Euskaraldia

«Portalondotik herritar ugari pasatzen da eta gazteen euskera maila benetan haundia da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00

Portalondo arigune izango da aurtengo Euskaraldian.

Portalondo estankoa Hernanin erreferentzia da eta aurtengo Euskaraldian arigune izango da. «Heldu asko ez da ausartzen euskeraz egiten zailtasunak dituztelako. Ea orain gehiago animatzen diren» dio Jon Urdanpilletak.

Portalondo estankoak ere parte-hartuko du aurtengo Euskaraldian. Tradizio eta urte askoko denda da herrian, erreferentzia da hernaniarrentzat. Abenduan egingo den dinamika taldeei zuzendutakoa da, baita komertzioena ere eta hor sartzen da Portalondo. Familia negozioan sei langile ari dira lanean bertan.  

Aurtengo erronka azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da. Helburua «hizkuntza-ohiturak aldatzea da», eta ariketa 16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta. 

Antolatzaileek gogorarazi dute irailaren 27an bukatuko dela talde-dinamikan parte hartzeko apuntatzeko epea. Norbanakoen txanda irailaren amaieran  helduko da. Orduan irekiko da izen-emate epea, hilaren 24an.

Apustu soziala da Euskaraldia, eta badirudi Hernanin arrakasta izango duela, aurten ere. Izena emateko epea ireki zenetik, 50 taldetik gora animatu dira ekintzan parte hartzera. Leire Otxotorena da Hernaniko Euskaraldiko arduradun nagusia eta dio, «entitate diogunean era guztietako talde motei buruz ari gara: talde soziokulturalak, kirol taldeak, auzo taldeak, elkarte gastronomikoak, dendak, tabernak, jatetxeak, enpresak…».

Portalondo dendetan sartzen da eta helburua gutxienez langileen artean euskara hizkuntza nagusi bezala sustatzea izango dute. Arigune izango dira eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea du helburu. Arigunea entitateak sustatzen du ariguneko kideen adostasunarekin, erabaki kolektiboa hartuta.

Ariguneetan belarriprest eta ahobizi izatea askoz errazagoa da, kide guztiek euskeraz ulertzen dutelako edo herritarrei aukera ematen zaielako euskeraz egin ahal izateko. Jon Urdanpilletak dioen bezala «hemen denetik egiten dugu. Erdi bidean gaude. Hizkuntza asko aldatu behar izaten dugu bezeroengatik. Euskeraz hasten gara eta aldatu behar izaten dugu bezeroak euskera ulertzen ez duelako». 

Langile guztiek dakigu Portalondon euskeraz

Euskaldunek beraz Portalondon ez dute hizkuntza aldatu beharrik izango, bertan denak baitira euskaldunak. «Langile guztiak dakigu euskeraz eta bertara etorri eta euskeraz egiteko ez dago arazorik». 

Hernaniarren aldetik euskera asko entzuten dute dendan, baina gaztelera ere asko erabiltzen da. «Hemendik jende asko pasatzen da. Erosketa haundiak ez dira egiten, baina mugimendua badago. Horrek eragiten digu gure hizkuntzaren erabileran. Orain euskera gehiago erabiliko dugu gure artean. Ariketa azaroan hasiko da, baina aurretik ohiturak aldatzen goaz».

Diru gutxi erosketa bakoitzean, baina kopuru aldetik erosketa asko. Hori da Portalondoren ezaugarrietako bat eta euskerari lotzeko ederki dator.  «Euskera beti ez dugu erabiltzen, baina jende askorekin bai. Gutxinaka-gutxinaka ohiturak aldatzen dira». Eta hori argi eta garbi ikusten du Jon Urdanpilletak gazteen artean. «Guregana adin guztietako jendea etortzen da eta gazteengan nabaritzen dugu euskerarekiko duten errespetua. Gehien erabiltzen dutenak dira eta gainera oso ongi hitz egiten dute. Umeak maila haundia dute eta nabari da ikastoletan lan oso ona egiten dela». 

Dendan nabaritzen dute heldu askok ere ulertzen dutela, baina «ez dira ausartzen euskeraz hitz egitera. Zailtasunak dituzte eta asko nabaritzen dugu». Ariketa honek konplexu horiek alde batera uzteko balio dezake.

2018ko Euskaraldian bezala, herritarrok ahobizi edo belarriprest izaten jarraitzeko aukera ere badago, ahal dugun etxekoekin, ezagunekin, kuadrilakoekin, ikaskideekin, ahal dugun lankideekin eta sor daitezkeen arigune berrietako kide guztiekin. «Aukera hori ere badago arigunea izateaz gain eta jendeak parte-hartzea da garrantzitsua, modu batera edo bestera euskera eguneroko hizkuntza bihurtzea. Ariketa hauek asko laguntzen dute euskeraren erabilpenean. Orain dela bi urteko ariketak arrakasta izan zuen eta ea lortzen dugun denon artean aurten ere arrakasta berdina eta horrek egunerokotasunean eragina izatea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!