«Gure tranpolina Leitza izan zen, baina, planteatu, Ergobian egin zen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 12a, 00:00

Incansables txaranga 1971n, Basakabin; ezkerretik bigarrena, 'Canario', eta laugarrena, 'Zapa'.

Urte berezia da aurtengoa Incansables txarangarentzat, eta ez, ditxosozko Koronabirusagatik. Sortu zela 50 urte bete dira aurten, eta Joakin Ortega Villar, Canario hernaniarra, hasiera hartatik bertan jarraitzen duen musikari bakarrak, erretiroa hartzeko asmoa du. Txarangaren 50 urteetako ibilbidea bilduko duen diskoa ateratzekoa ere bada, liburuarekin batean.

Herriz herri, Euskal Herri osoan eta kanpoan, festetako soinu banda nagusia da oraindik ere Incansables txaranga. 1970eko udan elkartu ziren Ergobiako festetan jotzeko Felipe Sagarna Zapa hernaniarra (kaxa), Jesus Mari Zalakain Pipas villabonatarra (bonbardinoa), Jose Francisco Esnaola Paotxa tolosarra (tronboia), Txomin Castro Sietemesino villabonatarra (tronpeta) eta Joakin Ortega Villar, Canario (saxofoia).

Canario da, hain zuzen, hasiera hartatik martxan jarraitzen duen bakarra. Baina lehendik ere, amaren sabelean zegoenetik ia, musikari lotuta zegoen. Aurten erretiroa hartzeko asmoa azaldu du, baina belarriak erne, eta begitartea zimur, sumatzen denari adi egoten da beti.

Ergobiatik, Leitza eta Goizuetara

Hernanin Txatarra txaranga sortu zen 64an, eta bertan hasi zen Canario, 12 urterekin. Pipas eta Esnaolak ere bertan jotzen zuten, eta Zapatero ere koadrilakoa zen. Sietemesino Tolosako Kabi Alai txarangan, Inauterietako koadrilan aritzen zen villabonatar eta tolosarrarekin, eta bestalde, Hernaniko Bandara etorri zen.

«San Joanetan elkartzen ginen. Zezenak Plazan izaten ziren, eta bi txaranga aritzen ginen Elizako atariko bi arkuetan; Txatarra eta Beti Lagun. Badago argazki bat Onddi tabernan, 64ko ekainaren 25ekoa izango da. Horrela hasi zen gure historia. Ergobian elkar ezagutzen genuen laurok elkartu ginen, eta danborra falta genuenez,  Zapaterori deitu genion. Garai hartan, txarangetarako, han eta hemengoak elkartzen ginen».

Ergobian jotzen bi-hiru egun egindakoan, baten batek esan omen zien: «nahiko txukuna da, entzuten dena. Zergatik ez zarete urtero berdinak etortzen?». Zergatik ez? Pentsatu zuten. Eta hala, 71n, han-hemenka jotzen hasi ziren; Leitzan, Goizuetan eta Ergobian, besteak beste. «Beti esaten dugu gure tranpolina Leitza izan zela; aurreneko urtean Andoainen jo genuen egun batez, Villabonan beste batez... Baina Leitzan bost egun izan ziren». Eta a zer bost egun! «Planteatu, hala ere, Ergobian egin zen», argitzen du. «Aurrenekoz txarangako bostok jotzera Leitzara joan ginen, 1971n. Bost egun egin genituen jotzen, eta ezin genuen ikusten genuena sinistu; hango giroa eta jendearen gogoa! Han azaldu ziren denak blusa beltz eta galtza txuriekin, atzetik denbora guztian, hona eta hara, tabernaz taberna. Festetako laugarren egunaren bueltan, Larrea tabernan, bikote bat begira genuen, eta halako batean emakumeak galdetu zigun ea zein izen zuen txarangak. Ez genuen izenik. Eta, orduan, bistako arrazoiak medio, emakumeak aipatu zigun Los Incansables izan gintezkeela. Hurrengo urterako, festetako programari begira, izen bat eskatu ziguten, eta Leitzako emakume hark esandakoa gogoratu genuen. Harropuzkeria kutsua izan zezakeen, baina horrela geratu zen. Nork esango zigun txarangak beste bi edo hiru urte egingo ote zituen? Eta, azkenean, begira! 50 urte!».

Bederatziko txaranga

Pixkanaka, handitu egin zen txaranga. «Bostok aurreneko hiru denboraldiak egin genituen: 71, 72 eta 73 urteak. Beti, herri bakoitzean bertako bonbo eta txapak lagun. Kotxean izaten genituen, eta beti topatzen genuen haiekin moldatzen zen norbait. 1974an beste tronpeta bat gehitu genuen: Imanol Mujika, villabonatarra. Mexikarrak jotzeko ondo zetozen bi tronpeta. Lau denboraldi egin zituen gurekin. Baina, gero, erremontean ibili zen nire koinatuarekin (Joxe Mari Barrenetxea) Galarretan, eta utzi egin behar izan gintuen, ona baitzen».

«Ekainaren 27an, bandera jaitsieraren ondoren egiten dugun errondan urtero Hernaniko kaleetan ikusten dugun giroa deskribaezina da!»

Urte hartan kide gehiago ere gehitu ziren. «Bonbo eta txapak txarangan sartzea pentsatzen hasi ginen, eta 74an bigarren saxofoi baten beharra ere bagenuen». Izan ere, Canariok berbena taldeetan ere jotzen zuen 69az geroztik, tartean, Axintxio Barrenetxea koinatuarekin, eta askotan emanaldiek bat egiten zuten. Jose Mari Zaballos eta Manuel Roperok bete zuten paper hori. «Gu izan ginen bederatzi kideko txaranga formazioa sortu genuenak. 76az geroztik beti izan gara bederatzi. Gaur egun, askok, baita guk ere, hamarrekoa ere erabiltzen dugu, helikoia gehituta. Diskoetarako hamarrekoa erabiltzen dugu. Hernanin jotzeko ere, hamarrekoa, herri indartsua delako; berdin, Tolosan eta Iruñean. Bestela, normalean, bederatzikoa».

Indartu eta ezagun egiten hasi ziren. «Pixkanaka indarra hartu genuen. Jendeak jakin egiten zuen non joko genuen eta hara agertzen zen. Batzuetan, tabernetan sartu eta mahaietara igota jo behar izaten genuen, jendetzagatik. Behin bonbardinoak esan zion tronboiari: ‘azkenean sinestu egingo dugu!’ Beatles taldea bezala ginen, baina txarangen artean».

Hotsa aldatu zenekoa

Aurreneko hamarkadan ospe­a irabazi zuen Incansables txa­rangak. Adibidez, 76an hasi ziren Euskal Herriko Itzulian jotzen, eta 25 urtez aritu ziren gero. Baina, «81era arte, entseatu, batere ez! Urteak generamatzan jotzen, eta entseatzen hasi behar genuela pentsatzen hasi ginen, baina, Pipasek, ezetz. Azkenean, beste kontu batzuengatik, banandu egin ginen, eta ordutik aurrera ni hasi nintzen errepertorioa, konponketak i­dazten. Lehenago egiten nuen berbena taldeetan ere. Eta horrela, txarangaren soinua aldatzen hasi zen, besteekin alderatuta. Izan ere, txarangek ez zuten entseatzen, eta ez zituzten musikari berak mantentzen. Gu hasi ginen horrela. Entseatuta eta errepertorio berriarekin atera ginen aurreneko urtea 82a izan zen».

Txarangaren aurrenekoetako grabazioak ere ordukoak dira. «81eko denboraldi bukaerako banaketa medio, desegin egingo ginela zioen zurrumurrua zabaltzen hasi zen, eta, berehala, aurre egiteko, lapitzarekin idatzi nuen, beti bezala, bururatu zitzaidan musika guztia, eta LP disko bat grabatu genuen. Pare bat urteren buruan, entzuleek ondo hartu zutela ikusita, eta agenda betetzen ari zitzaigunez, beste bat grabatu genuen, portadan karikatura dibertigarri batzuk jarrita. Ordukoa da gure txarangaren adierazgarri den Los Incansables kalejira».

Udaletxeak Tilosetako kiosko azpiko lokala uzten zien. Gero, Musika Bandaren akademian, udaletxeko goiko pisuan aritu ziren, eta baita Sietemesinok Villabonan zeukan koadernaketa tailerrean ere. «Gero gaixotuta hil zen. Baina, 2010ean, 65 urterekin erretiratu zen, eta orduan, Santionen, nire koinatuak etxea daukan horretan entseatzen hasi ginen. Gaubela berbenakoak ere han biltzen ginen. Fundamentu pixka batekin aritu nahi baduzu, astean behin, behinik behin, entseatu behar duzu».

Eta pixka bat ez; fundamentu asko jarri zuten. «Gure errepertorioa txarangetako oinarrizko errepertorio bilakatu da, txaranga asko gu kopiatzen hasi

baitziren. Beste batzuk konponketak egiten zituzten, agian, baina txarangetarako errepertorioa paperean idazten zuen bakarra ni nintzen».

Bederatzikoa eta errepertorioa txaranga guztietarako oinarri bilakatu ziren bezala, Incansablesek beste marka bat ere utzi du, garai hartatik. «Orduan gehitu zitzaigun Luis Mari Berasategi Tate, txapekin. Garai hartan hemen erabiltzen ez ziren bateria erritmoak ezagutzen zituen; ska, adibidez, eta bururatu zitzaion txapak erabili zitzakeela bateriaren charleston edo charles efektua lortzeko. Aldaketa handia eragin zuen txarangaren soinuan, ordura arte perkusio guztiak batera jotzen baitzuen. Gaur egun, txarangen %90ek erabiltzen dugun modua da».

 

Joakin Ortega Villar, 'Canario', aurten erretiratzekoa da, Incansables txarangaren 50garren urteurrenarekin batera.

Ospea eta beste aldea

Mende erdiak askorako ematen du, eta txarangen hazi, oinarri eta eredu bihurtu duten ezaugarri asko pilatu ditu Incansablesek urte hauetan guztietan. Baita bizipen dibertigarri mordoa ere! Txarangaren historia biltzen duen liburuan gehiago jaso du Canariok, baina badira aipatu gabe utzi ezin diren batzuk.

1962ko Domun egunean jotzen; Canario, ezkerretik lehenengoa.

Esaterako, hegaldi luze askoa egin duen Paotxaren txantxangorriarena. 78an Ergobiako festetan Baccara izeneko ahots-bikote baten piezarekin ari zirela, The devil sent you to Loredo kantuaren leloan, Paotxak mikrofonoa hartu eta hor bota omen zuen: ‘a que te como el txantxangorri’, bere erremerre ahoskera bereziarekin. «Hain izan zen barregarria, hamarkada bat egin genuela kontuarekin». Eta zabaldu ere egin zen, txantxangorri zer zen jakin ez, eta norberaren bertsiora egokituta... Estatu osoko txarangek ere jo izan dute, eta telebistara ere iritsi zen!

Etxekoak ere izan ditu gogoan, Canariok. 1982an atera zen aurrenekoz Beti Egarriak koadrila, Hernanin, eta ordutik, Incansableseko 11 bat musikari joaten dira urtero haiekin ‘jotzera’. Jo, Incansableseko kideek jotzen dute, eta Beti Egarriak koadrilako kideek hainbat musika tresna lortzen dituzte, eta jotzeko imintzioak egiten dituzte. «Koadrila honen familia giroa da gehien gustatzen zaiguna». Horrexegatik, 2006an, 25. urteurrenerako koadrilarentzako pieza bat egiteko eskaera egin zioten Canariori. «Ez naiz gauzak enkarguz egiten dituen horietakoa, baina lapitzari punta atera eta zerbait atera zen. 2014ko Omenez diskoan dago kantu ezagun hori: la lara lara larara, beti beti egarriak.... «Ekainaren 27an, bandera jaitsieraren ondoren egiten dugun errondan urtero Hernaniko kaleetan ikusten dugun giroa deskribaezina da!».

Dena ez da izan poza eta algara, ordea, eta bizipen gogorrenen artean, agurrak aipatzen ditu. «Badauzkagu dagoeneko zortzi hildako». Zapa galdu zuten aurrena. «1980ko apirilaren 19an estatu terrorismoaren atentatu bateko biktima izan zen. Beldur handia pasa genuen. Hamabi hilabeteko epean 7 lagun hil zituzten Hernani inguruan, Buruntzaldean, eta jende ezagun eta herrikoiaren kontra egingo zutela zirudien, eta Hernani aukeratutako herria zela. Ordurako, txaranga ezagunena gurea zen, eta Hernaniko bakarra bertan, ni. Eta Margari (emaztea), Ainararekin haurdun. Zapa hil eta egun gutxira bilera egin genuen txarangako kideok, jarraitu edo ez erabakitzeko. Musikari pare batek utzi egin zuten; normala. Jendeak jarraitzera animatzen gintuen. Urte hartan bertan idatzi nuen Zapa kalejira, eta izen bereko beste kantu bat, Diamantes berbenarekin jotzen nuena, Luis Granderekin». Gainerako heriotzen artean denetik izan dute: gaixotasunak eragindakoak, ezustean harrapatu dituenak... «Ginga jarri diona, azkena, Landerrena» dio, minbiziak jota 26 urterekin hildako tronboi-jole lesakarra gogoratuta. «Baina, 50 urtetan, non ez dira izan horrelako kasuak?».

Aldaketen aurrean, eutsi

Baina jarraitu zuten. Noski, ez aldaketak egin beharrik izan gabe. Taldekideei dagokienez, «hasieran jendea bizi osorako sartzen zen txarangan, eta erretiratzen zen nahikoa zenean. Baina 90eko hamarkadan modu desberdinean hasi ginen». 20 bat urteren bueltako jendea sartzen hasi zen orduan, ikasten aritu eta lana bilatu bitartean aritzen zirenak.

«Txarangaren soinua aldatzen hasi zen, txarangek ez baitzuten entseatzen, eta ez baitzituzten musikari berak mantentzen»

Errepertorioan ere izan du horrek eragina. «Etortzen direnen musika maila gero eta handiagoa da, eta horren eraginez, egiten ditudan konponketak ere gero eta indartsuagoak dira. Momentu honetan denetik daukagu errepertorioan: musika herrikoiagoa eta kalejira, jota eta arin-arinak; mexikarrak, gure indargune eta adierazgarri direnak; rock and rolla; pasodobleak; swinga; 80eko kantuen pot-pourriak... Ikaragarrizko karpeta daukagu!». Ondo funtzionatzen dutenak ez dituzte baztertu, hala ere. Kalejirak, jotak, arin-arinak... Horiek jo behar dira. Are gehiago, Hernanin, gehien dantzatzen dem herria baita. Ohiz kanpoko herri aparta da. Hernani da gehien dantzatu eta jende gehien biltzen den herria. Gure adierazgarri dira musika herrikoia eta mexikarra. Eta jotzen ditugu cumbia, cha-cha-cha edo samba; Glenn Miller; udako modako kanta batzuk; ska, pot-pourriak edo Gloria Estefan eta Juan Luis Guerrarenak... Sinkopa asko eta lan handia daukate, baina kide gazte indartsuak dauzkagu. Baina elektrotxarangetarako afizioa gero eta handiagoa da. Hernanin, koadrilen egunean, batez besteko adina 40 urteren bueltakoa izaten da, nahiz eta kalea bete egiten den eta ikaragarri gustura jotzen dugun. Horregatik, gazteei gustatzen zaien errepertorioa jotzen hastearekin zalantza egiten dut».

«Hernani da gehien dantzatu eta jende gehien biltzen den herria»

Egoera bera aldatu egin da, gainera. «70-80eko hamarkaden artean urtean 120 data izaten genituen. Baina 2008ko krisiak eragina izan zuen. Orain badira gazteak, herriz herri 600 eurorengatik jotzen dutenak, eta lehen txarangak hiru egun egiten zituen herrietan, orain bakarra egiten du; noski, gizarte segurantza eta abar gehituta, aurrekontuari ere gehitu egin behar diozu, eta 1.300-1.400 euroren artean geratzen da. Oraindik horren bueltan mugitzen gara, baina auskalo».

Arima eta marka aldaketa

Aldaketa guztien aurrean, 50 urtez segitzea lortu dute, hala ere. Eta asmatu dutenik, ezin uka. «Guk gure marka izan dugu, eta gainontzekoek kopiatu egin digute!».

Horretan, Canariok berak izan du zeresana, nahiz eta berak nahiago duen ingurukoen gaitasunak azpimarratu. «Incansablesen errepertorioaren %90 inguru nirea izango da, 2016ra artekoa, baina etorri dira gazteak beste kantu batzuekin, eta indartsu ari dira. Etorri berriak, normalean, nahikoa izaten du errepertorioa ikasi eta jotzearekin, baina, hauek, denetik egiteko gai izateaz gain, artista hutsak dira!».

Badirudi, hortaz, badatorrela aldaketa. 50 urte nahikoak dira! Horrekin txarangaren izaera aldatuko da? Ez dakit. Baina, uste dut positiboa ere ez dela gaztez betetako herri batera iritsi eta haiek pentsatzea: ‘zer egiten du XVIII. mendeko agure honek hemen?’. Traba egiten hasiko naiz! Gainera, giltzurrunak, artrosi krisiak hezurretan... Hori ez da sendatzen. Amak esan zidan berak zuen guztia utziko zidala oinordetzan!».

Hasi etxetik, eta buelta

Hain zuzen, etxean hasi zuen musika ibilbidea, eta etxean bukatuko du. «Musikari familia izateaz harro nago. Gainera, amaren eta aitaren maila gainditu dute, eta nola! Izan ere, a ze belarriak dauzkaten bi artista hauek!». Alabez ari da. «Eta arduratuta egon nintzen e! Margariri esaten nion: ‘musikarako gorrak ateratzen badira, tripak jan beharrean izango naiz!’». Ez dago horretarako beldurrik.

Lanak bukatu dituela esatea, ordea, gehiegitxo da. «70 urte egiteko bidean naiz, eta hori ezin da konpondu! Jotzen 50 urte egitea ere, zenbaki borobila da. Egia da zerbait egiten jarraituko dudala... Fabrikan tornuarekin aritu denak bai, baina musikariak, horrela, dena kolpean uztea... Beste mundu bat da!».

Etxean ere, alabekin hasitakoa nola jarraitu ere badu. Saxoa edo helikoiaren ordez, ohikoa da orain, Canario biloba txikia besoetan duela ikustea. Incansablesen doinuak kantatzen dizkio belarrira, hark burua sorbalda gainean jartzen diola. Aitonaren kontzentrazio aurpegi bera jartzen zaio. Hau ere ez dator gorra, alajaina!

Txatarra txarangarekin Hernanin, 1964ko ekainaren 25ean. Biyok argazkiak.

 

Beti Lagun txarangarekin Hernanin, 1966ko ekainaren 25ean. Canario, aurrenekoa.

 

Arconada, Zamora, Idigoras, Lopez Ufarte… 81ean Liga irabazi zuten Realeko jokalariekin, Beti Lagun txarangarekin.

 

1970. Amaya taldea; baterian Axintxio Barrenetxea, eta saxoan, Canario.

 

Incansables txaranga Tolosan, 1974ko Inauterietan. Canario, aurrenekoa.

 

Incansables txaranga Laurent Jalabert txirrindulariarekin, 1994ko Itzulian. Canario, Jalaberten ondoan.

 

Incansables txaranga, 2015.

 

‘Iriki leyua, Angelita kantari ai da ta!’

Txintxo demonio bete zuen Canariok amaren nahia. «Semeren bat musikari izatea nahi zuen». Ikasketa ofizialetarako denbora gutxi izan zuen, 8 urte zituenetik 13 egin arte, baina bilatu zituen bestelako bideak.

«Hernanin jaioa naiz, 1951n (1951-11-19). Aita, Juan Ortega, Kanariar Uharteetakoa zen. Ama, Angela Villar, Ibaetako Sagastiburu baserrikoa. Musika-zale porrokatua zen ama, eta ezaguna zen bizilagunen artean, zarzuelak eta beste gauza batzuk oso ondo kantatzen zituelako. Karkabako bizilagunek sarri esaten zuten: ‘iriki leyua, Angelita kantari ai da ta!’.

Semeren bat musikari izatea nahi zuen amak. Zazpi urterekin jaso nituen aurreneko musika klaseak, parrokiako organista Don Jesus Zubimendiren eskutik. Zortzirekin eseri nintzen aurrenekoz piano baten aurrean. Baina jaso nuen aurreneko eta azkeneko piano klasea izan zen. Momentu hartan bertatik pasa zen Don Jose Antonio Ruiz Bona, herriko musika bandako zuzendaria, eta esan zuen: ‘mutiko hau urtebetean bandarako klarinetea jotzen aritu daiteke’. Hura entzun, eta pianoari tapa jaitsi nion.

Bederatzi urterekin hasi nintzen bandan, rekintoarekin (klarinete txikiago bat), 1960ko abenduaren 24an, galtza motxetan. 12-13 urtera arte jarraitu nuen ikasten, eta orduan, zuzendariak esan zidan Donostiako kontserbatorioan matrikula egingo zidala, oboerako. Zer zen ere ez nekien. Baina sei hilabetera, Tolosako Bandatik deitu zioten, eta hara joan zenean bukatu egin ziren nire ikasketak. Ez dut gehiago ikasi. Belarritik tira dut asko, eta begiratzetik. Bandan jarraitu nuen rekintoarekin, 18 urtera arte. Bandako musika tresnen altuerak ezagutzean, akordeen inguruan galdezka hasi nintzen, batez ere, piano-joleei. Instrumentu monofonikoa jotzean, aurreneko ahotsa egiten duzu, baina sekretua bigarren ahotsean dago, eta txarangetan entzuten dira gaizki egindako duoak! Niri armoniak zaintzea gustatzen zait, eta diskoetan ikusten da. Hortik aurrera, saltsero hutsa naiz... Saxofoia jotzen zuen bati galdetu nion, eta klarinetearen antzekoa zela. Hodi bat, azken batean. Berbena talderako, berriz, tronpetak behar zirela-eta, ahokoarekin probak egin eta... aurrera! Soldaduskan, bestalde, Caceresen, Ondarroako batek erakutsi zidan flauta jotzen, eta Arrasateko batek tronboi irristailuduna. Horrela, denekin nahasian ibili izan naiz.

Hernaniko Bandan ari ginela, 16-17 urterekin, bururatu zitzaigun berbena talde bat egitea, Amaya, tartean, Axintxio Barrenetxea, koinatua zegoela, eta Tati, tronpetan. Teklista bat ere bai. Orduan 23-24 urterekin jende asko ezkontzen zen. Hernanin monopolioa zuen talde bat bazegoen, akordeoia, saxoa eta bateriak osatua. Ez zuten kantatzen. Saxoa, gero banda 25 urtez zuzenduko zuena, Manolo Sagarna zen. Epelekon egiten ziren ezkontza gehienak; Fagollagan ere bai, batzuk. Gu, lau gazte, Un rayo de sol edo Ibiliko gera kantari, 23 urteko baten ezkontzan... Guregana etortzen hasi ziren. Sagarna, urtean 40 bat ezkontza egitera ohituta zegoen... Haserrea sortu zen musika bandan, eta kaleratu egin gintuzten. 1960ko abenduaren 24an sartu nintzen, 9 urterekin, eta 70eko abuztuan atera nintzen. Amak galdetzen zidan: ‘zer egingo duzu orain?’. Dena den, bandan ez da dirua egiten; herriko bandan jotzen duenak maitasunagatik egiten du. Baina, begira, astebetera Ergobiakoa atera zen».

Canario, Hernaniko Bandan galtza motxetan jotzen, 1962an.

 

Incansables txarangaren 50 urteak biltzen dituen diskoa

Txarangaren ibilbidearen adierazgarri diren piezak bilduko dituzte bertan, historia jasotzen duen liburuarekin batera argitaratzeko.

Asmoa zen Incansables txa­ran­­garen ibilbidea laburbiltzen duen diskoa eta liburua maiatza al­­de­ra argitaratzea. Koronabirusak dena hankaz gora jarri du, or­dea, eta oraindik ez dakite oso ondo noiz argitaratu ahal izango du­ten.

Dena den, materiala prest dau­ka­te, eta bilduman zer jaso nahi duten ere bai. Canariok, In­can­sablesen 50 urteak bertan bete dituen bakarrak, aurreneko pertsonan kontatuko ditu hain­bat bizipen, txarangaren his­to­rian zehar gertatutakoak. Mu­si­kari dagokionez, 50 urte horietako doinu esanguratsuenak edo­ta ibilbide horretan esanahi be­re­ziren bat hartu dutenak sar­tu­ko dituzte. Gehienak, nola ez, bereak. Bederatzi bat piezako dis­koa izango da. Horrela azaltzen ditu berak pieza bakoitzak dauz­kan esanahiak eta horiek au­ke­ra­tu izanaren arrazoiak.

1. El Zapa (Martxa): 96an grabatutako Leitzaz gero 25 urte diskotik hartua. «Soinu zaharra nabarituko da, soinu kalitatean izan den aldaketa jasotzeko».

2. Leitzako herriari: 1995eko ekainaren 18an, Incansables txarangaren 25. urteurrenaren harira, omenaldia antolatu zen Leitzan. «Emazteekin joan ginen eta festa handia izan zen. Horregatik, pieza hau egin nien, opari». Partitura Leitzako herriari eman zitzaion, eta alkateak jaso zuen.

3. 30 años (Corrido). Giro Bero diskorako 2000an grabatutako corrido mexikarra.

4. Zapatan Rapsody Opus. 40. 2010eko 40 urte diskoan jasotako baltsa.

5. Txomin. «Sietemesinori egin nion habanera. Zapa bezala, sortzaileetako bat baita, hilda dagoena».

6. Dulce condena de oro 2015. «Francisco Esnaolak 50 urte egin zituen ezkonduta. Oso ondo konpontzen gara, eta Tolosan elkarrekin jotzen jarraitzen dugu. Balts hau egin nion».

7. Orbagur 50. «Nire agurrerako egin dut. Ainara berehala konturatu zen izenak zer gordetzen duen: alaben abizenak, Ortega eta Barrenetxea. Martxa hau egin dut, hiru laukoan. Ez da baltsa!».

8. Los Incansables. 40 urte diskoan jasotakoa, «diskoa ixteko».

9. Musika, maisu. Balts peruarra. «Ainarak Landerri (bikotea) egindakoa. Gogorra izan zen».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!