Juanenea eta Endikak finalerako txartela dute gaur jokoan Kutxabank Torneoko finalerdian

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 19a, 00:00

Juanenea eta Endikak pasa den asteazkenean aukeratu zituzten finalaurrekorako sei pelotak.

Bi erremontistak Saldiaskoak dira eta Urriza dute zain finalean. Irabazleak bere lehenengo finala jokatuko du eta ligaxkan Juaneneak 28-30 irabazi zion Endikari orain bi aste finalerdietarako txartela eskuratu zutenean.

Buruz buruko Kutxabank Torneoa fase erabakiorrean sartu da txapelduna nor izango den jakiteko. Gaur finalerdia jokatuko da Galarretan, 17:00etatik aurrera, eta bertan Juanenea eta Endika ariko dira elkarren aurka. Irabazlea gaur zortziko finalera sartuko da eta bertan Urriza dago zain.

Gaurko bi aurkariak Saldiaskoak dira eta elkar ongi ezagutzen dute. Endikak eskarmentu haundia du eta aurretik ere emaitza oso onak lortu ditu buruz burukoan, baina irabaziz gero bere lehenengo finala jokatuko luke. Juanenearentzako lehenengo finalerdia da eta gutxik espero zuten honaino iristea.

Juanenearen bederatzigarren partidua txapelketan zehar

Orain arte Kutxabank Torneoan Juaneneak eman ditu ezustekorik haundienak eta gainera errekor bat ezarri du. Bederatzigarren partidua izango du gaurkoa eta ez da ezagutzen erremontistarik horrenbeste partidu jokatu dituenik buruz buruko txapelketa batean. Gainera emaitza ezin hobeak lortu ditu. Bederatzi horietatik zortzi irabazi ditu eta bakarra galdu, Urrizaren aurka. Orain hamargarren partidua jokatzea nahi du. «Ikaragarria izango litzateke eta seinale ezin hobea. Hala ere ez da erraza izango».

Endika bere aukera onenaren aurrean dago finalera sartzeko. Finalaurrekoa mugarri izan da berarentzat eta Utergak, Urrizak eta Barrenetxeak finalerako txartela gabe utzi dute behin baino gehiagotan. Juanenearen aurka galdu egin zuen ligaxkan, baina behin 17 tanto egin eta gero biak sailkatuta zeuden finalerdira. «Ez dut uste erreferentzi bezala hartu daitekeenik partidu hori».

Juaneneak material indartsuagoa eta Endikak, pelota biziagoak Juaneneak eta Endikak sei pelota banatu zituzten asteazkenean, bakoitzak hiru, Galarretan bertan. Kantxara salto egiten lehena Aritz Juanenea erremontista gaztea izan zen. Ligaxkan bigarren geratu zen eta gorriz jokatzeko ohorea du. Hamar minutu baino gutxiagotan 129, 128 eta 127 gramoko hiru pelota sartu zituen saskian. Bere aurkaria baino pelota indartsuagoak dira, eta gehiago mugitzea kostatzen da. Aurrelaria izanda, aurreko jokoa eta peloteoa interesatzen zaizkio gazteari.

Endika Urrutiak hartu zion lekukoa material aukeraketan. Denbora gehiago behar izan zuen, eta aukeraketa egitea, ohi bezala, ez zen bere gustukoa izan. Pelotak 129, 128 eta 128 gramo pisatu zituzten. Bere ezaugarriak ez dira bere herrikidearenaren berdinak. Pelota biziagoak eta bote altuagokoak nahiago ditu, baina guztiak berdinak izatea ere ez zaio atsegin Endikari. Sakearekin min egitea eta batez ere Juaneneak atzeko koadroetara korrika egitea du helburu.

Juanenea oso indartsu agertu da txapelketa guztian zehar. Pelota oso bizi irteten zaio eta min haundia egiten du peloteoan. Gainera tantoa amaitzen asmatzen ari da. Endika oso erremontista osoa da, ez du Juanenearen indarra, baina bai abilezia eta sakearekin min haundia egin dezake. Aurrelaria izan da eta kantxa osoan oso ongi moldatzen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!