UDALA

«Herriak eta herritarrak jasandako minak» jasotzen dituen 'Hernani Oroimena' webgunea, abian da

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 00:00
Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea ezkerrean, eta Hernaniko Udal ordezkariak, eskuinean.

Martxan jarri dute jadanik, Hernani Oroimena Webgunea, Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako giza eskubideen urraketak jasotzen dira bertan: www.hernanioroimena.eus.

Hernaniko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean jardun du hainbat urteetan, eta makina bat ikerketa egin ostean, Hernanin eta hernaniarren aurka gertatutako giza eskubideen urraketak ikertu eta jasotzen dituen Oroimena Webgunea jarri dute martxan. Xabier Lertxundik azaldu zuen, «Euskal gatazkaren garaian (1960-2018) izan zen lehenengoa eta ondoren, gerra zibila eta diktaduraren lehen garaia (1936-1946)».

Aurreko ostiralean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera,  Hernaniko udalean ordezkaritza duten talde politiko guztien ordezkariek ere, parte hartu zuten aurkezpenean, hala nola, EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos, eta PSOE-EEk.

Testigantzak, Oroimena webgunean

Gertuko oroimenaren inguruko ikerketa lanaren emaitza 2019ko urtarrilean aurkeztu zen udalbiltzar aretoan, eta geroztik, ikerketarekin aurrera jarraitu du Aranzadik. «Lan hauek irekiak dira, etengabe eguneratzen da informazioa. Datu berriak, artxiboetako dokumentu berriak eta herritarren ekarpenak bildu ditugu» jakinarazi du Javier Buces Aranzadiko ordezkari eta historialariak.

Eguneratze lan hauek egin bitartean, Udalak, Aranzadirekin elkarlanean abiatu zuen gerra zibilaren eta diktaduraren lehen urteetan gertatutako giza eskubideen urraketa ikerketa. Gainera, Aranzadik, fusilatuen gainean eginda zeuden lanak abiapuntutzat hartuta, Aranzadik ikusi zuen, «beste errepresaliatu batzuei buruzko informazioan hutsune haundia zegoela». Hori horrela, hau ikertzen jardun du, azken hilabeteetan.

Ikerketa eta dokumentazio lan hauen ostean, hurrengo pausuarekin hasi ziren, gertuko oroimenaren ikerketa abiatzea, hau da, «1960tik gaur egun arte motibazio politikoz gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak jaso eta dokumentatzea», eta hori egin du Aranzadik. Lertxundik gaineratu zuen, «gertuko historiaren egia azaleraztea oso gogorra» izan dela «oroitzapenak eta zauriak oso bizirik daudelako». Hala ere, gaineratu zuten, «hemen gaudenok, bat egin dugu gure herriaren sufrimendua azalarazteko, baita biktima guztiei gure dolumina eta babesa erakusteko ere». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!