Kontzentrazio kazeroladarako deialdia luzatu dute ostalariek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 2a, 00:00

Arratsaldeko 20:30etan izango da, Plazan. «Garaia iritsi da planto egin eta gu entzuteko».

Ostegun honetarako herriko ostalariek kontzentrazio kazeroladarako deialdia luzatu dute. «Joan den astean Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat argitaratu zuen ostalaritzako jarduerak mugatzeko, eta hedabideak COVID-19aren bigarren bolada honen arduradun egiten ari za­izkigu», azaldu dute.

Administraziotik ere larrialdietarako laguntzak agindu zizkieten, «baina oraindik ez dira iritsi». Horregatik, beraien mezua zabaltzeko, kazerolada antolatu dute ostegunean, arratsaldeko 20:30etan Gudarien Plazan. «Dei egiten dizuegu kontzentrazio-lapikokadara etorri eta gure establezimenduak ixteko», luzatu dute.
Hilabete gogorrak ari dira izaten komertzio txiki eta ostalarientzat. Eta ostalarien esanetan, «hilabete batzuk daramazkigu modu txarrean lanean. Denok batuta egoteko eta modu independentean funtzionatzen jarraitzeari uzteko unea iritsi da».

Besteen jarreren arduradun
Diote, ostalari lana egiteaz gain, bezeroen jarreraren «arduradun» izan behar dutela. «Eskatzen diren arauak mundu guztiak behar bezala bete ditzan arduradun izan behar dugu, eta batzuetan arau nahasiak eta aldakorrak dira, interpretaziorako tartea uzten dutenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!