Ikasturtearen hasierarekin Euskaraldia- Euskara ari du ekimena ere martxan da Hernanin. Atzo izan zen prentsaurrekoa Biterin, aurtengo ariketa sozialaren funtsa zein den azaltzeko. Bertan izan ziren parte hartuko duten zenbait talde eta entitateen ordezkariak, Udaleko kideak eta herriko alderdi politikoen ordezkariak ere. Leire Otxotorenak gidatu zuen saioa, bera baita Hernaniko Euskaraldia-Euskara ari duren arduradun nagusia.
Xabier Lertxundik hitza hartu zuen prentsaurrekoan, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela «ekimena ez geratzea argazki soil batean edo bi astetako erronkan. Alderantziz, urte osoan zehar eta aurrerantzean ere luzatu behar dugu hartutako konpromisoa; lan haundia dago guzti honen atzean».
Era guztietako taldeek eman dute izena ariketa sozialean. Hala ere, Otxotorenaren esanetan, «batez ere esparru sozioekonomikokoak nabarmentzen dira . Batez ere enpresak, dendak, tabernak edota zerbitzuak dira». Izan ere, COVID-19ak eragindako alarma egoerak hasierako «estrategia aldatzea» ekarri zuen. Eta horregatik, aurtengo edizioan lan-munduarekin lotutako talde gehiagorekin bildu da Euskara ari du lan taldea, 2018garren urtean egindako dinamikan baino.
«Oso balorazio positiboa da»
Orain arteko balorazioa oso positiboa dela adierazi du Otxotorenak. «Ekimena aurkeztu zaien talde gehien-gehienek oso jarrera ona izan dute Herri Batzordearekin, eta hori benetan estimatzekoa da egungo egoera kontuan izanda». Bestalde, egungo egoera dela eta egin behar izan zuten estrategia-aldaketa horri esker, orain arte landu gabeko taldeekin bildu dira, eta «ekimenaren berri ez zuen jendeak ekimena zuzenean ezagutu du».
Eta ekimeneko arduradunak atzoko prentsaurrekoak adierazi zuen moduan, emandako estrategia aldaketari esker, «Euskara ari duren eragin-esparrua zabaltzeko aukerak ugaritu dira». Horregatik, balorazioa positiboa da.
Programazio oparoa antolatu dute udazkenerako.
Eta Otxotorenak gehitu du, atzoko aurkezpenera etorri ez ziren taldeak jakinarazi dutela, ezin izan dutela bertaratu, «ordutegia dela medio».
Euskerarekin eta hizkuntzarekin lotura duten saioak prestatu dituzte datozen hilabeteotarako. Irailaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, Kike Amonarriz izango da Biterin Euskararen bidegurutzetik liburua aurkeztera. Amonarrizek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko ezagutzak jendarteratu nahi izan ditu liburu horretan, «oso modu dibulgatiboan, edozeinek ulertzeko moduan», azaldu du Otxotorenak.
Hurrengo saioa ere Biterin izango da, irailaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan. Musika eta dantza izango dira nagusi Biterin. Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariak eta Miren Amuriza bertsolariak Gorria ikuskizuna eskainiko dute, bertsoa eta dantza flamenkoa uztartzen dituen ikuskizun esperimentala. Sarrerak salgai daude Dobera Euskara Elkartean; 8 eurotan bazkideentzat eta 10 eurotan gainerakoentzat.
Urrian, berriz, Joxerra Gartzia eta Gemma Sangines etorriko dira, Euskaraldian parte hartuko dutenei ariketa «arrakastaz» egin ahal izateko baliabideak eskaintzera. Joxerra Gartziak 4 saioko ikastaroa emango du urriaren 15ean hasita, Euskara zorrotz, hizkera bizi izenekoa. Ikastaroaren helburua euskara zorroztu eta biziagotzea izango da. Urriaren 23an, Gemma Sangines, TELP ikastaroen sortzaileetako batek, hizkuntza-asertibitatea lantzeko tailerra emango du eta «asertibitatearen bidez hizkuntza-ohiturak aldatzeko» baliabideak eskainiko ditu.