Hernani Solidarioa

Hernani Solidarioa ekimenarekin 31 familiarentzat lortu zen laguntza

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 00:00

Osasun larrialdiak sortutako behar ekonomikoari aurre egiteko 7.175 euroko diru kopurua lortu zuten.

Osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, eta etxean konfinatuta egondako hilabeteetan izandako galera ekonomikoari aurre egiteko, Hernani Solidarioa ekimenean parte hartzen duten elkarteak (Amher, Iglesia cristiana evangélica de Hernani, Stop Desahucios, Atawafok), beraien artean koordinatzeko eta funts solidario bat aktibatzeko beharra ikusi zuten. Helburua zen lana galdu zuten eta baliabiderik gabe zeuden pertsonei laguntzea, oinarrizko beharrak asetzea.

Horretarako, dirua biltzeko kanpaina bat egin zen eta adierazi dutenez, «herriaren eskuzabaltasunari esker gauzatu zen». Guztira 7.175 euro bildu ziren eta horri esker, 31 familia-talderi lagundu ahal izan zitzaien, elikagai freskoak emanez: haragia, oilaskoa, arraina, higiene pertsonaleko gaiak, edota txartel mugikorren kargak, besteak beste. 

Guztiagatik, Hernani solidarioko taldeek eskerrak eman nahi dizkiete laguntza emateko parte hartu zuten banakako zein herriko komertzio guztiei.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!