Arrakasta haundia izan du Uda Hernanin kultur programazioak, eta irailean ekitaldi gehiago egingo dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 2a, 00:00

Hika Teatroak Atsegindegi bete zuen 'Tonbola' antzerkiarekin, Uda Hernani programazioaren barruan.

Ikus-entzuleen erantzuna paregabe izan da, eta guztira 1.575 lagun hurbildu dira antolatutako emanaldietara. Ia astero 100 laguneko langa gainditu da, eta emanaldi askotan aldez aurretik agortu egin dira sarrerak.

Joan den ostiralean amaitu zen Uda Hernanin 2020 egitasmoak, eta Dantzaz Konpainiaren Basoa dantza ikuskizunak arrakasta haundiz eman zion amaiera kultur programazioari. Aurten, estreinakoz, uztaila eta abuztuko asteburu guztietan kultur emanaldiak izan dira Atsegindegin. Aforo mugatuarekin egin dira, eta segurtasun neurri guztiak bete dira ekitaldietan.

Publiko guztiei zuzendutako ekitaldiak izan dira, diziplina anitzetakoak. Guztira, zuzeneko 10 emanaldi izan dira, eta horiei Chillida-Leku museoan eginda­ko beste 4 jarduera erantsi behar zaizkie, museoarekin elkarlane­an egindakoak. Gainera, kontuan izan behar da aforoa distantzia-neurrien ondori­oz mugatu behar izan dela. Horrela, 120 eta 200 lagunen artekoa izan da muga, emanaldiaren arabera. Ia astero 100eko langa gainditu da, eta emanaldi askotan aldez aurretik agortu egin dira sarrerak. Horren adibide dira Ainhoa Larrañagaren eta Maria Berasarteren kontzertuak, Tonbola antzerki saioan eta Basoa dantza emanaldian.

Kultur ekitaldi gehiago antolatu dira irailean
Udako programazioaren amaierarekin, iraila kultur ekitaldiz be­teta iritsiko zaigu, udazkene­ko programazioaren aurrerapen gisa. Guztira 10 ekitaldi aurreikusi dira, hilabete osoan zehar. Irailaren 9an literatur solasaldia izango da, gaztelaniaz. Elena Poniatowskaren Leonora eta Thomas Mannen Muerte en Venecia, Amaia Garciaren gidaritzapean. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Biteri kultur etxean.

Eta antolatutako gainontzeko saioak heldu zein haurrentzat izango dira. Irailak 12an Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izango da umeentzat. Ondorengoa, Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik solasaldia, irailak 15ean. Antzerkiak ere tartea izango du eta hilaren 17an Ene ba! ekitaldia izango da. Oreka TX taldearen dantza emanaldia eta Musika Bandaren emanaldia hilaren 19an egingo dira eta eta hurrengo egunean, Maurizia naz Aukeran konpainiaren dantza emanaldia izango da. Hilak 22an ipuin kontaketa eta literatur solasaldia izango dira euskaraz. Eta amaitzeko, Esnatu naiz, Andoni Mutiloaren bakarrizketa irailaren 30ean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!