San Juan de la Cruz eta Bachen erritmora, urteurren borobila

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 13a, 00:00

Asteazkenean beteko ditu 20 urte Chillida Leku museoak, eta egun horretan bertan, ekitaldi instituzional batekin ospatuko dute, Amancio Prada bertan dela. Larunbatean, ekitaldi irekia.

Ospakizun astea izango du datorrena, Chillida Leku museoak. Izan ere, asteazkenean beteko dira 20 urte, Eduardo Chillidak museoa inauguratu zuenetik. Eta hori ospatzeko, bi ekitaldi antolatu ditu Chillida Lekuk, datozen egunetarako.

Asteazkenean bertan, ekitaldi instituzionala egingo dute, Chillida Lekuko Zabalaga baserrian; eta bertan izango da Amancio Prada konpositore eta kantautore ezaguna. San Juan de la Cruzen Kantika Espirituala eskainiko du Pradak, Eduardo Chillidari omenaldi gisa, «Gaztelako mistiko eta poetaren testuekiko mirespen haundia» sentitzen baitzuen eskultoreak. «Lan ugari eskaini zizkion Chillidak San Juan de la Cruz poetari, eta haren bertsoak etengabe idatzi zituen», azaldu dute Chillida Leku museoko arduradunek. Ekitaldi itxia izango da hori, distantzia tarteak errespetatzen direla bermatzeko.

 

Ekitaldi irekia larunbatean, Johann Sebastian Jazz bikotearen doinuekin

Irekia izango da, ordea, larunbaterako prestatu duten ekitaldia, urteurrena ospatzeko. Museoko zelaian egingo dute, eta Johann Sebastian Jazz bikotearen kontzertua izango da bertan. Arratsaldeko 18:00etan hasita, Iñaki Salvadorrek eta Alexis Delgadok pianoarekin eskainiko dituzte Johann Sebastian Bach konpositorearen pieza famatuen bertsioak, jazzera ekarritakoak.

Eduardo Chillidaren «konpositore kuttuna» izan zen Bach: «etengabe entzun zuen bere musika, bizitza osoan, eta funtsezkoa izan zen bere sorkuntza prozesuan», azaldu du museoak. Eskulturak, grabatuak, grabitazioak eta Homenaje a Juan Sebastian Bach liburua eskaini zizkion Chillidak Bachi; eta agur bat ere bai: Juan Sebastian Bach. Saludo. Moderno como las olas, antiguo co­mo la mar, siempre nunca dife­rente, pero nunca siempre igual.

Kontzertura joateko, sarrerak eskuragarri daude, 28 euro­an, museochillidaleku.com web orrian. Arratsaldeko 17:00etan irekiko dituzte Chillida Lekuko ateak, kontzertuaren aurretik museoa bisitatu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!