«Zaintzari emango diogu garrantzia, eta emozioei behar den tokia ematen ere saiatuko gara»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 19a, 00:00

Gazteen senitmenduak, beldurrak zein egunerokotasunak «askatzeko» gunea ere bada Gaztelekua.

Aurtengo egoera berria bada ere, indar berrituta dator Gaztelekua, aurrean jarriko diren «erronka berri horiek gainditzera, eta gaztea erdigunean jartzera». Hori horrela, datorren larunbatean, irekiko ditu ateak.

Datorren larunbatean, martxan jarriko da Gaztelekua. Bizi dugun pandemia egoera hau berria da, eta horrek, «erronka berriak» ekarriko dituela jakinarazi du Gaztelekuak. Hala ere, argi dute haien helburua gaztea erdigunean jartzea dela, eta gazteen «beharrak identifikatu eta erantzuna ematea».

Hori dela eta, aipatu moduan, Gaztelekuak, datorren larunbatean irekiko ditu ateak, eta lan taldeak azaldu du, haien asmoa dela «25ean bertan zerbitzua ematen hastea. Eta aurten batez ere, zentratuko gara Gaztelekua zerbitzu bat izatean, ez bakarrik espazio bat». Hau da, aisialdia Gaztelekutik kanpo ere egingo da, «gazteek beren aisialdiaz gozatzeko modu seguru bat izango dute, kaleak, eta horrelako espazioak gehiago erabiliko ditugu». Eta ekintzak kalean egingo direnez, ikusarazi nahi dute, Gaztelekua ez dela lokal bat bakarrik, «guk zerbitzu bat eskaintzen dugu, espazioaz gain».

Datorren asteburutik aurrera, presentzialki egingo dira ekintzak, «uztailean egin dugun moduan», hau da, asteartetik igandera bitartean egongo da aukera Gaztelekura joateko, edo antolatutako ekintzetan parte hartzeko, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.

«Alokairu zerbitzua jarriko dugu martxan»

Gaztelekuak, proiektu berri bat dauka eskuartean, eta laister jarriko da abian, «azarora begira». «Seguruenik, internet bidez eskainiko dugu zerbitzu hau. Eta eskainiko duguna zera da: taldeka izena eman behar da, gehienez 13 pertsonako taldeak onartuko dira, eta Gaztelekua bera alokatu dezakete, aukeratutako eta adostutako egunean. Gure helburua da, gazteek erabiltzea espazioa eta hemengo materiala, gu hemen beraiekin gauden bitartean, baina momentu horretan, apuntatu den taldearentzat bakarrik izango da espazio hori». Honekin, gazteek, Gaztelekuak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzeko aukera izango dute, hala nola, proiektorea edo beste hainbat material. «Alokatzeko garaian, adin tarteka egingo dugu, DBH 1 eta 2; eta DBH 3, 4 eta Batxilerreko lehenengo maila, eta bi egun desberdinetan jarriko dugu alokairu zerbitzua, denek goza dezaten, aukera honetaz». Hala ere, oraindik, Gaztelekuak gazteen iritziak jakin nahi ditu, hauen beharretara egokitzeko, «ea adin tartea ondo iruditzen zaien, ea zein egunetan ikusten duten bideragarriagoa alokatzea...». Gaztelekuak martxan jarriko duen alokairu zerbitzu hau, «guztiz partekatua izango da, azkenean nahi dugu gazteek izatea ahotsa, erabakitzeko ze egunetan nahi duten, nola... «.

Aforoa, aurtengo beste berrikuntza

Aipatu moduan, pandemiak eragindako egoera honetan, berrikuntzak eta egokitzapenak ekarri ditu hainbat lekutara, eta Gaztelekua ez da gutxiago izango. Izan ere, «espazio segurua izateko, bai lokal barruan gaudenean bai eta kanpoan gaudenean, murriztu egin dugu aforoa. Erabaki dugu, Gaztelekutik 30 gazte pasa daitezkeela egun berean, aldi berean berriz 13 gaztek bakarrik egon dezakete». Une oro eduki beharko da maskarila, eta Gazteleku barruan ezingo da «ez jan, eta ezta edan ere». Hala ere, Gaztelekuak azpimarratu du, kanpoan egingo dituztela ekintza asko, eta hor aforoa «haunditu» egiten dela, «segurtasun neurriak mantenduko ditugu. Ondoan daukagun terrazan 30 egon daitezke aldi berean, distantziak edukita». Hala ere, ekintza eta egoeraren arabera hartuko dituzte neurriak, «kanpora goazen ekintzetan, gehienez 13 pertsonako taldea izango da». Tenperatura ere hartuko zaie gazteei, eta horrez gain, beharrezkoa da «Gaztelekuko izen emate orria eramatea eta, Covid baimena. Gurasoen sinadurarekin ekarri beharko dute baimen hau, eta urtean behin betetzearekin nahiko da, baina derrigorrezkoa». Eskuragai egongo dira, aurrerago, Gazteria sailean, Gaztelekuan bertan, edo Sare Sozialetan.

Makina bat ekintza, aurrera begira

Gaztelekuak hainbat ekintza antolatuko ditu aurrera begira, hala ere, aipatu dute, hasieran dena motelago joango dela «nahi dugu jakin gazteek zer nahi duten, zein diren haien gogoak, eta horren araberako ekintzak ere antolatu nahi ditugu. Gainera, 1 DBHkoen lehen aldia izango da, eta horrexegatik nahi ditugu gauzak poliki egin, hauekin lehenengo kontaktua egin, soltura apur bat hartzeko». Kirolarekin lotutako ekintzak egiteko asmoa ere badago Gaztelekuan, baita sormena lantzeko tailerrak ere. Urriak 15ean adibidez, Amherrek imigrazinea eskainiko du «eta gu gazteekin goaz».

«Online zerbitzua ere, elikatzen jarraituko dugu»

Itxialdia gertatu zenean, Gaztelekuak, hainbat eta hainbat online ekintza antolatu zituen, «gazteekin kontaktuan jarraitzeko». Hori ez galtzeko, online zerbitzua «elikatzen jarraitu nahi dugu. Gure Sare Sozialak erabiliko ditugu horretarako, hala nola, Instagram eta Twitter». Horrez gain, Gaztelekuak, etorkizun «hurbil» bati begira, «blog moduko bat sortzea pentsatu dugu, gazteek beren iritziak publikatzea ahalbidetuko duena». Oraindik finkatu gabe dago, baina «espazio birtual honetan, gazteek eta Gaztelekuak partekatu ditzakete hainbat iritzi, pentsamendu...». Plataforma honekin ere, «gazteen parte hartzea sustatu nahi dugu». Eta online zerbitzu hauekin, «konfinatuta dauden pertsonei ere aukera eman nahi diegu aisialdiaz gozatzeko, nolabait».

Aurtengo erronka, «zaintza»

Gaztelekuak argi du, aurtengo erronka «zaintza» dela, «norbera zaintzea, eta bestea zaintzea, zein garrantzitsua den gure emozioei behar den tokia ematea, dauzkagun beldurrak plazaratzea, elkarbanatzea... eta hori guztia daukagu erronka gisa».

Gazteentzako mezua, Gaztelekuak

Orain arte bizitako pandemian, badirudi «protagonismo gehiago izan dutela, haurrek eta zaharrek, eta gazteak ahaztu egin zaizkigula». Horregatik Gaztelekuak, emozioak landu nahi ditu. «Gazteek bere lekua daukate herrian, sinistu behar dute haien buruan. Gainera, gizarteak gazteei ematen dieten lekua baino askoz ere gehiago balio dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!