Udal Euskaltegia

Zabalik da matrikula Udal Euskaltegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 15a, 00:00

2 eguneko moduloa, 4 egunekoa edota autoikaskuntza egongo dira aurten; eta aukera zabala eskaini dute ordutegi aldetik.

Zabalik da aurtengo ikasturtean matrikulatzeko epea, eta «denentzako moduko aukerak» daudela jakinarazi dute Udal Euskaltegiko arduradunek. «Oso pozik gaude gure ikasleek lortutako emaitzekin eta zorionak eman nahi dizkiegu joan den ikasturtean A1, A2 eta B1 mailako titulua akreditatu eta B2 eta C1eko titulua lortu duten gure ikasle guztiei». 

Aurten ere HABEren A1, A2 eta B1eko titulua euskaltegian bertan lortzeko aukera izango dute ikasleek. «Prest dugu jada esperientzia haundiko eta formazio oparoko irakasle taldea 2020-2021 ikasturterako, ikasleen beharrei ahalik eta txukunen erantzun eta helburuak lortzen laguntzeko», adierazi dute Udal Euskaltegian. 

Hainbat aukera eskaini dituzte Udal Euskaltegian aurtengo ikasturterako. Astean bi egunetako modulua, 4 egunetakoa (euskera azkarrago ikasi nahi duenarentzat) eta autoikaskuntza ere izango dute aurten. Azken hau online izango da, astean behin euskaltegira joanda.

Gainera, 2020-2021 ikasturteko ordutegia ere zabala izango da. Goizean, arratsaldeak eta ilunabarrean izango dira eskolak, «ikaslearentzat egokiena den orduan». 

Izena emateko hainbat bide
Aurtengo ikasturterako edozein mailetan izena eman nahi duenak Udal Euskaltegian bertan egin dezake inskripzioa. Karobieta auzoko 63garren zenbakian dago lokala, anbulatorio zaharrean. Goizetan 09:30etatik 13:30etara bitartean eta arratsaldetan, 16:30etatik 19:30etara bitartean eman daiteke izena. Hala ere, telefonoz ere egin daiteke, 943 331 896 telefono zenbakian; WhatsApp bidez 688 826 539 kontaktuan edo emailez, baita ere, euskaltegi@hernani.eus helbide e­lek­tronikoan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!