Pentsiodunak

Pentsiodunak ez dira elkartuko oraingoz, herriko egoeragatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 00:00

Atzo heldu zieten kontzentrazioei berriro, Euskal Herriko pentsiodunek; baina Hernanin, «tentuz» jokatzea erabaki dute. 

Atzo bueltatu ziren pentsiodunak astelehenetako kontzentrazioetara, Euskal Herriko hiriburu eta herrietan.­ Baina Hernanin ez dira elkartuko oraingoz, herrian dagoen egoera dela eta: «COVID-19aren pandemiagatik, segurtasun eta higiene neurriak bete ditugu gure osasuna bermatzeko, kontzentrazioak egin ditugun azken hilabeteotan; eta hala jarraituko dugu. Baina Hernanin sortu den egoerak, kutsatutako pertsonekin, tentuz jokatzera behartu gaitu». Horregatik, Hernaniko Pentsiodunen Asanbladak dio, «egoerak zein garapen duen baloratu» nahi dutela, «epe laburrean» berriro heltzeko kontzentra­zioei: «izan ere, arrazoi asko dauzkagu mobilizatzen jarraitzeko, gure aldarrikapenen defentsan». Egoeraren ebolu­zio­aren arabera, jakinaraziko dute noiz helduko dieten berriro, astelehenetako kontzentrazioei.

Zentzu horretan, diote egungo osasun krisiak, «eta horrek eragindako krisi ekonomikoak», lan erreformetan eta pentsioetan ere eragin duela: «lana prekarizatu eta pentsioak murriztu dira, eta horietako asko ez dira iristen soldata minimora ere; bereziki emakumeen kasuan, eta zehazki alargunetan, haiek baitira kaltetuenak».
Mendekotasunaren gaiak du­en garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute pentsiodunek: «eta bereziki zaintzarena, bai egoitzetan eta baita etxeetan ere. Horregatik, uste dugu gure aldarrikapenetan lehentasuna izan behar duela, neurriak hartu eta baliabideak eskaini daitezen».

Azkenik, gogorarazi dute hilabete honetan bilduko dela berriro Toledoko Hitzarmena, eta epe laburrera berretsiko direla Bruselako akordioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak: «horiek guztiek eragina daukate pentsioetan, osasungintzan eta mendekotasunean. Beraz, hamaika arrazoi dauzkagu, borrokan jarraitzeko», aldarrikatu dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!