Gertaera

Hiru gizon, bat adingabea, atxilotuak arma zuriz egindako erasoagatik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 30a, 00:00

Asteazkenean Garzia Goldarazen egondako erasoaren ondorioz atxilotu dituzte, gizon bat larri zauritu eta gero labankada batekin.

35 eta 42 urteko bi gizonezko eta 17 urteko adingabe bat atxilotu dituzte iragan asteazkenean Hernanin arma zuriz egindako eraso batean parte hartu zutelakoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Joan den asteazkenean, hilak 26, arratsaldeko zortziak inguruan, Hernaniko Garzia Goldaraz kaleko parkean gizonezko bati eraso egin zioten, ostikadak eta ukabilkadak jaso zituen, eta arma zuriz ere zauritu zuten.
Liskarrean bitartekari lanak egiten saiatu zen oinezko batek ebaki bat jaso zuen eskuan, eta ondoren erasotzaileek ihes egin zuten. Lekukoak SOS Deiak 112ra deitu zuen, eta handik gutxira Hernaniko udaltzainak bertaratu ziren. Zauritua Donostia Ospitalera eraman zuen anbulantzia iritsi zen arte, eta hainbat lekuko identifikatu zituzten.
Ertzaintza arduratu zen delitu hori ikertzeaz, eta pasa  den ostiralean ustezko erasotzaileetako hiru atxilotu zituzten, 17 urteko adingabe bat eta 35 eta 42 urteko bi gizon. Ikerketak irekita jarraitzen du eta atxiloketa gehiago egitea ez dute baztertzen, atxilotuak atzo goizean epailearen esku utzi zituzten bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!