EAJ-PNV alderdi politikoak adierazpena egin du, Ave Maria parkeko basoaren itxieraren inguruan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 00:00
Ave Maria parkeko basoa hesituta.

Alderdi politikoak Ave Maria parkeko itxiera eskatu zuen ekainaren 30ean egin zen Osoko Bilkuran, «artseniko eta berunak eragindako kutsadura maila, baimendutakoaren gainetik dagoelako».

Uztailean Ave Maria parkeko basora sartzea galarazi zuten eta horren arira, EAJ-PNVren bozeramaileek ondorengo mezua helarazi nahi izan dute: «Aurreko legegintzaldian, 2008an egindako txosten bat gure eskuetara iritsi zenez, Hernaniko EAJ-PNV Ave Maria parkeko basoan zegoen kutsaduraz kezkatzen hasi zen, estali gabeko igerilekuen aurrean dagoen horretan. Baina ez genekien, azkenean, gurutzada bihurtuko zela».

Alderdi politikoaren esanetan, «egoera luzatu egin da inolako beharrik eta azalpenik eman gabe». Jakitera eman du­tenez, aurretik aipatutako txostenean, ondorioen atalean, ko­kalekua ez da bateragarria parke publikoarekin, lurrean artsenikoaren edukiari lotutako giza osasunerako «arrisku onartezinak egon daitezkeelako».

EAJ-PNVren bozeramaileek helarazi dute «mundu guztiaren begietara kezkagarria izango litzatekeena, ez dela horrela izan EHBilduko gobernu ezberdinentzat». Izan ere, diote,  EHBildu alderdi politikoak basora sartzeko aukera ematen jarraitu duela «5 urteko haur txikietatik hasi eta, Freestyleko bizikletak dituzten gazteetaraino».

 

Ave Mariako parkeko basorako sarbidea debekatu dute

Amonarraizek jakitera eman du­enez,  urteak dira EAJ-PNV Ave Maria parkeko basoa ixteko eskaera egin zuela. Eta egoera horren aurrean, gaiaren kudeaketaren inguruko hainbat aipamen azpimarratu nahi izan dituzte. «2020an, EAJ-PNV hiruzpalau urtez egon da basoa prebentzioz ixteko eskatzen, eta Eusko Jaurlaritzaren eskakizunetan oinarritutako txosten berri bat egiteko ere eskatu zen: 2008 urtean egin zen txostena. Eta 2008ko txostena egin ondoren, basoa ixteko eskatu dute. Eta azkenean, EHBilduk itxi egin du!», adierazi dute.

Egoeraren aurrean, gogoeta egin dute EAJ-PNVko bozeramaileek: «kutsatu al da hernaniarren bat EHBilduk basoa kutsatuta zegoela zekienean? EhBilduko gobernuko arduradunen batek dimisioa emango du zabarkeria horrengatik? Inoiz ez dugu jakingo inor kutsatu den (EAJ-PNVtik ezetz espero dugu), baina ziur gaude EHBilduk ez duela bere erantzukizun politikoa bere gain hartuko eta ez dituela ingurumenaren kudeaketarekin lotutako arduradun politikoak dimititu araziko».

Amaitzeko, mezu argia helarazi dute alderdiko ordezkariek: «badirudi gehien saltzen duena eta alderdi politiko batzuen kezka bakarra enpresa batzuen ke-isuriak kontrolatzea dela. EAJ-PNVrentzat ingurumena za­intzea eta herritarrak babestea hori baino askoz gehiago da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!