Denboraldi honetan hernaniarrek 9 txapel irabazi eta 21 final jokatu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 2a, 00:00

Ezkerretik Iñigo Urkizu, Anartz Oiartzabal eta Iñigo Labaka, txapela jantzita.

Urkizu, Oiartzabal eta Labaka garaile izan dira abuztuan, Trinitate plazan jokatutako pelota txapelketan.

C.D.Hernaniko hiru pilotarik, Anartz Oiartzabal, Iñigo Urkizu eta Iñigo Labakak, denboraldi «atipiko» hau amaitzea lortu dute, eta modu dotorean gainera. Izan ere, Abuztua Donostian egitarauaren barruan, Donostiako Trinitate plazan jokatu berri den txapelketan hirurek irabazi dute txapela.

Jubeniletan, Oiartzabalek eta Zalakain pilotariek 22-13 irabazi zuten finala, Egiguren eta Telleriaren aurka. Bikote irabazlea nagusi izan zen partidu osoan zehar. Nagusietan, Urkizu eta Labakak 22-20 irabazi zuten finala, Lizaso eta Ortiz de Urbinaren aurka. Partidu parekatua eta oso gogorra izan zen;  Hernaniko bikotea aurretik izan zen 14-10era arte, baina une horretatik aurrera aurkariek taktika aldatu zuten. Joko guztia atzealdean kargatu zuten eta momentu batez markagailua 18ra berdintzea lortu zuten. Hala ere, hernaniarrak izan ziren txapeldun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!