6.000 bono berri banatuko dira herriko 163 dendetan #eutsihernaniri erosketa kanpainaren bigarren olatuan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 4a, 00:00
Berriak elkarteak eta Udalak aurkeztu dute bono kanpainaren bigarren partea.

Irailaren 7tik urriaren 9ra erosi eta urriaren 30era arte erabili daitezke. Udalak eta Berriak merkatari elkarteak batera jarri dute martxan bigarren kanpaina hau eta oraingoan 90 mila euro bideratuko dira.

Udala eta Berriak elkarteak elkarlanean #eutsihernaniri erosketa bono txartelen kanpainaren bigarren olatua martxan jarriko dute irailaren 7tik aurrera. Aurrekoarekin, alderatuta aldaketa txikiak daude, funtzionamendua hobetzeko.

Erosketa bonuen kanpaina aurrekoa bezala da, herriko saltokietan, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan erabiltzeko. 50 euroko 6.000 bonu jarriko ditu Udalak herritarren eskura oraingo honetan eta 90.000 euro bideratzea suposatzen du horrek.

Kanpainan parte hartu nahi duen herritarrak 35 euro ordainduko ditu eta 50 euroko erosketa egin ahalko du. Beraz, Udalak 15 euro -bonuaren herena- hartuko du bere gain. Astelehenean hasi daitezke herritarrak bonoak erosten eta urriaren 9ra arte lortu daitezke. Erabilpena urriaren 30era arte luzatuko da eta 21 egun egongo dira bonoak gastatzeko erosteko azken egunetik.

Denbora badago eta jendea lehendabiziko egunean ez pilatzea eskatu dute Berriak elkarteak eta Udalak.  Gainera, azpimarratu behar da, bonoak lortzeko Hernanin erroldatua egon behar dela. Adingabeen kasuan, NAN erakustea nahikoa izango da adierazi zutenez.

Berriak elkartetik, aurkezpenean, azpimarratu nahi izan zuten lehenengo kanpainak izan duen arrakasta. «5.500 bono saldu ziren eta horrek onura asko ekarri ditu herrian, bai merkatarietan eta herritarrengan. 360.000 euroko gastu positiboa suposatu du».

Bigarren kanpaina honetan lehenengoan baino 10 komertzio gehiagok parte-hartuko du. Orain 163 izango dira guztira.

 

700 mila euro bideratuko dira fase desberdinetan

Kanpaina honek zenbait fase ditu eta, guztira, 700.000 euro bideratuko ditu Udalak sektore horiek suspertze aldera. Ekimen horiek guztiak elkarlanean gauzatzen ari dira Udala eta Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkartea.

Bonuak egongo dira eskuragai: Berriak elkartean eta Biteri kultur etxean. Herritar guztiek eros ditzakete: helduek zein adingabeek.

Erosketa bonuak txartelaren bidez edo banketxe-transferentziaren bidez ordain daitezke. Ez da eskudirurik onartuko.

Saltoki, taberna, jatetxe eta zerbitzuak ematen dituzten negozio guztiek har dezakete parte kanpainan, Berriak elkarteko kideak izan ala ez. Kanpainari atxikitzen zaizkion negozioek kartel adierazgarri bat izango dute haien erakusleihoetan.

Berriak elkartean astelehenetik ostegunera 09:30etatik 13:00etara lortu daitezke eta 17:00etatik 19:00etara. Ostiraletan ordua 09:30etatik 13:30etara izango da eta Biter kultur etxean egunero lortu daitezke 09:30etatik 13:30etara. Astelehenean hasiko da kanpaina.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!