Adinekoen egoitza

38 lagunek eman dute positibo, adinekoen egoitzako probetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 8a, 00:00

Aurreneko kasua detektatu zutenetik egindako PCR probetan, 26 egoiliarrek eta 12 langilek eman dute positibo; batzuek, bigarrenean.

Atzo eman zuen aditzera Hernaniko Udalak, adinekoen egoitzan egindako PCR proben azken eguneratzea: 38 lagunek eman dute positibo, guztira. Horietatik 26 dira egoiliarrak, eta beste 12 bertako langileak.

Abuztuaren 31n aurreneko kasua detektatu zutenetik, isolatuta egon dira harekin kontaktu zuzena izan zuten guztiak, eta PCR probak egiteari ekin zioten: horiei aurrena, eta egoitzako gainerako egoiliar eta langile guztiei ondoren.

Azkeneko datuen arabera, 29 ziren kutsatutakoak: 18 egoiliar eta 11 langile. Baina atzoko jakinarazpenak, beste bederatzi positibo gehitu ditu. «Batzuek hasieratik eman zuten positibo; baina beste batzuk, hasieran negatibo eman zuten arren, ondoren hasi ziren sintomak azaleratzen, eta bigarren PCR proba bat egin zieten. Horretan, positibo eman du­te», azaldu du Udalak.

Udalak azaldu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta osasun zentroarekin elkarlanean aritu dela egoera kudeatzen: «kutsatutako egoiliar gehienak Gipuzkoako beste zentro batera eraman ditu Aldundiak. Gaixo horiekin kontaktuan egondako beste egoiliarrak eta langileak isolatuta eta berrogeialdian daude; kutsatutako langileak etxean daude konfinatuta; eta horrekin batera, egoitza berrantolatu eta segurtasun neurriak gogortu di­ra, birusa ez zabaltzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!