Herriko ondarea ezagutarazteko hiru ekimen antolatu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 00:10

Kaxkoa ere bisitatuko dute, urriaren 17ko bisita gidatuan.

Jardueretarako aurretik eman behar da izena, Udal Artxibo Zerbitzuan edo Turismo Sailean.

Datorren ostegunean abiatuko da OndarHernani ekimena. Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza da 2020ko Ondarearen Europako Jaur­dunaldiaren programaren izen­burua, eta aurten Hernaniko Udalak aurreneko aldiz hartuko du parte ekimen honetan. Europako Kontseiluaren jarduera da, eta ondarea herritarrengana hurbiltzea du helburu.

Ondarea osatzen duten elementuen gaineko sentsibilizazioa eta kontserbazioa sustatu nahi da programa honekin. Edizio honetan, antolatutako jarduerek transmisioaren zereginetan jarri nahi dute arreta, «betiere ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira».

Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak  koordinatzen du. Guztira ehun bat jarduera eta 150 ekitaldi inguru  programatzen dira lurralde osoan zehar; eta aurten 38 udalerritan egingo dira ekitaldiak, iraila eta azaroa bitartean. Interesa duenak, jardunaldi hauen berri ematen duten liburuxkak eskura ditzake, Biteri kultur etxean, turismo bulegoan edo udal artxiboan. Ondorengo webgunean ere eskura daiteke informazio guztia: gipuzkoa.eus.

Hiru jarduera, Hernanin

Ekimen honen helburuarekin bat egin nahi izan du Udalak, programaren bosgarren edizio honetan. «Hernaniko Ondarea ikustarazteko aukera ematen digu, duela urte batzuk antolatzen ari garen egitasmoei zabalkunde haundiagoa emateko aukera ematen digulako». Horrela, hiru proposamen egin ditu Udalak, iraila eta urria bitartean egiteko: datorren ostegunean, ondarea.hernani.eus webgunearen aurkezpena izango da Biterin, arratsaldeko 19:30etan. Urriaren 3an, San Joan Bataiatzailea parroki-elizara bisita komentatua (erderaz, soilik) izango da. Eta azkenik, alde zaharreko bisita komentatua egingo dute, urriaren 17an; euskeraz eta erderaz, txanda ezberdinetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!