EAJ-PNV

Alokatutako pisu eta lokaletako «ezustekoekin» amaitu nahi dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 20a, 00:00

Pisu eta lokaletako jabeen eta inkilinoen artean gatazkak amaitzeko eskaera luzatu du EAJ-PNVk.

Andoni Amonarrazi Gómezek, EAJ-PNV alderdi politikoko Hernaniko bozeramaileak, herriko lokal eta etxebizitzetako obra-lizentzien eskatzaile guztiei zuzendutako testu juridiko bat lantzea eskatu dio EH Bilduri, bere alderdiaren izenean. «Obra-lizentziaren eskatzaile guztiak honetara behartzen dituen testu juridiko bat lantzea eskatu dugu: lokalen jabeak direla egiaztatzea edo, eskatzailea inkilinoa bada, jabeak higiezinean egin nahi dituen obrekin ados dagoela adierazi behar du». 

Amonarraizen esanetan, ha­inbat bilera izan ditu alderdiak honen inguruan hitz egiteko.  «Etxebizitzen eta lokalen jabeek zerbait egiteko eskatu ziguten, alokairua amaitu ondoren izan dituzten ezustekoak saihesteko». Hutsik dauden etxebizitzen jabeei segurtasuna adierazi behar zaiela aipatu dute, gero «merkatuan eskuragarri jartzeko». Eta horregatik, egoerari konponbidea jartzeko eskatu dute. 

Bestalde, alderdiak adierazi du jabeak bere pisuan edo lokalean egiten diren aldaketen berri izan behar duela uneoro. «Etorkizunean sor daitezkeen arazoak saihesten edo minimizatzen ahalegindu behar dugu erakundeek eta horregatik, gure proposamena aztertzeko eskatzen dugu». 

Azkenik, Udal mailako gaietan laguntza edo argibideak behar izanez gero, alderdi politikoarekin harremanetan jartzera animatu dituzte herritarrak. Horretarako, goizetan 943 337 012  telefonora deitu daiteke eta arratsaldetan, 943 337 012 telefonora. Bestela, 16:00etatik 19:00etara bitartean, astelehenetik ostegunera, Batzokira bertaratu daiteke.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!