asmatu diren hiru pertsonaia tiporen historia berria kontatu zuten, mitologia berri bat: Ekhiñe, Kan­de­la eta Pantxa.
Itziar Okarizen lagun mina da artista hernaniarra. «Okariz oso interesaturik dago ahozko komunikazioan, irrintzietan, folklorean, espresio kulturaletan, bertsoetan... performance desberdinak egiten ditu. Irrintzia hartzen du testuingurutik ateratzeko asmoz, esperimentazio akustikotik abiatuta zerbait berria sortzeko, eta bestetik badakit oso interesaturik dagoela Maialen Lujanbioren ibilbidearekin. Agian zuzenean ez, baina zeharka artista hernaniarrek eta Hernanin egiten diren gauzak jarraitzen ditut».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!