MUSIKA ESKOLA

«Emanaldian ezin baditugu muxuak fisikoki eman, modu magiko batean egingo dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 10a, 00:00

Joxemari Agirretxe, Maribel Insausti eta Oier Agirresarobe, aurkezpenean.

'Bizi dantza' emanaldia eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, bi saiotan, larunbatean Atsegindegin. Bigarrenerako sarrerak badaude oraindik, Musika Eskolan edo 'katxiporreta.eus' webgunean.

Urtero bezala, «baina aurten zalantza askorekin», Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ekarriko ditu herrira Hernani Musika Eskolak. Etzi izango da, larunbatarekin, eta saio bakarra ez, bi eskainiko dituzte, arratsaldeko 16:30etan eta 19:00etan, Atsegindegin: «250 lagunera mugatu behar izan dugu aforoa, eta aurreneko saiorako sarrerak azkar saldu zirenez, bigarren bat antolatzea erabaki genuen», azaldu zuen Musika Eskolako Maribel Insaustik, emanaldiaren aurkezpenean.
19:00etako saio horretarako sarrerak badaude oraindik, eta Musika Eskolan edota katxiporreta.eus webgunean eskuratu daitezke, 8 euroan.
Horrelako emanaldiak antolatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Oier Agirresarobe zinegotziak: «bereziki garrantzitsuak ditugu, une honetan, irribarreak, abestiak, dantzak... Ikasturtea ezin hobeto hasteko  modua da pailazoen bisita, bihotza pozten baitigute».

Euskal dantzak taula gainera, doinu eta letra berriekin
Bizi dantza izeneko emanaldia da aurtengoan eskainiko dutena, eta euskal dantzak izango dira protagonista: «euskal dantzak eskainiko ditugu, baina doinu eta letra berriekin, Xabier Zabala eta Leire Bilbao musikariei esker», aurreratu zuen Joxemari Agirretxek, Porrotx pailazoak, aurkezpenean.


Hernaniarrak alaitzeko asmotan etorriko dira pailazoak, beste behin: «saiatu gara asmatzen, gure sudur gorrietatik nola aldatu dezakegun mundu gris hau. Biodibertsitatea erdira jaitsi zaigu, eta gizakiak gora goaz. Guztiaz jabetzen ari gara, baina babesa gutxitzen ari zaigu. Mundua arazoz beteta daukagu, eta hori aldatu behar dugu».
Animalien azaletik arituko dira dantzan, taula gainean: «landuko dugu, alegien eta euskal dantzen bitartez, generoaren gaia, botere-harremanak...». Norberaren «barruko animalia» atera, eta dantzan egitera animatu dituzte herritar guztiak.
Agirretxek azaldu zuen, era berean, azken hilabeteetan «nabarmen» geratu dela agerian, kulturaren beharra: «balkoietatik dantzatu, kantatu eta musika jo dugu. Kulturan, egoera oso prekarioan geunden, eta orain zerora jaitsi da. Egoera oso tamalgarria da».
Horregatik, plazara aterako dira etzi, elkarri maitasuna banatzera: «ezin baditugu muxuak fisikoki eman, modu magiko batean egingo dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!