Dobera

Kromiki Lehiaketa martxan, adin guztietako sortzaileentzat

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 00:00

Kronikan argitaratzen diren Kromikien tamainakoak izan beharko dute lanek.

Doberak antolatu du, haur, gazte eta helduen artean «euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoz».

Lehiaketa berezia jarri du martxan Dobera Euskara Elkarteak, «haur, gazte eta helduen artean euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko as­moz». Kromiki Lehiaketa anto­latu du, adin guztietako sortzaileei zuzenduta. Izan ere, hiru kategoria izango dira: haurrak (6-11 urte), gazteak (12-17 urte), eta helduak (18 urtetik gora).
Hernanirekin zerikusia duten komikiak izango dira, eta testuek euskeraz idatzita behar dute. Tamaina, Kroni­kan argitaratzen diren Kromikien berbera izango dute: 26 zen­­timetroko zabalera, eta 7,3 zen­ti­metroko altu­era. Txuri-bel­tzean zein kolo­re­tan egin daitezke.

Lanak aurkezteko epea, urriaren 16ra arte

Aurkeztutako lanek originalak izan behar dute, beste inon aurkeztu gabekoak; eta Kromikiak ezin du egilearen izenik izan agerian. Partehartzaile bakoitzak, Kromiki bakarra aurkeztu ahal izango du. Urriaren 16ra arte izango da lanak entregatzeko epea, eta euskarri fisikoan zein digitalki aurkeztu daitezke; bietan, plika-sistema erabiliko da, lehiaketaren gardentasuna bermatzeko.

Euskarri fisikoan entregatzeko, Doberaren bulegora (Larramendi kalea 11, behea) eraman behar da: Kromikia gutunazal haundi batean sartu behar da, kanpoan izengoitia jarrita; eta gutunazal txikiago batean sartu beharko da plika, egilearen izen-abi­zenak, adina, kategoria eta harremanetarako datu­ak ze­haz­­tuta. Bulegora azaldu au­rre­tik, komeni da elkartera deitzea, hitzordua zehazteko.

Modu digitalean aurkezteko, aldiz, PDF formatuan bidaliko da Kromikia, dobera@dobera.eus helbide elektronikora. Aurreko sistema bera bermatzeko, bi do­­kumentu bidali beharko ditu par­te­har­tzaile bakoitzak: bate­an Kromikia bera egongo da, eta bestean plika, datu pertsonalekin. Aurre­ne­ko dokumentuari, izengoitia jarri beharko zaio izenburu gisa; eta bigarrenari, berriz, (Izengoitia)ren plika.

Hiru Kromikilari, epaimahaikideak

Lan guztiak jasota, epaimahaiak baloratuko ditu. Kronikako hiru Kromikilarik osatuko dute epaimahaia, hain justu: Ana Alman­dozek, Alai Zubi­mendik, eta Ainara Azpiazu Axpik.

Hirurek elkartuta ebaluatuko dituzte lanak, eta azaroaren 2a baino lehen emango dute epaia. Sare sozialen eta dobera.eus web orriaren bitartez zabalduko ditu irabazleen izenak, Doberak. 

Sari hirukoitza, kategoria bakoitzeko irabazleak

Kategoria bakoitzean, sari hirukoitza jasoko du irabazleak: komiki sorta bat, bere Kromikia  Kronikan argitaratzea, eta ilustratzaile-epaileen ilustrazio pertsonalizatua. Haurren kategoriako irabazleari Ana Almandozek egingo dio, gazteen kategoriakoari Alai Zubimendik, eta helduetan irabazten duenari Ainara Azpiazu Axpik.

Gainera, lehiaketara aurkeztutako Kromiki guztiekin, liburuxka bat osatuko du Doberak, eta PDF formatuan helaraziko die partehartzaile guztiei. Doberaren webgunean ere jarriko da, deskargatzeko moduan. 

Komikien inguruan, zenbait azalpen eskaini dizkie Alai Zubimendik, bideo bidez, parte hartu nahi dutenei:





Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!