Hernanitik Madrilera eta bertatik Kubara, oihartzuna izan du Azkueren sormenak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00

Hitz gutxitan, «denetarik ematen duen unibertsitatea da», laburbildu du. Hernanitik atera eta Madrilera joan zen 18 urte zituela. «Sekulako aldaketa izan da herri txiki batetik atera eta Madril beza

Antzerki konpainia sortu du hernaniarrak eta Kubara joango da bi obra aurkeztera.

Asko dira beraien ametsak jarraitzeko sorlekutik hegan egin eta beste herrialde batera joaten direnak. Ingelesa ikastera Ingalaterra edo Erresuma Batura, ingeniaritzako masterra egitera Alemaniara, edota beka berezi batekin laguntza humanitarioa eskaintzera, Afrikako eskualde batera.

Baina errealitatea bestelakoa izaten da batzuetan, zure etxea uztea eta gertukoetatik aldentzea zaila izaten delako. Lagunei eta familikoei denbora baterako agur esan eta bakarrik alde egitea ez da erraza izaten, kasu gehienetan.

Hala ere, Amaia Azkue hernaniarrak argi izan zuen zein zen buruan zuen ideia, amarekin hitz egin zuenean: «Egia esan instintoa izan zen. Barruan sentitu eta esan nuen: zergatik ez?», azaldu du.

Azkuek beti izan du gustoko kantatzea. Hernanin eta lurralde mailan, baita ere, hamaika kontzertu eskaini ditu. Txikitatik datorkio pasio hori, familian musika eguneroko protagonista duelako: «Txikitatik musika eskolan, gurasoak ere emusika munduan... Amona ere beti egon izan da musikarekin lotuta; saltxera bat da! Elizan, organoa jotzen zuen, zaharren egoitzara ere joaten zen… hortik dator nire pasioa: txikitatik».

Lehen kontzertuak bakarrik egiten zituen, «antzezlan mundua oraindik ez nuen ezagutzen». Baina amari esker lortu zuen bere beste pasiotako bat deskubritzea: «Amak esan zidan: zergatik ez duzu horrelako zerbait egiten?». Eta orduan joan eta probatu egin nuen».

Baina atzera begiratu eta gaur egun non egongo zen galdetu izan baliote, ziurrenik Donostiako psikologiako fakultatean egongo zela erantzungo zuen. «Argi nuen psikologia ikasi nahi nuela», azaldu du Azkuek. «Horregatik, bat-bateko erabakia izan zen Madrilera joatea».

Hala ere, Donostian geratzea ez zen hernaniarraren lehenengo aukera: «Nire buruari esaten nion: imajinatzen naiz ni hemen, Donostiko Unibertsitatean 4 urtez ikasten?». Argi omen zuen Madrilera joatearen ideia: «gauza berriak ikasi eta esploratu egin nahi nituen… eta horixe egin nuen», esan du.

Hernanitik Madrilera, arte eszenikoak ikastera

Gaur egun Azkue hernaniarrak 3 urte daramazki Madrilen. Arte Eszenikoak eta Interpretazioko Gradua ikasten du, TAI Unibertsitatean (Centro Universitario de Artes en Madrid).

Zer den galdetu diodanean, Azkuek begirada altxa du, erantzuna, nonbait, Kronikako bilera gelako zapaiean egongo balitz bezala... eta irrifarre zintzo bat oparitu dit. «Zaila da TAI zer den azaltzen» onartu du.

Rey Juan Carlos Unibertsitate barruan dagoen zentrua da TAI. «Konposizio musikala, zinea edo artea lantzen dira, beste diziplinen artean. Nik Arte Eszenikoak eta Interpretazioko Gradua egiten dut: zinea, eszenografia, zinearen historia, antzerkiaren historia, kamara aurrean nola egon… popurri bat. Aktore izateko dago zuzenduta gradua». Orain hirugarren mailan dago hernaniarra, eta azken urtea egitea falta zaio ikasketak amaitzeko.

«Amak esan zidan kantuarekin zerikusia duen zerbait begiratzeko. Hemen, Euskal Herrian, unibersitate publikora jende asko aurkezten da arte dramatikora eta oso plaza gutxi daude. Gutxi gorabehera diot, baina 300 pertsona aurkezten dira eta 20 hartzen dituzte», kontatu du.

TAI zentrua gustatu zitzaion Azkueri, «kantua, dantza eta antzezlana lantzen direlako». Hitz gutxitan, «denetarik ematen duen unibertsitatea da», laburbildu du.

Hernanitik atera eta Madrilera joan zen 18 urte zituela. «Sekulako aldaketa izan da herri txiki batetik atera eta Madril bezalako hiri haundi batean sartzea». Baina uneoro dabil gauza berriak ikasten bertan, eta asko gustatzen zaio bere bizimodu berria. «Madrilen mundu guztiak gauza berriak egin nahi ditu beti, eta lagun berriak egiteko prest daude denak».

Unibertsitatean jende berri pila ezagutu du Azkuek. Madrilgoak, espainolak, eta baita ikasle internazionalak ere: «mundu osoko jendea dago hemen».

«Joxan Goikoetxeari asko diot eskertzeko: dena berak eskaini dit. Niri hasieran lotxa ematen zidan, baina berak asko animatu ninduen mundu honetan sartzeko»

soko jendea dago hemen». Madrilgo hirian murgiltzeak abentura pila ekarri dizkio hernaniarrari eta etxera itzultzean, zaila egiten zaio azaltzea unibertsitatean egiten duena. «Konplikatua da, ez da ulertzen… gurasoei ere, kosta egiten zaie batzuetan», esan du. «Jendeak esaten dit: baina, hori zer da? Lagunek aholkuak ematen dizkidate, baina ez da zehazki batzuetan beraiek ulertzen duten bezala».

Eta beraz, zenbaitetan konplikatua da Madrileko TAIen ez dauden horiei azaltzea bertan zer lantzen duten. Zentruan dantza, zinea, abestia edota antzerkia bezalako diziplinak lantzen dituzte. Obra berriak sortu, genero berriak landu… Artistak dira bertan dauden ikasle zein irakasle guztiak.

Madrilera joan zen Arte Eszenikoak eta Interpretazioko Gradua ikastera hemen ez dagoelako «aukera publiko zabala horrelako ikasketak egiteko». Hala ere, Euskal Herrian kultura aldetik laguntza asko daudela azaldu du. «Baina gero ez da hain erraza arte hauekin lotura duten ekitaldiak edo topatzea...».

«Kubako Fábrica del Arte Cubanoko (FAC) zuzendariari bidali genizkion gidoia eta obretako informazio guztia. Dokumentuak irakurri eta erantzun zigun: '¡encantado de que vengais!'»

Izan ere, «Madrilen aukera gehiago dago: jendea antzerki munduan gehiago murgiltzen da. Euskal Herrian, orokorrean, jendea ez da antzerkira joaten», azaldu du. «Eta alderantziz, Madrilen beti daude antzerki berriak», gehitu du.

«Orain beste pasio bat deskubritu dut: zuzendari izatea»

Madrilera joan arte abestu bakarrik egiten zuen Azkuek. Hernaniko Abesbatzan ibilitakoa da, eta Preludioan ere kantatu du. Herriak horrela ezagutzen du, abeslari moduan.

Hala ere, abestea «pixkat bat aparkatua dut orain», kontatu du. Izan ere, TAI Unibertsitatean murgildu zenean antzerki mundua ezagutu zuen. «Beste pasio bat deskubritu du: zuzendari izatea». Eskolan antzerki klaseak ematen dituzte, eta nola zuzendu ere irakasten diete. «Mundu honetan sartu nintzen eta liluratu egin ninduen».

Azkuek, gainera, ez du aukerarik galtzen unibertsitatean. «Matrikula oso garestia da, baina zuku guztia atera behar zaio fakultateak eskaintzen duenari», esan du.

«Aurrekoan hitz egin nuen TAIn ikasi nahi duen mutil batekin. Oso garestia da eta aukera guztiak aprobetxatu behar dira. TAIk ematen dizuna hartu behar duzu: aprobetxatu akademikoki ematen dizutena eta han dagoen giroa: konpositoreak daude, zinea egiten duen jendea… koordinatzailea ezagutu eta proiektu berrietan murgildu», kontatu du hernaniarrak.

«Aukerak aprobetxatu behar dira», eta hori da Azkuek egin duena bere ibilbide osoan zehar. «Bideokastingak egin ditut. Euskal herrian Akelarre pelikularako kastinga egin nuen eta figurazio berezi baterako hartu ninduten. Sekulako esperientzia izan zen, oso pozik nago».

Guztiaren gainetik dio, bide honetan asko diola eskertzeko Joxan Goikoetxeari. Musika eta abestea protagonista izan dira etxean txikitatik, baina Goikoetxeak animatu egin zuen Azkue oholtza gainera igotzea.

«14 urterekin hasi nintzen bakarrik abesten. Eta fantaseatzen duzu, ezta? Kontzertu bat egin nahi dut hemen… Baina gero, Joxanek esaten zidan: hau egingo dugu, hemen. Lankidetza oso ona izan da eta berari esker izan dira MaiteK musika emanaldia edo Sortuko dira besteak», berarekin egin dituen beste proiektu askoren artean, azaldu du.

Musika eskolan zegoela, Zeru Horren Infernuak. W.Shakespeare - Sonetoak. Aztarna (2014) Joxan Goikoetxearen diskan parte hartzera gonbidatu zuen Azkue, eta azken honek ez zuen zalantzarik izan. Kolaborazio bat egin zuen Goikoetxearekin diska horretan, baina beste asko ere egin dituzte elkarrekin.

 

Amaia Azkue 'O.A.S.I.S.' obran, zuzendari lanetan
 

Madrildik Kubarako pasea eman dio zuzendari izateak

Pixkanaka-pixkanaka, ibilbide artistikoa zabaltzen joan da Azkue, eta oihartzuna izan du lurralde mailan, baina baita maila internazionalean ere.

Graduak eskaini dizkion aukera guztiak aprobetxatu ditu eta entzun dugunez, fakultatean ezaguna da hernaniarra. Azken hau aipatzean, ordea, ez du baiezkorik eman izan nahi, musu gorrituta.

Javier de Luis bere gelakide batekin Paroxa konpainia sortu zuen, Madrilen. «Paroxismoa da, hiztegiaren arabera, min edo gorespen baten puntu gorena», azaldu du. «Ona edo txarra izan daiteke».

De Luisek monologo batean laguntzeko eskatu zion hernaniarrari. «Laguntzen didazu hau montatzen? esan zidan. Eta nik: bale!». De Luis dutxatik atera eta bapatean bururatu zitzaion ideia paper batean idatzi zuen. «Eta hortik sortu zen 'Miradas de Plástico' monologoa». 

Madrilgo sala batean egon dira hilabete eta erdi, asteazkenero, Amaia Azkuek zuzendutako monologoa aurkezten. Javier de Luis protagonista eta obrako egilea da, eta Cësar Vonrom eta Cristina Masoni italiarra dira gainontzeko aktoreak. «Prostituta transgenero baten istorioa kontatzen dugu». Poesiaz betetako obra omen da, 'Miradas de Plástico'. «Ensaioan zehar deskarteak egin genituen, batzuetan poesia hutsa zelako», kontatu du Azkuek.

«Zineman erosoago nago, baina antzerki mundua asko gustatzen zait. Azken honetan, antzerkian, gehiago ikusten dut nire burua zuzendari moduan. Eta zinean, aldiz, aktore bezala»

Paroxa konpainiaren barruan ere, beste obra bat sortu zuen hernaniarrak, 'O.A.S.I.S.', bere gelakide eta konpainiako kide den De Luisekin batera. «Nire konfidentea da», kontatu du. Berarekin batera sortu zuen antzerki hau. «Inprobisazio obra da, orain asko ematen ari dena. Genero berriak esploratzen ari gara». Azkue espektakulo barruan dago, zuzendaria bada ere: «obran zehar aktoreak kokatzen edo beraiei estimuluak botatzen nago». 

Hala ere, azken hau «erdibidean» gelditu zen, Koronabirusagatik ezin izan zutelako ensaiatu. «Baina hau ere eramango dugu Kubara», kontatu du, ilusioz.

Izan ere, 'Miradas de Plástico' sortu zenean, Azkueren fakultateko koordinatzaileak, Marica Perezek, Paroxa konpainiak sortutako bakarrizketaren berri izan zuen. «Oso ondo moldatzen gara berarekin eta beti lagundu izan digu Javi eta niri konpainiarekin». Izan ere, azaldu du behin produktua eginda, ez dela hain erreza distribuzioa egitea. «Guk materiala genuen, baina ez genekien nola banatu edo jendearengan interesa nola piztu... mundu bat da».

Lanean murgilduta zeudela, Perezek esan zien: «Kubara joan zaitezkete zuen bi obrekin». Antza denez, Azkue eta De Luisen koordinatzaileak Kuban egin zuen masterra. Bertan, Fábrica del Arte Cubanoko (FAC) zuzendaria ezagutzen du eta beraz, ideia ona iruditu zitzaion Azkuek zuzendutako ikuskizunak itsasoaren beste aldean ezagutaraztea. «Bertako zuzendariari bidali genizkion gidoia eta obretako informazio guztia. Dokumentuak irakurri eta erantzun zigun: ¡encantado de que vengáis!».

Eta horrela iritsi zen Kubako proiektua. «Nahiko inkontzienteki», dio Azkuek. Ekainean ziren joatekoak, baina Koronabirusak galarazi egin die momentuz joatea. Hilabeteko igande guztietan aurkeztuko zituzten obrak, hiru pase egunean: bi 'O.A.S.I.S.' eta bat 'Miradas de Plástico'.

Beharbada egunen batean Euskal Herrira iritsiko dira obrak. «Horretan gabiltza. Lagunek esaten didate: noiz egingo duzue bakarrizketa hemen?». Hernanin egin nahi duela azaldu du Azkuek, «baina zalantzak ditut bietako zein obra aurkezteko... auskalo, pentsatuko dut!».

Baina Hernanin obra aurkeztearen inguruan dio, «ez da berdina kantatzea edo gure gauzak erakustea». Horregatik, «inpresioa» ematen dio Madrilen sortutako espektakuluak herriari aurkeztea. «Nik ez dut lotxarik zerbait egiteko eskatzen didatenean; aurrera egiten dut. Baina zuk egindako zerbait denean… beste gauza bat da».

Euskal Kulturaren inguruko obraren bat egitea pentsatzen ari da Azkue, baita ere. «Baina errespetu haundia diot». Iraila hasieran Joxan Goikoetxearekin 'Iparragirre eta Lete: Bi min kantuan' aurkeztuko du Zumarragan. «Oso polita» da obra, kontatu du. «Joxanek egiten ditu horrelako gauzak eta jakintza du euskal kulturaren inguruan, baina niri beldurra ematen dit».

Madrileko lagunei euskal kulturaren berri eman zienean, «asko harritu zidan zer gutxi dakiten honen inguruan», kontatu du. «Proiektu txikiak» egiten dituzte unibertsitatean, eta Azkuek Euskal Herriko kulturaren parte diren kontakizunak eta istorioak aurkezten ditu.

«Etorkizunean ere artearen aldeko apustua egin nahi dut»

Azkuek gradua amaitzean artearen aldeko apustua egiten jarraitu nahi du. «Paroxa konpainia sortzearena gure ideia izan da. Asko inpultsatzen dute TAIn guk gure lana egin eta produktu propioak sortzeko». Horregatik, horretan jarraitu nahi du hernaniarrak.

«Oso zaila da aktore izatea, hori da errealitatea. Jendeak publizitatea egiten bukatzen du, edo bestelako lanetan...», gehitu du. Aktore izateko eta telesail, film edo orokorrean, zinean, arrakasta izateko «zortea izan behar duzu», beste faktore batzuen artean. «Ez hori bakarrik, lan asko egin behar da», esan du. Hala ere, Azkuek dio argi duela zer egin nahi duen. «Nik ez dut bizitza hori izan nahi, nire lan propioa egin nahi dut».

«Euskal Herrian ez dago aukera publiko zabala horrelako ikasketak egiteko»

Etorkizunari begira, hirian jarraitzea pentstau du. «Idealena Madrilen geratzea da, luzez: giroagatik, lan aukerengatik... oso zentratua egoten naiz nire lanean. Nire ikasketan lana bilakatu dira hemen». Latina auzo inguruan bizi da Azkue eta dio, bertan bizitza «ondo» duela. «Gustora sentitzen naiz».

Hala ere, herria eta etxea ez ditu ahazten. «Asko botatzen dut faltan Hernani. Madrilen ez naiz geratzen, oso lanpetuta egoten naiz». Hori du bere lanbideak, hain zuzen. Kontatu du goizeko 09:00etan esnatzen dela eta 10:00etan hasten dituela klaseak. Gero, 12:00ak arte entsaiatzen egoten dira, eta ordubeteko atsedenaldiaren ondoren gaueko 22:00ak arte egoten da berriro entsaiatzen edo ideia berriak pentsatzen eta «informazioa bilatzen». 

Afizio guztiekin jarraitzeko astirik ez du, Madrilen. Izan ere, kantua, zinea eta interpretazioa bai, baina bada Azkueren pasioa den beste zerbait: errugbia. «Gaur horrekin amestu dut... asko botatzen dut faltan». Bi urtez egon zen Hernaniko taldean, baina lesio batek galarazi egin zion jarraitzea. Gero, Madrilen, Cisneroresen, beste urtebete egin zuen. «Oso lanpetuta nengoen eta utzi egin behar izan nuen. Gainera, oso talde potentea da eta konpromiso haundia eskatzen zuen bertan egoteak».

Ikasketak bukatzeko urtebete bakarrik gelditzen zaio Azkueri. Gradu Amaierako Lanean errugbia eta interpretazioa fusionatzea pentsatzen ari da. «Errugbiak asko lagundu dit interpretazioan». Horrela, pasio askotako hernaniarra da Azkue. Amets bat betetzera joan zen Madrilera eta han geldituko da, momentuz. Bertan ditu ikasketak, lanbidea eta zaletasunak lantzen jarraitzeko aukera.

Javier de Luis Azkuerekin, 'Miradas de plástico' monologoan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!