«Presio pixka bat dut; lagunak eta familia etorriko dira ikustera eta zertxobait urduri nago»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 19a, 00:00
Unai Balerdi hernanairra, Kronikarako elkarrizketan.

Unai Balerdi hernaniarra Aukeran Dantza Konpainiako dantzaria da, eta bihar Hernanin ariko da oholtza gainean. 'Maurizia Naz' dantza ikuskizuna eskainiko du Atsegindegin.

Unai Balerdi Murias hernaniarrak 19 urte ditu eta Aukeran Dantza Konpainiako taldeko kidea da. Esperientzia zabala du dantza munduan eta txikitatik du arte honekiko pasioa. Oso goiz hasi zen dantzan, «9 edo 10 urterekin», eta ordutik eszenatoki askoren gainean aritu da emanaldiak egiten. Ttarlan hasi zuen bidea, Hernanin, eta atzera begira dio bertan dantzan aritu zeneko garaiko «oso oroitzapen politak» dituela.

Balerdik bihar du dantza emanaldia Hernanin, Atsegindegin. Aukeran Dantza taldearekin Maurizia Naz ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko 19:30etan. «Presio pixka bat dut; lagunak eta familia etorriko dira ikustera eta zertxobait urduri nago», aitortu du dantzariak. Donostiako Tabakaleran aurkeztu zuten dantza emanaldia, eta bihar Atsegindegira gerturatzen direnek Balerdi eta bere taldekideekin gozatzeko aukera izango dute.

«Madrilgo aukera azken momentuan baztertu nuen»

19 urteko gaztea bada ere, Balerdik ibilbide luzea du dantzari lanetan. Ideiak argi dituen mutila da, baina etorkizunean datorrenari ere «indartsu» helduko diola azaldu du. Dantza da bere pasio «bakarra» eta heldua denean honetan jarraitu nahi duela azaldu du.

Hernaniarra hainbat dantza talde eta konpainiatan aritu da dantzan, eta jende asko ezagutu du ibilbide guzti horretan. «Hernanin, Ttarlan, oso gustura ibili nintzen, baina ordutegi arazoengatik Oinkarira joan nintzen, Billabonara». Eta bertan zegoela, dantzari moduan bere ibilbideari 180 graduko aldaketa emango zion aukera eskaini zioten. «Etxe ondora hurbildu ziren dantzari batzuk eta balleta egitera animatzeko esan zidaten. Izugarri gustatu zitzaidan eta modalitate honetan buru-belarri hasi nintzen lanean», kontatu du Balerdik.

Horrela heldu zen hernaniarra Madrilera. «Dantza kontserbatorioan balleta ikasteko sarbide probak egin nituen, eta hautatua izan nintzen», azaldu du. Baina azken momentuan aukera ezeztatzea erabaki zuen: «etxera heldu nintzen eta pentsatu nuen hobe nuela unibertsitateko ikasketetan arreta jartzea». Horrela, gaur egun arkitekturako ikasketak burutzen ditu Balerdik, eta graduko bigarren mailan dago.

«Aukeran Dantza Konpainiara entsegu bat egitera joan nintzen eta taldeko kide izateko proposamena luzatu zidaten; bat-batekoa izan zen dena»

Arkitekturako ikaslea eta dantzari profesionala da. «Unibertsitateko gradu honetan sartzea ere bat-batekoa izan zen. Bartzelonara joan nahi nuen, deseinuarekin zerikusia zuen zerbait egitera. Baina ikusi nuen hemen horrelako antzeko zerbait egiteko aukera izango nuela eta berean, etxean ere egongo nintzen; eta horregatik aukeratu nuen arkitektura». 

Aukeran Dantza Konpainiako kideak, Tabakaleran aurkeztutako 'Maurizia Naz' emanaldian. Argazkia: Karlis Medrano.
 

Guztira lau dantza saio egiten ditu astean hernaniarrak: «Aukeranekin bi eta balletean beste bi». Gazteagoa zela Donostiako Thalia ballet eskolan egiten zuen dantza, baina orain Pasaian ari da dantzan, Iker Murillo koreografo eta dantzariarekin. Unibertsitateko eskolak ere arratsaldez ditu aurten, «baina nahiko ondo moldatzen naiz guztiarekin», azaldu du irribarre batekin.

«Bere pasioa erakusteko beldurra duen mutil horri esango nioke guztiaz ahazteko eta dantza gustuko badu, aurrera egiteko, merezi du eta!»

Ibilbide guzti honetan dantza modalitate ugari landu ditu Balerdik. «Guztia gustatzen zait eta hortaz, ez zait gustatzen bakar batean zentratzea; nahiago dut aldatzen joan. Momentu honetan nire gustukoena garaikidea dela esango nuke». Ttarla zegoela euskal dantza landu zuen gehienbat. «Oinkarin ere euskal dantza egiten nuen, baina orain ez dakit modalitatea zertxobait aldatuko zuten», kontatu du.

Dantza txapelketetan ere aritu da Balerdi dantzan. «Gustuko nuen txapelketetan parte hartzea, baina nahiago dut taldean dantzatu», onartu du hernaniarrak. Herrian bertan egiten diren dantza lehiaketetan hartu izan du parte, eta lehenengo postua lortu du behin baino gehiagotan. «Garai horretan balleta zen gehien gustatzen zitzaidana, eta egiteko gehiegi eta denbora gutxi nuenez, aukera batzuk baztertu behar izan nituen». Baina onartu du, orain «zoritxarrez» balleteko entseguetara ere gutxiago joaten dela. Unibertsitateko ikasketetan eta Aukeran Dantza Taldean du jarrita arreta guztia.

Balletean Donostiako Kontxako ohiko emanaldietako askotan egon da Balerdi, eta urtean zehar Donostiako kaleetan egiten ziren emanaldietan ere bere trebetasunak erakutsi ditu. «Eta bi urtean behin dantza emanaldi potolo bat egiten genuen balleteko taldekoek», gehitu nahi izan du.

Eta gainontzeko dantza taldeetan modalitate garaikidea eta beste dantza motak ere ikasi ditu. «Aukeran Dantza Konpainian, esaterako, hainbat modalitate nahasten ditugu», azaldu du.

«Dantzak esfortzu haundia eskatzen du»

Ados dago Balerdi, dantza mundua «sakrifikatua» dela esaten duten horiekin. «Batzuetan zenbait komentario entzuten ditugu dantza kirola ez dela edo esaten dutena; eta hori ez da horrela». Izan ere, ikusleek dutena azken produktua da. Dantzariak oholtza gainera igotzen direnean ordubeteko emanaldiaz gozatuko dute ikusleek, baina ziurrenik ez dute pentsatuko dantza ikuskizun hori egiteko hilabeteetako lana dagoela atzean. «Pausuak ikasi, estiramenduak egin, malgutasuna lortu... gauza dexente landu behar ditu dantzari batek».

«Entsegu batera joan nintzen probatzera, eta taldean sartzeko aukera eskaini zidaten»

Bihar Hernanin ariko da dantzan

Bi urte daramazki Balerdik Aukeranen, eta «asko» ikasten ari dela dio. Dantza munduan izen haundiko taldea da Aukeran, eta maila altuko dantzariek soilik dute bertan egoteko aukera. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz, pausoak mantsotuz edota deseraikiz. Aukeran taldea Donostian 1997 urtean sortu zen Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez; orduz geroztik ibilbide luze eta aberatsa jorratu du.

Balerdi joan den urtean fitxatu zuten: «entsegu batera joan nintzen probatzera, eta taldean sartzeko aukera eskaini zidaten». Bihar Maurizia Naz emanaldia aurkeztuko du Hernanin bere taldekideekin batera. Muruamendiaraz da ikuskizuneko zuzendaria eta koreografoa, eta beste lau dantzarirekin batera, «panderojole baten istorioa kontatuko dugu», esan du Balerdik. Emanaldiko sinplsiak interesa eta intriga ere pizten dio irakurleari: «Egunkari orri bati sua emanez panderoaren larrua berotu du Mauriziak. Kontu handiz, bizitzak erakutsi baitio beroa ez dela beti goxoa, gehiegi gerturatuz gero, garrek, pasioen antzera, erre egin zaitzaketela», aurreratu dute emanaldiko aurkezpenean.

Balerdi joan den urtean fitxatu zuten: «entsegu batera joan nintzen probatzera, eta taldean sartzeko aukera eskaini zidaten». Bihar Maurizia Naz emanaldia aurkeztuko du Hernanin bere taldekideekin batera. Muruamendiaraz da ikuskizuneko zuzendaria eta koreografoa, eta beste lau dantzarirekin batera, «panderojole baten istorioa kontatuko dugu», esan du Balerdik. Emanaldiko sinplsiak interesa eta intriga ere pizten dio irakurleari: «Egunkari orri bati sua emanez panderoaren larrua berotu du Mauriziak. Kontu handiz, bizitzak erakutsi baitio beroa ez dela beti goxoa, gehiegi gerturatuz gero, garrek, pasioen antzera, erre egin zaitzaketela», aurreratu dute emanaldiko aurkezpenean.

«Ez dut arazorik izan nire generoagatik»

Tamalez dantza munduan emakume gehiago ikusten dira oholtza gainean, gizonezkoak baino. Balerdik dio ez duela «inolako» arazorik izan bere generoagatik; alderantziz «txikitatik gozatu dut dantza munduarekin eta beti izan dut nire ingurukoen babesa».

Izan ere, oso txikitatik datorkio Balerdiri dantzan aritzeko zaletasuna. «Etxekoek kontatu didate nire osaba dantzari ospetsua zela herrian», eta hortaz, baliteke hernaniarraren dantzarako gaitasuna bertatik etortzea.

Etorkizunean ez daki zer egingo duen eta non egongo den, baina argi du dantzan jarraitu nahi duela. Arkitekturako graduan gustora dago balerdi, eta ikasketan bukatu nahi ditu, Donostian. Bere zaletasuna dantzatzea da txikitatik eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere. Balleta, dantza garaikidea edota euskal dantza, nork daki, baina herriko plazetan eta antzoki haundietan ere urte askotan dantzatzen jarraitzea da Unai Balerdiren ametsa.

Unai Balerdi 'Maurizia Naz' dantza emanaldian, panderoa eskutan duela. Argazkia: Karlis Madrano.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!