Futbola

Realak eta Hernaniko jokalari batzuk orain 70 urte inauguratu zuten Txantxillako futbol zelaia

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 31a, 00:00

Realekoak bitan banatu ziren, hernaniar birekin, Txantxillako Inaugurazioan, orain 70 urte. Argazkia: KOLDO MITXELENA.

1950garren urteko abuztuaren 27an jokatu zen lehenengo partidua Realeko taldearen jokalariek osatutako bi talderen artean eta bertako zenbait jokalarirekin batera. Zelaia leporaino bete zen.

70 urte bete berri dira Txantxillako futbol zelai zaharra inauguratu zela. 1991-1992 denboraldia martxan zegoenean utzi zuen lehenengo taldeak futbol zelaia erabiltzeaz eta beraz 41 urtetan C.D. Hernaniren etxea izan zen, Zubipera joan aurretik.
Urte haietan, jada abandonatuta zegoen hilerria zaharra, gaur egun Txantxilla auzoan zegoen kokatuta eta herriko koadrilla gazteek lur hauek aprobetxatu zituzten txapelketak antolatzeko benetako futbol zelaia bihurtu aurretik. 
1950eko abuztuaren 27an, igandean, Realeko jokalariz osatutako bi taldeen arteko partida batekin, Hernaniko zenbait jokalarirekin batera, Txantxillako zelaia inauguratu zen.
Garaiko kroniken arabera, zelaia gainezka egon zen eta palkoan Luis Azkue Hernaniko alkatea, Tiburcio Aguirre klubeko presidentea, Federazioko presidentea eta Hernaniko eta Realeko zuzendariak zeuden. 
Urte berean, martxoaren 26an, Hernani Molins Kopako txapeldunordea izan zen Berazubin jokatutako finalean Bergarako Izarraren aurka bina berdindu ondoren.

 

4.000 ikusletik gora
Idatzirik dagoenaren arabera egun guztian zehar Hernaniko kaleak jendez bete ziren, sajoanak izango balira bezala. Realeko jokalariak bi taldetan banatu ziren; batzuk txuridurdinez jantzita eta besteak Hernaniko kolore txuri-berdearekin. Gainera Hernaniko bi jokalari gazte ere aritu ziren eta Aldanza bilbotarra ere bai. Txantxillan 4.000 ikusle sartzen ziren eta dena bete zen. Santa Barbara auzoan, harrobitik, ere jendea geratu zen partidua ikusten. 
Bi taldeak ondorengo jokalariek osatzen zituzten: talde txuri-berdea: Eizaguirre; Murillo, Suárez, Marculeta; Heriz, Peporro; Setién (Cuesta), Santos, Aguilar, Manolín eta Basabe.  Cuesta eta Setien ziren hernaniarrak. Talde txuriurdina: Bagur; Bernal, Patri, Aldonza; Ontoria, Artigas; Epi, Pérez, Caeiro, Igoa eta Casivia (Setien).
Txuriurdinek 3-2 irabazi zuten. Lehenengo zatian Ontoria eta Epi historikoek sartu zituzten golak. Bigarren zatian txuri-berdeek berdindu zuten Aguilar eta Manolinen golekin eta 3 eta 2koa, berriz ere, Epi haundiak lortu zuen. 
Ondoren, San Antonio paradorrean afaldu zuten eta Realeko eta espainiar selekzioko Benito Díaz entrenatzaile mitikoak hitzik ez omen zuen eskaini nahiz eta eskatu. Urte horretan Ignacio Eizaguirre atezaina eta Benito Díaz (Guillermo Eizaguirreren laguntzaile) bera Brasilgo Munduko Kopan egon ziren, laugarren postua lortuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!