Gertakariak

38 pertsonari ireki diete espedientea, egungo osasun-arauak ez betetzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 15a, 00:00

Igande gauean kalean botiloia egiten ari ziren gazte talde haundi bati espedientea ireki diete, osasun publikoa arriskuan jartzeagatik. 

Kalean jende asko edaten ari zela ikusita, bizilagunak izan ziren Ertzaintzari deitu eta gertaeraren berri eman zutenak.  Dei baten bitartez jakinarazi zuten gazteak kalean zeudela edaten, talde haundi batean bilduta. Agenteak bertan zeudela, botiloia egiten ari ziren gazteak identifikatu zituzten eta Ertzaintzak jakitera eman duenez, horietako hogeita hemezortzi pertsonari administrazio-salaketa jarri zieten.

Astigarragako Sagardo Museoaren inguruan bildu ziren gazteak joan den igandean, botiloia egiteko. Talde haundi batean bildu eta jokabide horrek zuen arriskua ikusita, bizilagunek Ertzaintzari deitu eta zenbait polizia-baliabide gerturatu ziren gazteak bilduta zeuden lekura. Izan ere, horrelako jokabidea izateak eta pandemia kontrolatzeko ezarritako neurri murriztaileak ez betetzeak arriskua ekar liezaioke osasun publikoari. 

Azken egunetan beste hainbat salaketa egin dira lurralde mailan, horrelako gertaerak izan direlako. Eta egoeraren aurrean, kalean edateko bilkurak debekatuta daudela azpimarratu dute autoritateek.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!