Migrazinea

Migrazioaren gaia lantzeko helburuarekin, asteazken honetan ekingo diote Migrazinearen lehenengo saioari

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 00:00

Gertakari errealetan oinarritutako istorio positiboak, migratzaileak, eta normalean immigranteak filmetan ikusten ez diren lanbideak islatzen dituzten 6 pelikula proiektatuko dira, iraila eta urria bitartean.

Amherrek antolatuta, asteazkenean ekingo diote Migrazinea egitasmoari. «Migrazioaren gaiak dituzten filmak ikusi, aztertu eta eztabaidatzeko saioak izango dira», eta iraila eta urria bitartean proiektatuko dira, Biterin. Guztira 6 pelikula izango dira, eta horietako 3 saio bereziak izango dira. Izan ere, aurten Amherren proiektuarekin bat egin dute Goiz Eguzkik, Plaza Feministak eta Gaztelekuak.

Aretoa bete arte sarrerak doakoak izango dira, eta saio guztiak Biterin egingo dira.  Gainera, ekimena ez da filma ikustean soilik geratuko; migrazioaren gaia aztertzeko lanketa berezi bat egingo dute. «Proiekzioen ondoren, filmetan islatutako zenbait gairen inguruko eztabaida dinamizatua egingo da», azaldu dute.

Asteazkenean El médico africano filma proiektatuko dute. Saio berezia izango da, Goiz Eguzki elkartearekin batera antolatutakoa izan delako. Julen Rambaldiren zuzendaritzapean, filmak 1975 urtean Kinshasako mediku graduatu berri batek, Frantziako herri txiki batean lanpostu huts bat onartu ondoren sortzen zaizkion gertaerak kontatzen ditu. Saio honek hiru ordu eta erdiko iraupena izango du, 10:00etatik 13:30etara bitartean.

«Aurten ikusiko ditugun film gehienak autobiografikoak dira; istorio positiboak kontatzen dituzte  eta gainera, immigranteak normalean filmetan ordezkatuta ez dauden lanbideak agertzen diren pelikulak dira», aurreratu dute Amherrekoek.

Hurrengo filma irailaren 29an aurkeztuko dute, Plaza Feministaren kolaborazioarekin ba­tera. Inés Parísen dokumenta­la izango da aurkeztuko dutena eta lan honetan, lanbide ezberdinak dituzten emakume afrikarrek, baraien migrazio-bizipenei buruz hitz egiten dute.

Saio gehiago, urrian

Datozen hilabetean ere Migrazinearen beste 4 saio izango dira. Ordutegia zehazteko dago oraindik, baina urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an proiektatuko dituzte filmak Biterin. Eta aurreko saioen antzera, ikusitako pelikulen inguruan debatituko da, gero.

Amherrekoek adierazi dute  eguneroko istorioek bestea ulertzeko eta errealitateak konektatzeko «ahalmena» dutela. Horregatik, saio hauetara etortzera animatu dituzte herritarrak. «Zubiak eraiki eta gurutzatu ditzagun, eta puskatu ditzagun muga kulturalak, Migrazinearekin». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!