Aratz ikastetxea

"Ikastetxean eman den aldaketa prozesuaren beste urratsetako bat izan da, izen aldaketa"

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00
Eli Sanguino, ikasketa burua, Aratz Ikastetxeko jolastokian.

Azken urteetan egin dituzten aldaketak islatzeko aldatu du izena lehen Inmakulada Ikastetxea zenak. Orain Aratz izena du, eta berrikuntza honekin zentroa «erabat» aldatu dela erakutsi nahi dute bertakoek. Ikasketa buruarekin hitz egin dugu, gaiaz.

1883. urtean sortu zen gaur egun Aratz Ikastetxea dena, neskentzat bakarrik. Aldaketa ugari eman dira ordutik, eta gaur egun metodologia berritzaile batean oinarritzen dute eskola, «ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan egokitua eta bikaintasunerantz, aniztasuna zainduz». Diote, ikaslea ikaskuntza prozesuaren «benetako protagonista» dela. Ikastetxearen izena aldatzea erabaki zuten urte honetako ekainean eta guk Eli Sanguino ikasketa buruarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Sanguinok azaldu du koronabirusaren aurretik ekitaldi bat egin nahi zutela, azken urteetan eman dituzten aldaketa guztien berri emateko. Hala ere, hori ezinezkoa izan zen, larrialdi egoeragatik. Horregatik, sare sozialen bitartez moldaketa eta aurrerapauso berri guzti horiek pixkanaka azaltzen ahalegindu ziren. «Presentzia haundia dugu sare sozialetan. Ikastetxe barruan egiten duguna zabaldu nahi dugu eta horretarako hauek tresna onak direla pentsatzen dugu».

Baina ikastetxearen izen aldaketa ez da besterik gabe egin den zerbait. Ideia iaz sortu zen, «ematen ari ziren aldaketa guztiak islatzeko arazoak izaten ari ginelako», azaldu du Sanguinok. «Jendeak ez zuen ikusten aldaketak ematen ari zirenik». Inpotentzia kutsu batekin azaldu du kanpotik Aratz Ikastetxeak duen irudia: «Izena euskaldundu nahi genuen, hemen ere euskaldunak garelako. Jendeak uste du hemen erderaz egiten dugula edo ez dugula D eredurik, baina hori ez da horrela». 

Sanguino andoaindarra da, baina urteak daramatza Hernanin murgilduta. 9 urte pasa dira Aratz Ikastetxera lehenengoz iritsi zenetik, eta «ni sartu nintzeneko ikastetxea ez da orain dagoena», azaldu du. Aspaldi hasi ziren aldaketak ematen, baina «azkeneko hiru urtetan aldaketa dexente egin ditugu». Eta horregatik izan da, hein batean, izena aldatzearena: «erakutsi nahi dugu barruan aldaketa egon dela. Ez gara garai bateko Inmakulada, orain Aratz Ikastetxea gara».

«Nola esango diozu pertsona bati pareta hau txuria dela, ez bada gerturatzen?» 

Herriko gainontzeko ikastola eta eskolen modura, Aratz Ikastetxeak etiketa zehatz bat du. «Gurekiko jendearen aurreiritzia uste dut dela, batetik, hemen ez dugula euskeraz egiten, eta bestetik, mojen kontua». Izan ere, Aratz Ikastetxea Kristau eskola da eta Karitate Alabakena da. Hala ere, «ez da garai bateko Karitate alaben eskola hori; asko aldatu da». 

Sanguinok argitu du kristau eskola izateak metodologian ez duela zerikusirik. «Nahiz eta kristau eskolen elkarte haundi baten parte garen, bakoitzak bere metodologia propioa du. Kristau eskola izateak ez du guregan ildo berezirik zehazten».

Bestalde, mojak komunitatean daude, ikastetxean bizi dira eta maitatuak dira zentroan, baina «irakasleen perfila erabat aldatu da ikastetxea sortu zenetik». Herritarren ustea omen da Aratzen mojek eskolak ematen dituztela, baina «ez dira ikasketa prozesuan murgiltzen». Momentu honetan klaseak ematen dituen moja bakarra dago, «oso gaztea eta dinamika». 

Aratz osatzen duten ikasleengatik ere aurreiritziak omen daude herrian. «Denetarik dago: «hernaniarrak, familia euskaldunak, kanpotarrak, inguruko herritatik datozenak». Azaldu du «lan haundia» dutela, orokorrean, irudiari buelta ematen.  Baina Sanguinok harro eman du ikasketxeko oinarri diren ikasleen berri. «Oso aberasgarria da kulturartekotasuna ezagutzea eta beraien artean errespetatzen direla ikustea. Izan ere, hori da askotan gizarte moduan gertatzen zaiguna, aurreiritziak ditugula. Umeek ez dute ondokoaren azal kolorea erreparatzen, edota ez diote elkarri galdetzen ea nongoak diren; alderantziz, elkarrekin jolastu eta elkar ezagutzen dute, inolako aurrejuiziorik gabe». 

Honen inguruan, Sanguinok Aratzen gertatutako anekdota baten berri eman du. «Haur hezkuntzan klase ematen ari nintzen eta ariketa bat proposatu nuen: besteen deskribapena egitea, esanez, adibidez, lagunak ile kizkurra ala horia zuen. Une hartan neska beltzaran bat atera zen erdira, eta inork ez zuen bere azal kolorea aipatu». Dio pozgarria izan zela momentu hura eta kasu horretan, umeek lezioa eman ziotela irakasleari. Samurtasunez egin du gogoeta andoaindarrak: «hemengo ikasleei berdin die bere albokoa nongoa den jakitea; guztiek berdin jokatzen dute lagunen aurrean». 

Erlijioari dagokionean, Aratz Ikastetxea Karitate Alabakena den aldetik eta kristau eskola izateagatik, erlijiosoa da. Hala ere, «erlijioa  emateko moduari ere buelta eman diogu eta orain baloreetan oinarritzen gara», esan du ikasketa buruak. Argi utzi nahi izan du Aratz ikasketetxean izena ematen duen ikaslego gehienak ez duela erlijioagatik egiten, «hemen beste gauza batzuk ditugulako baizik». Noski, «hemen sinesmen guztiak errespetatzen ditugu», azpimarratu du. 

«Hernaniko kristau eskola erlijioso bakarra gara eta erlijioarekin egiten dugun lanketak oso anitza izan behar du, guztiek parte hartu ahal izateko. Badugu erlijioan sinesten ez duen ikaslerik ere»

 

«Irakasleen plantilla asko aldatu da»
Duela ia 140 urte sortu zen Inmakulada Ikastetxea, eta kuriosoa izan da bertara sartu eta jende gaztea ikustea lanean. Beharbada perfil helduagoa eta nolabait esateko, itxura guztiz ‘erlijiosoa’ zuena espero genuen, baina atea emakume gazte eta euskaldun batek ireki du: Eli Sanguinok. Ikasketa burua eta ikastetxeko zuzendaritzako kide da.

Ilusioz aritu da gaur egun Aratz osatzen duen irakaslegoaz hitz egiten: «Irakaslegoak indar haundia du hemen, beti gauza berriak eta eraginkorrak egiteko prest, nahiz eta etxean mila ordu sartu behar dituzten». Adierazi du irakasleen inplikazioa «mundiala» dela. 
Nabari da Sanguinok pasioz egiten duela lan eta irakaskuntza dela bere bokazioa. Ikasketa burua izateaz gain, mailaren batean eskolak ematen dituela azaldu du elkarrizketaren amaieran. Erreportajerako argazkiak ateratzera Ikastetxeko parkera joan garenean, irribarretsu kontatu du txikienekin aritzen dela lanean, Aratzen. «Garrantzitsua iruditzen zait ikasleekin kontaktua mantentzea eta ikastetxeko pertsona ezezagun baten moduan ez ikustea».

Herritarren aldeko apustua egiten dute Aratz Ikastetxean, irakasleak kontratatzerakoan: «gure politika azken urteetan izaten ari da Hernaniko jendea kontratatzea, hernaniarrak nahi ditugulako inplikatu gure hezkuntza sisteman». Gainera, azaldu du saiatzen direla «irakasle gazteak eta euskaldunak» plantillan sartzen, proiektu berritzaileak bilatzen dituztelako hezkuntza sisteman. 

«Ikastetxe txiki bat gara eta lan egiteko aldetik zoragarria da, pasada bat. Familia bat gara, irakasleen artean, ikasleekin eta ikasleen familiekin. Oso giro familiarra eta polita, baina beti arriskuan gaude»

 

«Neurohezkuntzan oinarritzen dugu gure metodologia»

Zientifikoki probatua, funtzionatzen duena eta garunean oinarrituta dagoen metodologia omen da neurohezkuntzarena. Aratz Ikastetxean hau dute oinarri, ikasleen hezkuntza prozesurako. «Neurohezkuntza oinarritzen da garuna garatzean, eta garunak ikasten duenaren arabera irakastean».

Azken hiru urtetan, batez ere, honetan aritu dira lanean, baina metodologian sakontzen aspalditik daramate. «Gaur egun esan dezakegu metodologia hau ez dagoela leku askotan», onartu du ikasketa buruak. 

Emozioak asko lantzen dira sistema honekin, «ikasleak emozionalki gaizki baldin badaude, ezin dugulako kontenido akademikoa eman eta gero ikasleek barneratu». Eta bestalde, txikien kasuan, alderdi fisikoa asko lantzen da neurohezuntzarekin. Adibidez, lau hanketan ibiltzea edota orokorrean, alde psimokmotorra lantzen dute. Izan ere, «honek zuzenean garunaren garapenean eragiten du eta horrela, haurren ikasketa prozesuan inpaktu zuzena du».

Sanguinok jakinarazi du neurohezkuntzaren metodologiarekin ariketa fisikoak egiten dituztela, «orekatuak egon behar garelako fiskoki eta emozionalki, ondo ikasi ahal izateko». Era berean, pentsamendu errutinak egiten dituzte. Ikasleari norbere ikaskuntza prozesuaren jabetza izaten laguntzen dion metodoak dira, eta «ikaskuntza aktiboa» garatzeko balio dutela adierazi du. «Ikasleen pentsamendua antolatu eta egituratzen laguntzen diguten pausu sekuentziak dira eta haurrei nola pentsatu irakasteko balio dute, antolatzaile grafikoen bitartez», gehitu du.

Funtzio exekutiboak ere lantzen dituzte, hezkuntza prozesuan zehar. Azken hauen azalpena eman du: «funtzio exekutiboak ariketa jakin batzuk egiteko modu bat dira, ez kontzeptu bat ikasteko, baizik eta garunari funtzionatzeko modu bat erakusteko, gero horrela jarduteko». Funtzio exekutiboak landuz, haurraren garapen kognitiboa hobetzen da. Horretarako, atentzioa, inpultsibitatearen kontrola edota memoria lantzeko ariketak egiten dituzte.

Metodologian sakontzearekin batera, beste hainbat aldaketa egin dituzte ikastetxean. Hain zuzen, ikas komunitatea sortu dute eta orain, gurasoen arteko inplikazioa eta Aratzek familiekin duen kontaktua ere «estuagoa» da. 

Gainera, neurohezkuntzarekin batera, proiektuak tartekatzen dituzte ikasketa-prozesuan. «Batzuk proiektuak dira eta beste batzuk ApSak», azaldu du. ApS-ak, erderaz, aprendizaje-servicio esan nahi du, eta «norbaiti edo zerbaiti laguntzeko proiektuak dira». Gehiago sakondu du Sanguinok, hauen inguruko azalpenean: «eskolan egiten diren proiektu globalizatuak dira, ikasgai guztiak barneratzen dituenak». 
Horrela, azaldu dute, «ikasteaz gain zerbitzu bat egiten dugu eta ikasleak gai horren inguruko kontzientzia hartzen doaz». Esaterako, aurten Karabelekorekin egin dute proiektua bosgarren mailako ikasleek. Bertan ibili ziren landatzen eta egin beharreko lanetan laguntzen. «Haiekin bazkaldu zuten, baita ere».

Odol emaileekin ere egin zuten bateratzea Aratz Ikastetxekoek eta zaharren egoitzan egon ziren, baita ere. Makina bat proiektu zituzten pentsatuta aurtengo ikasturterako, baina bertan behera gelditu behar izan ziren ApS batzuk, koronabirusagatik. 

«Animaliekin edota Elikagaien Bankuarekin proiekturen bat egin nahi genuen eta Pausokarekin ere orain elkartzekoak ginen», gogoratu du Sanguinok. Baina beste hainbat ekitaldi eta bateratzeen modura, pandemiak hauek egitea ekidin du. 

Koronabirusa dela eta eskolak presentzialki ematea ere bertan behera gelditu zen. Jakina da ikasle askoren etxeko egoera, ikastetxe honetan ere, ez dela erreza izan. Hala ere, Aratz Ikastetxeak erraztasun guztiak eman dizkie ikasleei: «ordenagailurik ez duten familiei maileguan utzi dizkiegu eskolan daudenak». 

«Ikusi dugunagatik pentsatzen dugu ondo kudeatu genuela guztia. Hasieran kaosa izan zen, baina gero kontrolpean izan genuen». Izan ere, hasieratik ordutegi zehatza finkatzea erabaki zuten: «uste genuen errutina bat jarraitzea garrantzitsua dela». Azaldu dute txikienei fotokopietan banatu zizkietela egin beharrekoak, guztia «txukun» azalduta eta irakasgaietan banatuta. 

Eta helduagoen kasuan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik gorakoek, online egin zituzten eskolak. «Gela barruan fisikoki egon izan balira bezala hartzen genuen ikasleen asistentzia. Saiatu gara hutsunea ahalik eta hobekien betetzen, klasean fisikoki gaudela simulatzen».

«Beste eskolek herrian duten parte hartze berdina izaten saiatzen gara»

«Metodologia, ikas komunitatea eta tutoretza dira gure puntu indartsuenak»

 

«Orain D eredua dugu, maila guztietan»

Orain arte Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan B eredua zegoen, «baina indartua». Hau da, ikasgai gehienak euskeraz egiten ziren, baina bazegoen gaztelaniaz egiten zen batenbat. Baina orain D eredua dute, maila guztietan. 

Gainera, ikasle atzerritarrak daudenez, gelara lehenengoz joaten direnean eta euskera menperatzen ez badute, gelatik kanpoko errefortzua egiten dute. «Haientzat pre-gelak ditugu eta IPIak (euskera indartzeko proiektuko irakasleak)». Modu honetan, euskera hitz egiten jarraitzen da gela barruan, jakinarazi du Sanguinok. 

Euskeraren kontua ere buruhauste bat da zenbaitetan, Aratz Ikastetxekoentzat. «Hemen ere euskeraz egiten da eta hori azpimarratu nahi dut». Ikasle bakoitzak bere ama hizkuntzara jotzen duela azaldu du ikasketa buruak, baina «hemen gauden denboran behintzat, euskaraz egiten saiatzen gara une oro». Gainera, ikasleak herriak eskaintzen dituen euskarazko ekintzetan parte-hartzera animatzen dituzte Aratzen. 

«Mila proiektu ditugu euskera bultzatzeko, baina ez dugu nahi hizkuntza inposatu eta umeek obligazio baten moduan ikustea». Horregatik, guzti hori erronka haundia dela aitortu dute ikastetxean. 

Eta integratu ahal izateko hizkuntza edo kanpotik etortzea arazo bat ez dela ikusarazteko, dibertsifikazio programa ere badute Aratzen. «Dibertsifikazioa ez da atzerritarrentzat bakarrik; demagun ume bat  beste ikastola batetik etortzen dela eta hango hezkuntza sistema gurearen oso bestelako dela». Bada, dibertsifikazio programarekin, perfil hau duten ikasleei laguntzen diete.  

«Gure helburua etorkizunerako da Hernanira hurbiltzea eta herriko jendea guregana gerturatzea; jendea gurekin harremanetan jartzea eta aurreiritziak puskatzea. Herrikoak garela erakutsi nahi dugu»

 

Ikasle kopurua baxutu egin da, azken urteetan

Ikasketa buruak azaldu du jaiotza tasa «ona» zenean ez zutela arazorik izan. Gainera, etorkinak Hernanira etortzen hasi zirenean «beste eskoletara eta gugana etortzen ziren». Hala ere, jaiotza tasa nabarmen jaitsi da azken urteetan eta horrek eragin zuzena izan du Aratz Ikastetxeko ikasleen matrikula kopuruan. Era berean, «hona zetozen kanpotar edo etorkinak beste eskoletan zehar zabaltzen hasi ziren eta horrek guri kalte egin digu». 

Ikaslego falta da, hain zuzen, momentu honetan Aratzek duen alderik ahulena. «Kontzertu ekonomikoak galtzeko arriskuan gaude». Hala ere, dio, «pentsatzen ari gara hau dena nola antolatu eta zer gertatuko den ikusteko dago oraindik… lanean gabiltza buru-belarri». 
Baina etorkizunean «orain arte bezala elkarlanean eta laguntza eskaintzen jarraitzea da dugun helburua, eta familia bat izaten jarraitzea», azaldu dute. Diote uneoro dabiltzala teknologia berrien erabilera sustatzen eta ApS programak eta neurohezkuntza garatzen. Horregatik, etorkizunean ere, «ikastetxe berriztatzaile» moduan ikusten du Aratz, Sanguinok. 

Azkenik, aipatu zuen koronabirusaren inguruan datorren ikasturtean ez dakiela egoerak zer baimenduko dien. Baina bestela, «normal egingo dugu», esan zuen.  «Gure ikasle kopurua ez da haundia eta gainera gelak zabalak dira. Horregatik, segurtasun neurriak nahiko ondo  betetzen ditugula uste dugu».

Joan den ekainean ikasleek Ikastetxea Inmakulada izenez azkenekoz ikusteko aukera izan zuten, konfinamenduaren ondoren berriro ere elkarrekin egon zirelako. «Konfinamendua eta gero elkar ikusteko eta ongi pasatzeko aukera izan zuten ikasleek», esan du Sanguinok. Ikasturteari amaiera emateko bildu ziren Aratz Ikastetxeko patioan. 

Hemendik aurrera horrela ezagutuko da lehen Inmakulada Ikastetxea zena, Aratz deiturarekin: «aldaketa hau gure aldaketa prozesuan eman dugun azken pausua da». Ikasturte berria hasteko bi egunen faltan, motibatuta eta gogotsu daude eskolekin berriro hasteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!