Lau kirol eta kultur ikastaro berezi aukeran, Hernaniko nerabeek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 18a, 00:00

Arku tiroa, mendiko bizikleta, mindfulness eta tatuaje diseinua egin ahal izango dituzte 12-17 urte bitartekoek. Izenematea zabalik dago, internet bidez edo telefonoz.

Nerabeei (12-17 urte) zuzenduta, hainbat kirol eta kultur ikastaro antolatu ditu Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Sailak, ikasturtearekin batera. Helburua da «zaletasunak garatu edo berriak to­patzea», eta ikastaro guztiak prestatu dituzte «modu seguruan garatu ahal izateko», azaldu dutenez.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arlokoak izango dira horietako bi. Batetik, arku tiro ikastaroa egingo dute, irailaren 21, 23, 25 eta 30ean, arratsaldeko 16:00etatik 17:30etara. Eta bestetik, mendiko bizikleta ikastaroa izango da, urriaren 5etik 9ra, 16:00etatik 18:00etara. Kaxkardi Kirol Elkarteko kideek gidatuko dituzte ikastaroak.

Bietarako, izenematea zaba­lik dago, eta internet bidez egin behar da, labur.eus/gy1CI helbidean. Doakoak dira, baina 10 eu­roko fidantza eskatuko da aurreneko saioan, eta bueltatu egingo zaie gero, ikastaro osoan parte hartzen dutenei. Informazio ge­hi­agorako, hainbat bide au­keran: Twitter eta Facebooke­ko @gaztetuhernani kontuak, Ins­ta­grameko @gazteria, 943 33 70 04 telefonoa, edota gazteria@her­nani.eus helbide elektronikoa.

Mindfulness eta tatuaje ikastaroak ere, aukeran

Kultur ikastaroak izango di­ra beste biak, Biterin eskainiko dituztenak. Mindfulness ikastaroa egingo dute larunbat goizetan, 11:30etatik 13:00etara, Danel Iñurriteguiren eskutik. Baraka Psikologia Integraleko Institutuko kidea da Iñurritegui: «helburua da arreta osoaren praktika zein den ezagutzea, ulertzea eta barneratzea». Zortzi saio izan­go dira, urriaren 3tik azaroaren 28rako larunbatetan. 22 euroko prezioa izango du.

Eta asteazkenetan, tatuaje diseinu ikastaroa eskainiko du Iñaki Urruzola tatuatzaile eta diseinatzaileak, 18:00etan hasi eta 19:30ak arte. Bertan ezagutuko dituzte, tatuajearen jatorria eta estilo nagusiak, baina batez ere, tatuaje diseinuak sortuko dituzte, eta norberaren marrazteko era garatuko dute, tatuajearen mundura bideratuz. Hamar saio izango dira, urriaren 7tik abenduaren 16ra bitartean; eta 25 euro dira.

Bi ikastaroek izango dituzte plaza mugatuak, eta izena ematen dutenen artean, zozketa egingo dute. Irailaren 30a izango da izena emateko azken eguna, labur.eus/YMC0m webgunean, edo 943 33 70 04 telefonoan (goizeko 10:00etatik 13:00etara). Zozketaren ondoren egin beharko dute matrikula, plaza dutenek; eta orduan ordaindu kuota.

Eskalada ikastaroa berriro, gazteentzat

Bestalde, Udalak jakinarazi du berriro eskainiko dela eskalada ikastaroa, 18-30 urteko gazteentzat, uztailean bertan behera geratu ondoren. Kaxkardik gidatuko du, Santa Barbaran, eta bost saio izango dira: irailaren 22, 24 eta 29an, eta urriaren 1 eta 2an. Plaza mugatuak izango dira, eta izena eman behar da, interneten: labur.eus/sz697.

Doakoa da, baina 10 euroko fidantza jarri beharko da, baina saio guztietan parte hartuz gero bueltatu egingo dute, ikastaroaren bukaeran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!