Aire libreko ikastaroak izango dira nobedade nagusia, ikasturte berriko kirol jardueretan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 00:00

Ane Ibarburu eta Esti Aldeiturriaga zinegotziak, atzo, atletismo pista berrituan.

60 ikastaro antolatu dituzte aurten; horietako hiru aire librean, aurrenekoz. Zabalik dago izenematea, guztietan. Ikasturteari hasiera emateko, ekintza berezia prestatu dute larunbat honetarako: herriko anfibio eta narrastiak ezagutzeko irteera, Aranzadik gidatuta.

Ikasturte berezia izango da aurtengoa, kirolari eta jarduera fisikoari dagokienez ere. Baina ez dute aukerarik faltako hernaniarrek, horretarako: 60 ikastaro antolatu ditu Hernaniko Udalak, 800 plaza ingururekin; eta hiru ikastaro izango dira aire li­brean, nobedade bezala.

Ikasturte bereziari, gainera, modu berezian eman nahi izan diote hasiera, eta irteera antolatu dute larunbat honetarako: herriko anfibio eta narrastiak ezagutuko dituzte, Aranzadi Zien­tzia Elkarteko biologo­en es­kutik, goizeko 10:00etan Ekogu­neatik abiatuta. Bertara oinez joateko, 09:00etan jarri dute hitzordua, kiroldegiko beheko sarre­ran. Doakoa izango da par­tehartzea, baina gonbidapena eskatu behar da, internet bidez, etzi arte: bibe.me/events. Bakoitzak lau gonbidapen hartu ditzake, eta 20 laguneko taldea izango da gehienez ere.

«Osasuna eta natura uztartuz hasi nahi izan dugu ikasturtea, garai honetan bereziki garrantzitsuak ditugulako biak», nabarmendu zuten Esti Alde­i­­tu­rriaga eta Ane Ibarburu zine­gotziek atzo, atletis­mo pista be­rri­tuan egin zuten aurkezpenean. Bertan aurkeztu zituzten, aurtengo ikastaroak eta izango diren nobedadeak ere: «garrantzia haundia ematen diegu osasun mentalari eta fisikoari, eta horren aldeko apustua eginez osatu dugu ikastaro sorta».

Izenematea zabalik, aurreneko hiruhilekoko ikastaroetan

Helduei zuzendutako ikastaroak dira aurkeztu zituztenak, eta urrian jarriko dira martxan: «haurrentzako ikastaroen berri aurrerago emango dugu, eskolekin eta eskola kirolarekin koordinatu ondoren», azaldu zuten. Ikastaro gehienak hiru hilabe­te­koak izango dira, eta ez da urte osoko ikastarorik izango. Ho­rrela, aurreneko hiruhileko ho­netarako, dagoeneko eman dai­teke izena, irailaren 20ra bitartean, hernani.eus/kirola web orrian; edo kiroldegian bertan, aldez aurretik txanda eskatuta telefonoz (943 55 21 85).

Ikastaroen aforoa murriztu dute, eta neurri zorrotzak hartu, baina nahi dute herritarrek garrantzia ematea jarduera fisikoari, eta lasai gerturatzea ikastaroetara. Horretarako, era berean, toki berezia gorde diete adineko pertsonei, «pandemiaren ondorioak gehien pairatu dituzten horiei».

Eta horregatik antolatu dituzte, baita ere, aire libreko hiru ikastaroak: Martxan jarri! adinekoentzat; Hernanin barrena kirola egiten ohituta daudenentzat; eta Zirkuituak aire librean hasiberrientzat.

KIROL IKASTAROAK

AIRE LIBREKO JARDUERAK

Jarri martxan! (adinekoentzat):
Astelehen eta ostegunetan, 11:00-11:50.

Hernanin barrena:
Astearte eta ostegunetan, 15:00-15:50.

Zirkuituak aire librean:
Astearte eta ostiraletan, 18:00-18:50.

Hernanin barrena+zirkuituak aire librean:
Astelehen eta ostegunetan, 19:30-20:20.

60 URTETIK GORAKOENTZAT

Pilatesa +65:
Astelehen eta ostegun, edo astearte eta ostiral, 11:00-11:50.

Multijarduera:
Asteazkenetan, 11:00-11:50.

Multifitnessa +65:
Astelehen eta ostegunetan, 11:20-12:10.

Ziklo indoor +65:
Astearte eta ostiraletan, 11:00-11:50.

LEHORREKO JARDUERAK

Aerobika-multifitnessa:
Astearte eta ostegunetan, 09:15-10:00 edo 19:00-19:50.

Zunba:
Gazteak astearte eta ostegunetan 17:00-17:50.
Helduak astelehen eta asteazkenetan, goizez edo arratsaldez; edo astearte eta ostegunetan iluntzean.

Multifitnessa:
Astearte eta ostegunetan, 10:10-10:50 edo 18:00-19:20.

Konbinatuak:
Walking+TRA astelehen eta asteazkenetan 19:30-20:20.
Pilates+zunba astelehen eta asteazkenetan 09:30-10:20

Pilatesa:
Astean bi egunez, goizez edo arratsaldez; edo ostiraletan bakarrik, 15:00-15:50.

Ziklo indoor:
Astean bi egunez, goizez edo arratsaldez; edo ostiraletan bakarrik, 19:00-19:50.

Indoor walking:
Astean bi egunez, goizez edo arratsaldez.

Zirkuitu entrenamendua:
Astelehen eta ostegunetan, 16:00-16:50.

Multijarduera (ziklo indoor, zunba, pilates...):
Astearte eta ostiraletan, 16:10-17:00.

Korea+luzaketak:
Astelehen eta ostegunetan 09:20-10:10, edo asteazkenetan 07:25-08:15 edo 16:00-16:50.

Korea:
Astelehenetan 18:30-19:00, edo asteazkenetan 17:30-18:00.

Hipopresiboak:
Astearteetan 19:30-20:00, edo ostegunetan 10:30-11:00 edo 18:30-19:00.

Hipopilatesa:
Astelehen eta asteazkenetan 18:00-18:50, edo asteazken eta ostiraletan 08:30-09:20.

Hipopresiboak+luzaketak:
Asteazkenetan 12:30-12:50.

Hipopresiboak+luzaketak (erditu ondorenerako):
Astearteetan 10:30-11:20.

URETAKO JARDUERAK

Helduentzat (16-65 urte):
Hastapena, mantentze igeriketa, aquagyma, eta aquagym+pilates. Astean bi egunez, goizez edo arratsaldez; hiru hilabeteko ikastaroak.
Haurdunak, astearte eta ostiraletan 13:00-13:50, hilabeteko ikastaroa.

Adinekoak (65 urtetik gora):
Hastapena, mantentze igeriketa eta aquagyma. Astean bi egunez, goizez; hiru hilabeteko ikastaroak.

Igeriketa egokitua:
Helduentzat, astelehen eta ostegunetan 13:00-13:45. Hilabeteko ikastaroa.

Forma fisikoa hobetu:
Astean bi egunez, goizean edo eguerdian. Hilabeteko ikastaroa.

*Ikastaro guztien informazio osoa ikusgai, hemen klikatuta edo albistearen bukaeran.
Ikastaro guztietan izenematea, hernani.eus/kirola web orrian edo kiroldegian (aurrez ordua hartuta 943 55 21 85 telefonoan), irailaren 20ra arte. Zozketa irailaren 21ean, 12:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!