Kultura

«Eszenatokian bi emakume bakarrik egotea nahi genuen, gure indarra ikusleei transmititzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 25a, 00:00

Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta dantzaria, 'Gorria' emanaldian.

Euskaraldia-Euskara ari duren egitasmoaren barruan, bertsolaritza eta dantza lantzen dituen 'Gorria' ikuskizuna izango da gaur Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Azken sarrerak eskuragai daude oraindik, Dobera Euskara Elkartean. 

Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta, La pulga, flamenko dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoa da Gorria, eta gaur egingo dute emanaldia Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Kolore gorriaren sinbologia hari hartuta, gatazka askotaz arituko dira ordu eta laurdeneko emanaldian, Aitor Escobar eta Adrian Larrañagaren gitarra eta perkusioarekin lagunduta. Bizitza eta heriotza, arriskuak, debekuak, ideologia, lotsa eta desira izango dituzte hizpide, beste gatazka askoren artean. 

Emanaldi berezia izango da gaurkoa, Amuriza eta Etxebarrietarekin. «Ikuskizuna intimista izatea nahi genuen, eta horregatik gaude Miren eta ni bakarrik eszenatoki gainean». Izan ere, Escobar eta Larrañaga musikariak ez dira oholtza gainean egongo gaur. «Beraien musika jarriko dugu, baina bi emakume bakarrik egotea nahi genuen, gure indarra ikusleei transmititzeko». 

«Ez dugu fusio bat izaterik nahi»

Amuriza eta Etxebarrietaren asmoa emanaldian ez da fusio bat irudikatzea. Etxebarrietaren esanetan, «bakoitzak bere diziplinaren bitartez, egunerokotasuneko gaien inguruan emozioa transmititu nahi diegu ikusleei». 

Gainera, munduan pil-pilean dauden gaien inguruan arituko dira emanaldian. «Oso letra potenteak dira, gaur egungo gertakariak aipatu eta gure emozioak adierazten dituztenak: emakumea, errefuxiatuak, pandemia garaia... sentimenduz beteriko emanaldia da», aipatu du La Pulgak. Horregatik, Gorriako gaiak aldatu egiten dituzte, aktualitatearen arabera.


Sarrerak oraindik eskuragai

Dobera Euskara Elkarteak an­tolatu du emanaldia, Euskaral­dia-Euskara ari duren egitasmo­aren barruan. Azken sarrerak eskuragai daude oraindik, Dobera Euskara Elkartean. Doberako bazkideentzat 8 euroko prezioa dute, eta gainerakoentzat 10 eurotan daude salgai.

Euskaraldia-Euskara ari duren egitasmoari dagokionean, banakakoen izen-ematea zabalik da jada, eta igandean amaituko da entitateek ariketa sozialean izena emateko epea.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!