Asteburuko ekintzak

Euskal Jaiak ospatu gabe ere, bizi-bizirik egongo da Hernani asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 19a, 00:00

Bertan behera geratu dira Euskal Jaiak, baina ekintza ugari antolatu dituzte gaur eta bihar.

Akaso ez da inor baserritarrez jantziko asteburu honetan, eta baserriko lanek zein euskal ohitura eta tradizioek ez dute ohiko protagonismorik izango, Hernaniko kale eta plazetan. Izan ere, bertan behera geratu dira Euskal Jaiak aurten, kultur agendari hegoak moztu dizkion pandemiaren eraginez.

Baina ari dira kultur jarduerak bere onera bueltatzen, pixkanaka, egoera berrira egokituta. Eta horren erakusle izango da asteburu hau ere: Euskal Jairik gabe ere, bizi-bizirik egongo da herrian, ekintza ugari antolatu baitituzte gaur eta bihar, asteburua alaitzeko.

Hiruna ekintza izango dira, bi egunetan. Eta sagardoa eta musika izango dira protagonista, gaurkoan. Horrela, hasteko, bertako zein nazioarteko sagardoen dastaketa egingo dute, goizean zein arratsaldean, Atsegindegin. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatu du, eta 5 euro izango dira, parte hartzea. 

Eta ondoren, iluntzean, bi kontzertu izango dira herrian; baina oso toki ezberdinetan. Aurrena, 19:00etan hasita, Hernaniko Musika Banda ariko da, Karabel auzoan. Ikasturte berriko aurreneko emanaldia izango du Musika Bandak, abuztuan atseden hartu ondoren. Konfinamenduko etenalditik, San Joanen garaian bueltatu ziren; eta berezko festarik izan ez bazen ere, auzoz auzo eta kalez kale eskaini zituen preludioa eta kontzertu laburrak. Uztailaren hasieran, berriz, Atsegindegin eskaini zuen emanaldia.

Atsegindegin izango da, hain justu, gaurko bigarren kontzertua. Oreka TX taldeak joko du, 20:00etan hasita. Lehenago ere Hernanin aritutakoa da Oreka TX, Txalaparta Festan adibidez; eta maiatzerako zegoen aurreikusita taldearen kontzertu bat Biterin, baina bertan behera geratu zen. Gaurkoan bai, bueltan izango dira herrian, baina tokia mugatua izango da, eta gonbidapenak hartu behar dira aldez aurretik, Biteriko sarreran.

Dantza saioa, artisau azoka eta pelota partiduak, bihar

Beste hiru ekintzarekin jantzitako eguna izango da biharkoa, goizetik hasita. Artisau azoka jarriko dute Atsegindegin, Gabiltza elkartearen eskurik, eta goizeko 11:00etan zabalduko dituzte postuak.

Kirolak ere izango du tokia biharkoan, eta esku pelota eta pala partiduak jokatuko dituzte, kiroldegiko frontoian. 11:30etan hasiko dira.
Eta asteburua borobiltzeko, dantza emanaldi berezia prestatu dute Atsegindegin: Maurizia naz ikuskizuna eskainiko du Aukeran dantza taldeak, iluntzeko 19:30etan hasita. Horretarako ere, tokia mugatua izango da, eta gonbidapenak hartu behar dira Biterin.

Emanaldian ariko da Unai Balerdi dantzari hernaniarra ere, eta gaurko Kronikan bertan kontatu dizkigu ikuskizunari bu­ruzko kontuak zein bestela­ko­ak, 2-3 orrialdeetan. 

 

ASTEBURUKO EKINTZAK

GAUR
Goiz eta arratsalde, Nazioarteko sagardoen eta Euskal Sagardoen dastaketa, Atsegindegin. Dastaketa: 5 euro.
19:00, Hernaniko Musika Bandaren kontzertua, Karabel auzoan.
20:00, Oreka TX taldearen kontzertua, Atsegindegin. Tokia mugatua da, eta gonbidapenak hartu behar dira Biteriko sarreran.

BIHAR
11:00, Artisau azoka, Atsegindegin. Gabiltza elkartea.
11:30, Esku pelota eta pala partiduak, kiroldegiko frontoian.
19:30, Maurizia naz dantza emanaldia, Aukeran dantza konpainiaren eskutik, Atsegindegin. Tokia mugatua da, eta gonbidapenak hartu behar dira Biteriko sarreran.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!