Hernaniar ugari gaur, bigarren igandeko lehian

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 13a, 00:00

Kontxako Banderaren bigarren estropada jokatuko da Donostian, goizeko 10:00etan hasita. Publikorik ez da izango, oraingoan ere.

Ez da arraun zalerik izango gaur Donostian, Kontxako Bandera­ren bigarren igandeko lehia ikusten; ez hernaniarrik eta ez bestelakorik. Eta Maialen trainerua ere ez da izango bertan, aurtengoan. Baina protagonismo faltarik ez du izango Hernanik gaur ere, aurreko igandean bezala, itsasoko lehian.

Emakumezkoen estropadak jokatuko dira aurrena, eta hiru taldetan banatuta, arituko dira guztira hamar arraunlari hernaniar, edo Maialen traineruan ibilitakoak: Hibaikan Jone Pastor, Nerea Irastorza, Uxue Alberdi, Garazi Arabiotorre eta Estitxu Zabala; San Juanen Naroa Lizarreta, Olaia Barriuso eta Nahia San Argimiro; eta Tolosaldean Eider Barba eta Itxaso Aranburu. Goizeko 10:00etan hasita, aurreneko txandan ariko dira Hibaika eta San Juan, Hondarribia eta Zumaiarekin; eta ohorez­ko txandan Tolosaldea, Orio, Donos­tiarra eta Arraun Lagunakekin.

Ondoren, 11:00etan hasiko dira gizonezkoen estropadak; eta hiru hernaniar ariko dira, Do­nostiarra traineruarekin: Xabat Pastor, Jon Iruretagoiena eta Iban Verdugo. Au­rre­neko txandan izango dira, Urdaibai, Cabo eta Zarautzekin. Ondoren, ohorezkoan ariko dira Hondarribia, Zierbena, Santurtzi eta Orio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!