Diru-laguntzen deialdia, auzo elkarteentzako

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 00:00

Egoitza eta jarduera Hernanin duten auzo elkarteek eskatu ditzakete, eta urriaren 13an bukatuko da eskaera egiteko epea.

Auzo elkarteentzako 2020 urterako diru-laguntzak eskatzeko deialdia zabaldu zen astelehenean, eta datorren urriaren 13a da eskaera aurkezteko azken eguna. Laguntza horiek eskatzeko aukera izango dute legez osatu eta Auzo Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta dauden elkarteek. Horrez gain, onuradun izateko beharrezkoa da beraien egoitza eta jarduera-esparrua Hernanin izatea.

Laguntza hauen helburua da auzo elkarteen funtzionamendua erraztea eta auzoa hobetzeko egiten diren proiektuak eta jarduerak bultzatzea. Besteak beste, auzoek antolatzen dituzten jaiak eta kultur ekintzak egiten jarraitzeko emango dira diru-laguntza horiek.

Deialdi honetan diru-laguntzetarako aurreikusi den kopurua 120.000 eurokoa izango da; guzti horren funtsa da auzoetako jaiak diruz laguntzea eta, bestalde, auzo elkarteek antolatutako kultur jarduerei ere laguntza ekonomikoa ematea.

Aurten, salbuespen modura eta COVID-19aren ondorioz, Udalak jakinarazi du elkarte bakoitzak 500 euro jasoko dituela funtzionamendu gastuetarako. Hala ere, horretarako eskaera egin behar da, lehenik. Kopuru horretatik gorako gastuak izanez gero, funtzionamendurako gastu guztiak aurkeztu eta zuritu beharko ditu elkarte bakoitzak. Eta gehienez ere, 1.200 euro jaso ahal izango ditu.

Bestalde, diru partidatik soberan geratzen den dirua bi kopuru haunditan banatuko da: diruz lagunduko zaie auzoetako jaiei, %70arekin; eta %30arekin auzoetako jarduera kulturalei. Modu berean, Udalak adierazi du auzo elkarte guztiek ehuneko bera jasoko dutela.

Interesa duten pertsona edo kolektiboek Udalaren webgunean aurkitu dezakete informazio guztia: www.hernani.eus/eu/dirulaguntzak; eta Herritarren Harrera Zerbitzuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!